Gasteizko Udaletxean bizitzetik hiria erretratatzera

1958ko maiatzaren 8ko argazkia da, eta Frantzia (Calvo Sotelo orduan) eta Bakea kaleen artean dago hartuta. Etengabeko aldaketan zegoen hiria zen orduko Gasteiz, eta horren lekuko izan zen argazkiaren egilea: Santiago Arina. Hirigintza aldaketena ez ezik, hiriaren baitako aldaketa sozialen lekukotza ere utzi zuen, 1956 eta 1978 artean hartutako argazkien bidez. Dokumentalista handia izan zen, eta bere argazkiek erakusten dute hiria nola eraldatu zen, beste garai batean –XVIII. eta XIX. mendeen artean– hainbat idazlek egin moduan –Wilhem von Humboldt, Hans Christian Andersen eta Theophile Gautier esaterako–. Hiriko udal-agiritegietan bere argazkien 20.000 negatibo eta 8.428 positibo daude gordeta, askotariko jazoera eta ekimenak erretratatzen dituztenak. Arina Gasteizko Udaleko langilea izan zen eta hiriarekin harreman estua izan zuen gaztetatik, bere aita udal atezaina izan baitzen, bizitokia udaletxean bertan zutelarik.

