«Ikasle gorren zailtasunei buruz dagoen ezjakintasuna gainditu behar da»
Gradu amaierako lan batean, EHUko ikasle gorrek dituzten beharrei erantzun egokia emateko sentsibilizazio premia nabarmendu du Elene Sorazuk.

Argi dago urrats asko egiteke daudela desgaitasunen bat duten pertsonen aukera berdintasuna bermatzeko. Sarritan begi bistan dauden mugikortasun arazoez ohartzen gara, baina entzumen arazoak dituzten lagunek zer-nolako zailtasunak aurkitzen dituzte? Gizarte Hezkuntzan EHUn graduatu berri den Elene Sorazuk pertsona gorren unibertsitateko ikasketa prozesua aztertu du gradu amaierako lan batean. Bere esperientzia propiotik abiatuta, geletan arazoak aurkitzen dituztenekin hitz egin du, eta, dioenez, ondorioztatu du berebiziko garrantzia duela irakasleak sentsibilizatzea eta ikasleak motibatzea. Hiru campusetako hamahiru pertsona gor, ikasle gorrekin lan egiten duten hemezortzi irakasle eta Desgaitasunak Dituzten Pertsonentzako Zerbitzuko teknikaria elkarrizketatu ditu. Ikasleen arabera, irakasleak askotan ahazten dira euren errealitateaz, «izan ere, eztabaidetan guztiek batera hitz egiten dutenean, zarata handiegia dagoenean edo azalpenak ondo heltzen ez direnean, pertsona gorrari bizkarra ematen ari dira».
Planteatzen duenez, ezagutza eza ere arazo nabarmena da; ikasle gorren kolektiboa oso anitza da eta kasu bakoitza ezberdina da, pertsona bakoitzak beharrizan ezberdinak dituelarik. Horregatik, ikasgeletako irakaste eta ikasketa jarduerak hobetzeko sentsibilizazio kanpaina bat proposatzen du, baita ikasle gorren eta irakasleen arteko lan komuna eta lan horren jarraipena. Aintzat hartu beharreko funtsezko sei gako aipatzen ditu: «kontzientzia, partaidetza eta lankidetza, konpromisoa eta irisgarritasuna, inklusioa, enpatia eta elkarren arteko babesa».
Zerk bultzatu zintuen lan hau egitera?
Ikasle gor gisa izan nuen esperientziak bultzatu ninduen lana burutzera. Unibertsitatean, karreran zehar (Gizarte hezkuntza) lehenengo eskutik bizi izan dut egungo egoera, eta entzumen desgaitasuna duten beste pertsona batzuk ere bat datoz gure ikaste prozesuan arreta egokitua eta metodologia egokiaren beharra aipatzerakoan. Desgaitasunak Dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak irakasleei baliabideak eta tresnak eskaintzen badizkie ere, kontu batzuk hobetu litezkeela uste dut. Horregatik, garrantzitsutzat jotzen dut unibertsitatean ikasten duten pertsona gorrei ematen zaien erantzuna egokitzearen aldeko sentsibilizazio lana egitea, inklusioa eta aukera berdintasuna erraztuz.
Diozunez, irakasle eta ikasle gorren arteko harremanak errazteko oztopo nagusietako bat ziurtasun falta da. Zertan islatzen da?
Irakasleen zein ikasleen aldetik nagusi den ziurgabetasunaz ari naiz, desgaitasunaren inguruan irakasleek duten ezjakintasuna nabaria baita. Irakasleak pertsona gor bat gelan izateak zehatz-mehatz zer suposatzen duen ez dakienez, ez daki egoeraren aurrean egoki jokatzen. Pertsona gor asko egoera horrekin frustratu egiten dira. Irakasleek sarri ez dakite egoerari irtenbidea nola eman edota, ikasleekin arazoa zuzentzeko hitz egin ondoren, egoera errepikatu egiten da. Orduan, ziurgabetasuna sortzen da, ezjakintasuna. Entzumen desgaitasuna duten guztiak ez dira berdinak, talde anitza da, eta, beraz, irakasleak pertsona jakinetara egokitu behar dira dituzten beharrizanen arabera.
Zer-nolako egoerak eman daitezke gelatan ziurgabetasun horren ondorioz?
Ziurgabetasun egoera horren ondorioz, irakasleak jarraitu beharreko jarraibideez ahazten dira eta ikasle gorrek ezin dituzte eskolak egoki jarraitu. Jarraibide horiek Desgaitasunak Dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak eskaintzen dituen txosten psikopedagogikoetan agertzen dira, pertsona gorraren egoeraren inguruko beharrezko informazioarekin. Eskolak ematen dituzten irakasle guztiek ezagutzen dituzten jarraibideak, baina ez dira beti betetzen.
Irakasleen eta entzumen desgaitasuna duten ikasleen arteko lan komuna planteatzen duzu, horren barruan eskolen jarraipena ere proposatuz. Zure ustez zelan antolatu beharko litzateke komunikazio hori?
Nire ustez, bientzako onuragarriena batzarrak egitea da, hau da, ikasle gorrek zuzenean azaltzea irakasleei dituzten beharrizanak, beraien egoera, duten desgaitasuna, ikaste prozesua errazteko behar dituzten jarraibideak... Bi aldeek nola jokatu adostu behar dute, irakasleak ikaslearekin konpromisoa har dezan materiala aldez aurretik errazteko orduan, ikus-entzunezko material ulergarria emateko... Betidanik esan denez, pertsona bakoitza mundu bat da, eta, horregatik, bere osotasunean ezagutu behar da, ahalik eta erantzun egokiena erraztearren.

Mahai gainean ipintzen duzun beste gai bat entzumen desgaitasunak dituzten pertsonen kolektiboaren aniztasuna da. Diozunez, kontuan hartu behar da kasu batzuetan desgaitasuna arina izan daitekeela, baina badaudela kasu larriagoak ere, ikusmena eta entzumena pixkanaka galtzea eragiten duen Usher-Hallgren sindromea duten ikasleen egoera adibidez. Badago kasu ezberdin horien inguruko daturik?
Ez dut datu estatistikorik eta nik dakidala ez da sindrome horren gaineko azterketarik, ezta pairatzen duten ikasle kopuruari dagokionez ere. Badakit entzumen desgaitasuna duten 24 ikasle daudela guztira EHUn 2015-16 ikasturte honetan.
Nola deskribatuko zenuke egun unibertsitatean ikasten duen ikasle gor baten egoera?
Kontuan hartu behar da kolektiboaren aniztasuna. Hau da, ikasle bakoitzak berezko beharrizanak ditu. Horregatik, egoera oso ezberdina izan daiteke inplante koklear bat daukan pertsona gor baten kasua, irakaslearen arreta behar duelako eta FM frekuentzia erabil dezakeelako, eta zeinu hizkuntzako interpretea behar duen beste pertsona gor batena. Ikasle gorrarengan eragina duten irakaslearekin lotutako egoerak askotarikoak dira: irakaslearen jokabidea bera jarraibideak betetzen ez baditu, azkar hitz egitea, bizkarra ematea, metodologia desegokia erabiltzea, txandak errespetatzen ez dituzten eztabaidak onartzea, beharrezko izan daitezkeen egokitzapenak kontuan ez hartzea, transkripziorik eta azpititulurik gabeko ikus-entzunezko materialak erabiltzea, azken uneko ezustekoak izatea, ahozko irakurketak...
Behin baino gehiagotan, ikasle gorrek eskolak jarraitzeko arazoei aurre egin behar izaten diete, txandak errespetatzen ez direlako eta interpreteak ezin duelako bere lana zuzen egin, ikaskide guztiek aldi berean hitz egiten dutelako eta irakaslea ez delako egoeraz ohartzen... Ondorioz, ikasle gorrek informazioa galtzen dute, ezin dute ez eztabaidetan parte hartu ezta beren iritzia eman ere... Horrek guztiak frustrazioa eragiten du. Ohikoa den beste zailtasun bat ikus-entzunezko materialen “erabilgarritasuna” da, bideo gehienak azpititulurik gabeak baitira.
Planteatzen duzu irakasleak askotan ahazten duela ikasle guztiek ez dituztela erraztasun berberak eskolak jarraitzeko. Zer egin dezakete? Badago gutxieneko formaziorik ahoskatzerako orduan edota bestelako jarraibideetan?
Irakasleek inplikazio handiagoa izan behar dute, ikasle gorrak hurbilago senti daitezen, eskoletan integratuago. Hobetze aldera, irakasleek ikasle gorren jarraipena egin behar dute, eta alderantziz. Era horretara, biek hobeto lan egingo lukete, alde bien arteko laguntza emango litzateke, bientzako mesedegarria izango litzatekeena.
Irakasleen lana hobetu egingo da ikaslearen desgaitasunari buruzko ezagupen handiagoa izan eta beharrizanei erantzuteko zerbitzuarekin kontaktu handiagoa mantentzen duen heinean. Praktika onen gaineko formazioaren bidez irakasleak izango dituen beharrei erantzuteko ezagutza lor dezake. Irakasleek trebatzeko aukerak baliatu behar dituzte. Zerbitzuak, dagoeneko, kasu bakoitzari dagokion txosten psikopedagogikoa helarazten dio irakasleari, desgaitasuna duen pertsonaren gaineko informazioarekin, dituen beharrak eta ikaste prozesua errazteko jarraibideak adibidez. Gainera, kontuan hartu behar da kolektiboaren aniztasuna eta pertsona bakoitzak berezko beharrizanak dituela. Irakasleak, beraz, desgaitasuna eta beharrizanak ulertu eta ezagutu behar ditu jarraian pertsona bakoitzaren egoerara egokitzeko.
Hasierako urrats modura, badago irakasleek jarrai dezaketen eredurik edo arau sinplerik eskolak errazteari begira?
Unibertsitatean ez dago uneotan eskola berezirik, baina, esan bezala, Desgaitasunak Dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak eskaintzen dituen egokitzapenak izan badaude, behin desgaitasuna duen ikasleak matrikula egin eta dituen beharrizanen araberako eskaera egiten duenean abian jartzen direnak.
Unibertsitatetik kanpo, ezagutzen duzu ere zein den eskoletako egoera. Nola moldatzen dira maisu-maistrak ikasle gorrekin?
Gipuzkoan, adibidez, Aransgi elkartea dago, Gipuzkoako pertsona gorren familiak biltzen dituena, eta, bertan, pertsona gorrei erantzun egokia emateko beharrezko zerbitzuak lantzen egiten dute lan. Hezkuntza arloan, hezkuntza bereziko profesionalak dituzte, logopedak. Azkenaldian izandako lege aldaketek ez dakit zer puntutaraino eragina izan duten arlo honetan, hobekuntzarik izan den edota metodologian aldaketarik egon den. Baina, Gipuzkoan adibidez, badakit gorrak diren ikasleentzako berezko ikasgelak badaudela, laguntza pertsonalizatua eskainiz egokitzapen kurrikularrekin.
Aipatzen duzu sentsibilizazio kanpaina batek lagun lezakeela harremanetan dauden hezi batzuk botatzen. Zure ustez, mezua nondik joan beharko litzateke?
Batez ere irakasleei eta ikasleei zuzendutako kanpaina izan beharko litzateke, ikasle gorrek bizi duten egoeraren gaineko kontzientzia har dezaten. Azken batean, gorren ikaste prozesua erraz lezakeen aukera berdintasuna lortzea litzateke helburua, eta ikasle gorren eta irakasleen arteko harremanak zein ikasleen artekoa hobetzea.
Zein da EHUko Desgaitasuna Duten Pertsonentzako Arreta Zerbitzuaren papera?
Desgaitasuna Duten Pertsonentzako Zerbitzuak ikasle horientzat bitartekoak eta baliabideak eskaintzearen ardura du. Aukera berdintasuna bermatzea du helburu. Nire kasuan, laguntza eta konfiantza eman dit hasieratik, baina gertatzen dena da ez dela beti nahikoa izaten. Ikaste prozesuan pertsona gorrek dituzten beharren erantzunean ikasleek duten papera erabakigarria da, izan ere, lehen aipatu bezala, ikasleek sarritan ez dituzte jarraibide guztiak betetzen; ahaztu egiten zaizkie ohitura faltagatik, ez dute gorra izatea zer den ezagutzen...
Entzumen desgaitasuna duten pertsonei dagokionez, nola inplika daitezke beraien egoera ezagutzera emateko?
Pertsona gorrak ere inplikatu egin behar dira beraien egoera gizarteari eta irakasleei, bereziki, ezagutzera emateko. Ikasle aktiboak izan behar dira euren egoera azaltzeko eta beharrezko egokitzapenak eskatzeko. Ikaslearen ekarpena funtsezkoa da irakaslea egoera hobetzeko gai ez bada. Era berean, parte hartu behar du sentsibilizazio ekitaldietan, hitzaldietan, informazioaren dibulgazioan, bideoetan... Bizi duen egoera azaldu behar du. Gure errealitatearen berri ematen badugu, laguntza gehiago jasoko dugu. Ikasle eta irakasleen arteko lankidetza izan behar da, irakasleari zelan jokatu azaltzeko, irakasleak lagun gaitzan eskolak hobeto jarraitzeko baliabideak eskainiz... Oinarrizko printzipioak errespetua eta elkarren arteko laguntza dira, gainontzeko ikasleekin aukera berdintasunean izatea lortzea xede.
Lan arlo honek jarraipenik izango al du zure ikerketa jardueran?
Gradu amaierako lan hau hainbat komunikabidetan zabaldu da. Beraz, izan duen oihartzuna kontuan hartuta eta Desgaitasuna Duten Pertsonentzako Arreta Zerbitzuarekin eta Euskal Gorrak elkartearekin lan egiteko aukera izanik, ikasle gorrak matrikulatuta dauden zenbait fakultatetan sentsibilizazio saioak izango dira. Master bukaerako lanean programa hau gauzatzeko eta horren ebaluazioa egiteko asmoa daukat.

