Gaizka Amondarain
Irakaslea

Rokodromoa tunelaren amaieran

Alfonso Alonso bueltan da. Abisatuta zaudete. Ez dakigu geratzeko den edo Madriletik joan-etorrian ibiliko zaigun. Kontuak kontu, esanak esan eta arrautzakadak arrautzakada, gasteiztarra izango da erkidegoko PPko buru berria aurrerantzean. Luze hitz egin genezakeen berari buruz. Nola ahaztu, esaterako, 2006ko txupinazo hartan, Gasteizko gaztetxea botatzearekin tematu zen alkatearen aurpegian behera erortzen zen gorringoaren likitsa, behin eta berriz ikusi eta nekatzen ez zaituen hamar segundoko bideo zirraragarri hori. Edo turistak –milaka egunero gure hirian–, aireportu batean bezala, Artiumetik muinora eramango zituen eskailera mekanikoak eraikitzen hasi zirenean alde zaharrean sortutako zalaparta guztia. Edo berriki albiste izan dugun, eta bere aginduz eraiki zen, Armentiako tunelarena. Gaur-gaurkoz, inora ez doan tunel hori bera, Urtaran alkatearen iniziatibaz rokodromo bihurtuta ikusiko omen duguna hemendik gutxira. Arantza Quiroga andereñoak eta erdiguneko tabernari askok ere izango du zeresanik izendatu berriaren inguruan, baina hori beste baterako utziko dugu tamalez, esan bezala, luze joko bailiguke bestela.

Gure herria birsortzeko, birpentsatzeko, birformulatzeko beharra hainbestetan aipatzen den sasoiotan, Alfonso Alonsorenak baino gehiago poztu nau egia esan tunela rokodromo bihurtzeko proposamenaren berri izateak. Erabiltzen ez den zerbaiti, irudimena baliatuz, funtzio berri bat ematea eskertzeko moduko egitasmoa delako beti. Are gehiago, bizi ditugun garaiotan. Milaka dira adibideak munduan, bestalde. Mende honen hasierako Argentinan, asko izan ziren langileen kooperatibek berreskuratutako lantegiak. Rosario hirian, kasurako, egunero euro baten truke bazkaltzen ematen zuen supermerkatu bat ezagutzeko aukera izan nuen duela hamar bat urte, Alonsoren alkatetza amaitzear zen hartan. Supermerkatu hura, beharrezko lehengaiak saltzeaz gain, hiriko mugimendu sozial askoren topagune ere bazen bere horretan, eta ez ziren gutxi herri ekimenetik bertan antolatzen ziren hitzaldi eta kontzertuak. Bartzelonan ere bat baino gehiago dira herritarrek okupatu eta berriro martxan jarritako zine aretoak. Bizi dugun hirian ere, hain urrutira joan gabe, hamaika dira berreskuratutako espazioak.

Gasteizko Alde Zaharrean, adibidez, gaztetxetik ez oso urruti, bertan behera utzitako frontoi bat biziberritu zen duela zazpi urte. Auzolana izeneko frontoia, geroztik, asanblada batek kudeatzen du eta ehunka dira astero hara jolastera hurbiltzen diren hiritarrak. Auzoko eskolako umeek ere bertan izaten dituzte arratsaldeetako esku pilota eskolak urte guztian zehar, eta dantza talderen bat ere elkartzen da bertan noizean behin entseguetarako. Azkenaldian, hala ere, Errekaleor auzoa izan da guztietan zarata gehien atera duena inguruotan, ehun pertsona baino gehiago baitira Gasteizko Udalak bota nahi duen kanpoaldeko auzora bizitzera joandakoak. Eta hemen ere, gazte eta ez hain gazteek, proiektu andana jarri dituzte martxan azken boladan. Ikusteko dago udal-gobernu berriak auzoaren inguruan zer erabakiko duen. Bitartean, aurreikuspenen kontra, auzoak bizirik jarraitzen du. Birziklatzea, gobernuak gobernu eta errauskailuak errauskailu, modan baitago gurean agidanez. Eta modan egotea, noski, aprobetxatu beharra dago.

Zuetako askori ere pasako zitzaizuen burutik dagoeneko; zenbat rokodromo egin ote daitezkeen, inoiz martxan jartzen bada inora eramango ez gaituen, abiadura handiko beste tren horrentzat zulatutako tunel horietan guztietan. Zenbat kilometro bidegorri ez ote dugun izango etorkizunean, petrolioa bukatzen denean, hiritik hirira bizikletaz joan ahal izateko. Birpentsatzen hasita, behar dugun guztia eskura daukagulako. Tunelaren amaieran rokodromoa irudikatzea bezain erraza da. •