Koldo Sagasti

...eta gaseztatu egin dute

Gas the arabs” (Arabiarrak gaseztatu) zioen etxe atarian kolonoek egindako pintaketak. Hashem Azzeh, hala ere, ez zen kikiltzen diren horietakoa, eta probokazio puntu batez erakusten zien bisitariei grafitia, egileen begirada mehatxarien aurrean. Medikua zen, UNRWA agentziarako egiten zuen lan, harik eta Osloko Akordioek ezarritako banaketaren ostean bere familiaren etxea kolonoen eremu barruan geratu zen arte, Tel Romeida auzoan, Al Khalilen (Hebron).

Orduan, New Yorkeko Brooklyn auzoko fanatiko talde batek bere bizitokia inguratu eta lurra lapurtu zion. Baina berak ez zuen amore eman eta amaren etxeari eutsi zion. Etxe barruko atxilotze agindua ezarri zioten, eta, ondorioz, lana galdu zuen. Geroztik, Nasreen emazteak egin eta saltzen zituen margolanak bilakatu ziren familiaren diru iturri bakarra.

Hashemek, bitartean, auzora iristen ziren nazioarteko brigadista eta bidaiari solidarioentzat gidari lanak egiten zituen. Inork baino hobeto erakusten zien bisitariei kolono fundamentalisten mehatxupean bizitzea zer den: bere lau seme-alabek egunero eskolara joan ahal izateko nola pairatzen zituzten sionisten erasoak, geratzen zitzaion olibondo bakarraren uzta jaso ahal izateko nola saihestu behar zituen auzokoen harrikadak... Azzeh familiak pairatzen zuen jazarpena etengabekoa zen. Nasreeni bitan eragin zioten abortua auzokoek, gauez etxean sartu eta haurra galtzerainoko jipoia emanez, Hashemi ere hortzeria osoa apurtu zioten gaueko oldarraldi horietako batean... Baina, hala eta guztiz ere, Azzehtarrek arbasoen bizitokiari eusten zioten. Etxe horretan bertan hartu ninduen azkenaldian halaxe esan zidan Hashemek: «Ez naute sekula hemendik ateraraziko».

Urriaren 21ean, manifestazio batean Israelgo Armadak jaurtitako gas negar-eragilearen ondorioz hil zen Hashem. Kolonoek halaxe iragarri zioten atari aurrean egindako pintaketan: “Gas the arabs” ...eta azkenean gaseztatu egin dute. Agur eta ohore, Hashem! •