«Vieja luna de Bilbao»
Zenbat poztu nintzen orain bi aste gaztelerazko saiakera saileko Euskadi saria Joseba Zulaikaren “Vieja luna de Bilbao” lanari eman ziotela jakitean, sariek, beren akats eta guzti, balio izaten baitute batzuetan aitorpenak egiteko. Poztu nintzen, noski, euskarazkoa Joxe Azurmendiri eman ziotelako, baina Joxe babestuago sumatzen dut, eraikitzen ari diren diskurtso abertzale berriek bere lana kontuan hartzen dutelako. Zulaikak, aldiz, bakarrik jarraitzen du, bere buruarekin edo bere baitako mamuekin borrokan, bere burua zigortzen ere bai tarteka, Oteizaren seme edo Unamunoren oinordeko.
Bere tesia (“Violencia vasca: metafora y sacramento”) jaioterrian, Itziarren, kokatu zuen eta herriko bi seme, Carlos eta Martin, aukeratu zituen, ezker abertzaleko lider natural bat eta sistemarekin kolaboratzen zuen herritar bat, bien arteko gudu moduko bat antzeztuz indarkeriaren espirala ikertzeko. Antropologia lana da, noski, baina irakurtzen ari dena greziar tragedia baten aurrean senti daiteke edo opera ikusgarri baten barruan, Zulaikaren gaitasuna irakurlea gaiaren muineraino eramatea baita.
“Bertsolaritza, jokoa eta jolasa” idatzi zuen ondoren, teoria edo intuizio bat hartu eta distira ikusgarriak atereaz. “Bertsolari” aldizkariak liburua berrargitaratu zuenean, bere aitari buruzko testu eder bat erantsi zion, guztiz literarioa, Zulaikak antropologia egiten duenean literatura ere egiten baitu, bere baitan inoiz erabat kanporatu ez duen nobelagile bat balu bezala.
Ondoren etorri zen Guggenheim museoari buruzko bere diatriba (“Guggenheim, crónica de una seducción”), begiak zabaldu zizkiguna. Baina Frank Gheryren diseinua ikusi eta liluratuta geratu zen, eta azkar ikusi zuen museo berria berak hainbat maite zuen Bilboren eraberritzean pieza garrantzitsua izango zela. Ez naiz harritzen lilura horrekin, Zulaikak, bere amerikar adiskide batek bezalaxe, New Yorkeko metroko aireak Marylini harrotzen dion gona plisatuaren forma hartu baitzion eraikinaren diseinuari.
“ETAren hautsa” atera zuen su-etenaren ondoren eta beste zenbait lanen buruan “Vieja luna de Bilbao” utzi zigun iaz, belaunaldi baten kronika, ETAren sorrerako lekukotza, hiriaren eraldaketaren interpretazioa eta bere obsesioen bilduma den obra erdi literarioa, tarteka beste behin ere bere biografiako hainbat lerro dituena.
Eta pasadizo bat bukatzeko. Zulaikak pasio izugarriz maite ditu bere maisu kutunak ere, horien artean Alain Badiou, pentsalari marxista berritzailea. Artean oso gaztea zela irakasle izan genuen Parisen. Esan nion behin Josebari eta adarra jotzen ari nintzaiola pentsatzen zuen, eta kontatu zidan behin etxean haren lan bat irakurriz Badiou gora eta Badiou behera matraka ematen zebilela, Goretik, emazteak, nazka-nazka eginda esan ziola: «hainbeste maite baduk Badiou hori, joan hadi Parisera eta ezkondu hadi berarekin». •


