Erreprodukzio-Produkzio
Mendeetan zehar emakumeen funtsezko eginkizuna amatasuna zela esan ziguten, genuen betebehar nagusia ugalketa izanik gure izatearen arrazoi bakarra hori zela entzun behar izan genuen. Erreprodukzio gaitasunik gabe emakumearen papera ez zen nahitaezkoa. 1632an argitaratutako Lope de Vegaren “La Dorotea” lanean bitartekari lanak egiten zituen Gerardaren pertsonaiak galdera hori egiten zion bere buruari; zahartzaroarekin, hilerokoa galtzen dugunean eta berarekin umeak izateko daukagun gaitasuna, ze zentzu dauka gure izateak?
Eredu kristauaren arabera emakumeon papera, senarraren esanetara egoteaz gain, seme-alabak ongi heztea zen, fededun zintzoak sortzea. Paper hori ongi betez gero, emakumeok eta gizonezkoek bakoitzak euren rol mugen barruan mantenduz gero, gizarteak aurrera eginen zuen. Patriarkatuaren diskurtsoaren arabera jaioak izan ginenean jasotako zigilua bailitzan, maitatzeko eta zaintzeko ahalmenaren pribilegioa genuen. Eta, propaganda kanpaina onenetan bezala, garrantzitsuak sentiarazi gintuzten. Bake soziala gure eskuetan genuen. Arduraren harrotasunari esker gure zama pozik jasaten genuen.
Gizonezkoek bezalakoak izan nahi duzue?
Gutxika emakumearen askapenerako borrokari esker zerbait gehiago ginela ohartu ginen. Ama izatea aukera bat zen, norberak aukeratu zezakeen bidea, eta gure identitateak ñabardurak eskuratu zituen. Orduan kapitalismoak beste nahitaezko eginkizun bat oparitu zigun; produkzioaren zentzua eman zitzaigun emakumeoi. «Gizonezkoak bezalakoak izan nahi duzue? Produzitu!». Eta horrela merkataritza mundura sartuz gero gure askapena lortuko genuela esan zitzaigun. Berriro ere propaganda kanpaina onenetan bezala, erabakitzeko gaitasuna genuela sentiarazi ziguten.
Gaur, produkzio-erreprodukzio dikotomiak bahituta gaude. Emakumeok egiten dugun erreprodukzio lanari eta soldatarik gabe egiten dugun zaintza lanari esker sistemak aurrera egiten du.
Orain, emakumeok bi izateko arrazoi ditugun moduan, bi lan ere baditugu: etxetik kanpo egiten duguna eta etxe barruan egiten duguna. Bata gure askapenerako ona omen da, bestea edozein emakumek sentitzen duen familiarekiko maitasun naturalagatik egiten dugu.
Etxetik kanpo lan egiten ez duen emakumea, ume eta etxearen zaintzari lehentasuna emanez, sistema patriarkalaren biktima da. Amatasunari uko egiten diona, berriz, bihozgabeko emakumea da, desnaturalizatu hutsa. Ongi izorratu gaituzte! Ongi saldu digute askatasunaren eta maitasunaren kontua!
Patriarkatua eta kapitalismoa
Silvia Federici idazle eta aktibista feministarekin bat nator, berdintasunaren aldeko borrokak ezin gaitu itsutu. Helburua baldin bada gizonezkoak lan merkatuan jasaten duten esplotazio berdina jasotzea, nik berdintasun horri uko egiten diot. Patriarkatuaren diskurtsoa mendeetan zehar eraginkorra izan den bezala, orain kapitalismoaren azpijokoak iruzur egin digu; burujabetzaren gakoa lan merkatuan dagoela sinistarazi digu. Patriarkatua eta kapitalismoa eskutik datoz, diskurtsoa hobetu dute, eraginkorragoa da, agian ez horren zuzena, eta, guk, jakin gabe, erosi egin dugu. Gure askapena lortu nahi badugu, erreproduzitu-produzitu dikotomia gainditu nahi badugu, gure borroka langileen borroka berdina dela ulertu behar dugu. •

