«Oso pozik nago»
Esaldi horixe behin eta berriz errepikatzen duen emakume zoragarri bat ezagutu nuen duela urtebete. «Oso pozik nago» errepikatzen du behin eta berriz, hitzekin, irribarrearekin eta begiradarekin. Behin onartu zigun txorotzat hartu izan dutela hori askotan esaten duelako eta ez nuen ulertu zer esan nahi zuen.
Ia urtebeteren bueltan neronek sentitzen dut oso pozik nagoela. Indartsu, irribarretsu, distiratsu sumatzen dut nire burua. Arraroa egiten zait neure burua horrela ikustea, baina ez dut ukatuko oso gustuko dudala sentimendu hau. Eta orain ulertzen dut jendeak txorotzat hartzearen kontzeptua. «Zer moduz zaude?» galderari «oso pozik nago!» erantzuteak harridura sortzen du. Badirudi ezin dela ozen esan edo beti espero dugula ondokoa gu baino okerrago egotea. Horrela gure buruari esango diogu ez gaudela hain gaizki. Iruditzen zait ez gaudela ohituta bestearen poztasunarekin bat egiten eta horregatik sortzen dela harridura «oso pozik nago» esatean zergatia arrazoitzen ez dakizunean.
Inoiz baino barre algara gehiago egiten ari naiz. Irri errazekoa naiz berez eta ez dut askorik behar izaten barrez lehertzen hasteko. Ni naiz lehena nire buruari barre egiten eta eginarazten.
Egunerokoa umoretsu hartu eta datorrena datorrela saiatu irribarre egiten. Barre egitea osasuna omen da eta onura asko omen ditu. Ez naiz ni zientzialariek eta medikuek esaten dutenaren kontra hasiko. Ikerketa asko egin dituzte horri buruz. Ez dakizkit zehatz-mehatz zeintzuk diren onurak, baina niri barre egiteak pozik egoten laguntzen dit. Eta pozik egoteak barre egiten laguntzen dit. Egun txarrak, momentu txarrak, badaude, noski, baina oso pozik bazaude ez dira hainbeste izaten.
Irri egiteak ateak irekitzen ditu eta irribarre batek gehienetan du bueltan beste irri bat. Oso pozik zaudela sumatzen baduzu esan beldurrik gabe, ez lotsatu. Galdetu dizunak ulertzen ez badu ez baita zure arazoa. Eta garrantzitsuena, onar iezaiozu zure buruari oso pozik egoteko eskubidea. •

