Gorka Elejabarrieta

Flandriar lehoia lo?

Azken hilabeteetan Eskoziako eta Kataluniako prozesuak izan ditut bereziki hizpide, Euskal Herriko abertzaleok horietan baititugu jarriak gure begirada eta esperantzak. Bizi-bizi aurrera diraute biek; Eskozian urrun zirudien bigarren erreferenduma egiteko aukera gero eta hurbilago ikusten da. Kontserbadore britainiarren ekinbideak, batetik, eta Europar Batasunaren inguruko balizko erreferendumak, bestetik, bigarren galdeketa baterako ateak parez pare ireki ditzakete. Tartean da David Cameronek agindutako Estatuaren erreforma –Irlandako iparraldearen, Eskoziaren eta Galesen autonomiak berrikusiko lituzkeena–, prozesu horretan, zalantzarik gabe, eragina izango duen gertakaria. Katalunian independentistek euren estrategiarekin aurrera jarraitzen dute, hasitako bideak jendartearen babes politiko eta sozial zabala duela jakitun. Espainiar agintarien interbentzio ez demokratiko bakoitzak katalan independentisten tesia indartzen du. Datozen aste eta hilabeteak erabakigarriak izango dira, eta adi jarraitu beharko digu gertaerak.

Gaurkoan, baina, isilean baina aurrera jarraitzen duen Europako estaturik gabeko beste herri baten egoera aztertu nahi nuen. Flandria komunikabideetatik desagertu da, eta askok pentsatuko dute isiltasun hori independentzia prozesuaren balizko baretasun bati lotua egon daitekeela. N-VA alderdi flandriar independentista alderdi bozkatuena izan zen 2010 eta 2014ko belgikar hauteskunde federaletan; botoen %17 eskuratu zuen lehenengoan, eta %20 bigarrenean. (Argipen txiki bat, kopuru hauek txikiak diruditen arren, kontuan hartu behar da Belgikako sistema politiko elektoralaren arabera alderdi flandriarrak Flandrian bakarrik izan daitezkeela bozkatuak, eta ez herrialde osoan).

2010 eta 2014ko hauteskunde kanpainetan N-VAren aldarrikapen nagusia belgikar Estatuaren erreforma izan zen; federala den belgikar Estatua konfederala bihurtzea aldarrikatzen zuten. N-VA alderdi independentistaren bide orrian hori litzateke Flandriaren independentzia lortu aurreko azkeneko pausoa. Oposizio urteetan (2010-2014) ideia eta bide horretan zentratu ziren N-VAko ordezkariak eta, ondorioz, 2014ko hauteskundeetan gora egin zuten berriz ere. Aipatu hauteskundeen ostean N-VA Belgikako Gobernuko kide nagusia da, eta berarekin batera independentzia helburu ez duten alderdi kristau-demokrata (CD&V), alderdi liberal (Open VLD) flandriarra, eta Valoniako alderdi liberala (MR) daude.

N-VAk oso zaila, ezinezkoa, izango du kide hauekin Estatuaren erreforma legealdi honetan burutzea, eta horrek hautesleen deskonfiantza eta haserrea piztu dezakeela pentsa liteke. Momentuz baina, azken inkestek babes berdintsua aitortzen diete flandriar independentistei. Egoera eskizofrenikoa da Flandriakoa: N-VAk belgikar Gobernuaren kudeaketa ona egiten badu, eta Estatuak aspaldi bizi duen krisi ekonomiko, instituzional eta politikoa baretzea lortzen badu, horrek Flandriaren independentziarako aukerak gutxitu ditzake, baldin eta hobekuntza horiek ez badira Estatuaren erreforma sakon baten ondorioz lortzen. Aldiz, N-VAren gestioak erreforma eta konfederazioa saihetsezinak direla sinetsarazteko, krisi orokor hori indartu beharko litzateke, gaur egungo Estatuaren arkitektura guztiz deslegitimatuz. Kasu horretan, ez dakit N-VAk duen babes elektorala mantentzeko gai izango litzatekeen. Era berean, kontuan hartu behar da Belgikako populazioaren %60 flandriarra dela; gehiengoa dira. Ez dut Europan Estatuaren populazioaren gehiengoa duen beste estaturik gabeko herririk ezagutzen. Gainerako estaturik gabeko herriei askotan jartzen zaie “gutxiengo” etiketa; valoniarrentzat litzateke kasu honetan.

N-VAk ez ditu bere helburu nazionalak aldatu, independentista izaten jarraitzen du, eta helburu hori eskuratzeko pausoak definitzen doa. Ez da kudeatzeko egoera erraza, baina N-VAk oposizioan jarraitu beharko lukeela diotenen kontra, hemen ere zailtasun eta erabaki zail horien aurrean egotea gustatuko litzaidake. Helburu handiak ezin dira barreratik eskuratu. •