Ramon Sola

Euskal presoen senideak etxera

Sakabanaketa da euskal preso politikoen arazo nabarmenena. Eta, hala ere, presoekin horretaz mintzo delarik, nork ez du honako esaldi hau entzun? «Zeru puska berdina ikusten da Basaurin eta Puerton (edo Zaballan eta Fresnesen, edo Zueran eta Algecirasen...)». Ez da metafora, errealitatea baizik. Sakabanaketa presoen arazo nagusia da, noski, baina beren senide eta lagunen astero-asteroko buruhaustea den neurrian. Nork ez du entzun honako hau ere? «Hurrengoan ez etorri bisitan, eguraldi txarra dator-eta», edo, «ondo nago, ez hartu lanik eta asteburua aprobetxatu!». Nolabait ohitu eta garrantzi berezirik ematen ez diogun arren, haur batzuek, bai eta gazte batzuek ere, ez dute sekula ehunka kilometro ibili gabe aita edo ama ikusteko aukerarik izan, eta, horrelakoetan ere, gehienetan, 40 minutu eskas. Kontrakoa ere gertatzen da; badira preso den amarekin bizitza osoa barruan eman dutelako Picassent edo Aranjuez bizitokitzat hartzen duten ume txikiak, egiazko jatorria hortik urrun, Euskal Herrian, dutela sumatu ere egin gabe. Eta badira ere, etxetik ehunka kilometrotara egoteagatik semea edo alaba besarkatzerik, laztantzerik, ikusterik, begiratzerik ez duten adineko aita-amak, azken urteak ezintasun horretan itota bizi dituztenak.

Sakabanaketa beren larruan garestien ordaintzen dutenak presoen gertueneko senideak dira, beraz. Garai batean familiaren samina presoaren aurka erabiltzea zen helburu, xantai emozionala munduko trikimailu zaharrena da-eta. Orain ez dirudi Estatuak presio hori hainbeste behar duenik, baina sakabanaketarekin tinko segitzen du, beste xede batekin: mendekua. Presoekiko mendekua, bai eta presoen senideekiko mendekua ere. Senideak eurak etsai bihurtu dituztela adierazteko, ez da Zaballara ekartzeko presoek jarritako helegiteei Auzitegi Nazionalak emandako epaia baino gauza argiagorik: «Batzuetan, presoarentzat lagun eta senideen gertuko espetxe batean egotea komenigarri ez izatea gerta daiteke, are gehiago horiek ETArekin nolabaiteko harremana badute edo izan badute, presoaren bergizarteratzea ekidin dezakeelako». Aipamen zinikoa? Dudarik ez. Logikoa? Baita ere. Egiten dutenarekin maltzurki koherentea.

Senideak jopuntuan dituzte sakabanaketaren defendatzaileek, gero eta gehiago; izan ere, senideei beldur diete. Beren biktima nagusiak direla, eta, neurri berean, beren basakeriaren adierazle garbienak ere badirela ohartu dira. Estatuak sumatzen du beren apaltasunean senideak oso-oso arriskutsuak direla, badaki bere indarkeriarekin amaitzeko gaitasun ikaragarria dutela. Ez da hain garbi antzematen, ordea, senideak eta beren antolakundeak ahalmen handi horren kontziente direnik. Gauzak okerrago izaten ziren duela ez urte asko, egia; kazetari lanarentzako zinez etsigarria izan da denbora luzez senideen eguneroko sufrikarioaren berri zabaldu nahi izatea eta ezin izatea, oker ulertutako izpiritu kolektibo bat nagusitzen zelako: «niri ez zait ezer berezirik gertatzen», «guztiona salatu behar da, ez soilik bakar batena»...

Presoak etxera ekartzeko borroka luzea krisialditxoan da, barne eztabaida zabaldu da behintzat, emaitza falta dela-eta. “Amnistia” kontzeptuaren berpizte saiakerak ere ekarri ditu horrek; hitz dirdiratsua, jakina, sustrai sakonekoa, ahoskatzeko errazena eta aurrera eramateko zailena, agertokia edozein delarik ere. Presoen eskubideak lehenestea da beste aukera bat; egingarriagoa, bidezkoagoa, legezkoagoa eta indarrak biltzeko hobea, baina hau ere oraindik Estatutik erraz samar baztertzen dena; hor dago Auzitegi Nazionalaren ostikoa eta hor dago ere blokeoa luzatzeko arriskua, PPk (soilik edo Ciudadanosen eskutik helduta) Moncloan segitzen badu, azken asteotan ematen duenez. Eta bada, azkenik, hirugarren bide bat –ez ordea hirugarren mailakoa, elefantea mugitzen hasteko aukerei dagokienez lehentsua baizik–, beste biak baino gutxiago jorratu dena. Biktima handienak beraiek direlako eta Estatua haien aurrean bereziki ahula delako, euskal presoen senideak etxera. •