Ander Gortazar Balerdi - @derzu_uzala
Arkitektoa

Bitartean zer egin

Krisi ekonomikoaren ondorioen artean bada bat oso modu begi bistakoan azaleratzen dena gure herri eta hirietako kaleetan. Espazio hutsak dira, berpizte baten esperoan utzikeriak hartutako orubeak, eraikinak, etxebizitzak, lokalak, espazio publikoa.

Ideia eta ekimen askotarikoak aurrera eramateko leku falta izatea, eta, aldi berean, milaka espazio abandonatu izatea, paradoxa baino, zentzurik ez duen egoera bat da. Gertatu egiten da, ordea, eta epe motzeko irtenbiderik ez duen hirigintza-arazo bihurtzen da: hiri ingurunea degradatu egiten da, eta konfort bisualak eta segurtasun pertzepzioak behera egiten dute.

Bitartean zer egin, izan liteke galdera. Behin betiko irtenbideak bazterturik, behin behinekoak sustatzea da Meanwhile Urbanism (Bitarteko Hirigintza) kontzeptuaren helburua. Izena Marcus Westburyk jarri zion Newcastle hiriko ekimen baten harira, baina sinonimoak ugari ditu: moldagarria, taktikoa, aldi baterakoa... adjektibo ezberdinak baina ideia bera, hots, azpierabiliak dauden tokietan aldi baterako funtzio berriak garatu ahal izatea, auzoen bizitza dinamizatu eta ekarpenak egite aldera. Bitarte horren kudeaketa bihurtzen da orduan gakoa, hardware esku hartzeak alboratu eta software esku hartzeak lehenestea, alegia.

Ordenagailuen zati fisiko eta ukigarriei esaten zaie hardware, haren osagai elektriko eta mekanikoei, izan sagu, teklatu, disko gogor ala monitore. Hirigintza mailan, hardware esku hartzeak azpiegituren eraikuntzan oinarritutakoak lirateke, administrazioaren edo sustatzaile pribatu baten hirigintza-proiektu fisiko batean oinarritzen direnak.

Softwarea, aldiz, ordenagailuaren atal logikoa da, agindu sorta bat, ukigarria ez den inteligentzia. Hirigintzan, beraz, software esku hartzeak kudeaketa lehenesten du; espazio fisikoa herritarren inteligentzia kolektiboa aktibatzearen ondorio izango da, ez aurrebaldintza bat.

Krisiak “bitartearen” kontzeptua boladan jarri baldin badu ere, ideia ez da berria. Gaztetxeek, esaterako, espazio azpierabiliak berpiztu eta aktibatu dituzte hamarkadaz hamarkada. Bilboko Zorrotzaurreko ZAWP guneak bitarte hori baliatzen jakin du hirigintza-plan zurrunago bat martxan jarri bitartean; erronka, akaso, planaren amaierako diseinuan eragitea. Donostian,  Egia auzoko “espazioak aktibatzeko protokoloa” prestatu du Paisaje Transversal bulegoak Tabakaleraren Transitoak ekimenaren baitan eta bizilagunen parte hartzearekin.

Munduan zehar gauza ohikoa dena egunerokotasun administratiboan txertatzea falta da, ordea. Ekimen herritarrak araugintzaren aurretik doaz maiz, eta administrazio publikoak zailtasunak ditu politika horiek ahalbideratzeko. Alde batetik, arauek aurreikusi ez zituzten egoerak ebatzi behar dituelako egungo marko juridikoak. Bestetik, administrazio publikoak prozesuen tutelatzaile moduan ulertzen duelako maiz bere burua, goitik behera, eta, ondorioz, kosta egiten zaio erlazioetan oinarritutako behetik gorako kudeaketa batera ohitzea. Zerbait eskatzekotan, beraz, izan daitezen “bitartekari”, euskaraz hitz jokoa alde dugu-eta. •