Ortuen lekuan, eremu idorra
Sukaldeko leihotik ikusi izan ditut egunero, azken 28 urtean, hiri-ortuak etxe aurrean. Udaberrian zerba eta kalabaza, maiatzetik aurrera tomateak eta piperrak, udazkenean azalore eta babak. Noizean behin marrubi basatiak, txiki-txikiak eta zaporedunak. Herrigunean bizi arren, dozenaka baratze ditugu etxe parean, eta sasoien etorrera zuhaitzetan ikusi ohi dugu, neguko striptease-aren aurretik, hostoek nolako kolore-dantza egiten duten udazkenean.
Egunotan goizeroko kafearekin batera paisaia kamutsa gosaltzen dut sukaldeko leihotik begira nagoela, hondeamakinak eremu idor bihurtzen ari baitira lehengo kolore mosaikoa. Ez tomaterik ez piperrik ez zuhaitzik ezta txabolarik ere, non lauzpabost homeless-ek habia eraikia zuten azken urteetan. Makinak ezker-eskuin ari dira deuseztatzen lurrazalean den oro, barazki eta zuhaitz, txabola eta barbakoa, bidexka eta heskai. Kolore horixkako eremu lakarra da noizbait bizitasun eta kolore, usain eta zapore izan zena.
Aste berean, kasualitatea ala ez, Kortxoenea ere deuseztatu dute indarrez, kultura herrikoiaren loratze espontaneoa errotik erauzteko nahian edo. Dantza eta kantu, eztabaida eta algara ziren lekuan, isiltasun eta hutsune bihurtu dute eremu bizia. Azalduko digute gauzak horrela direla, lurrak eta eraikinak norbaitenak direla, jabego pribatua gure gizartearen zutabea dela eta guri ere ez litzaigukeela gustatuko gurea den zerbait kenduko baligute, haatik, denen onerako. Hori azalduko digute, batzuek ozen, beste batzuek ahopeka, lotsaz esango balute bezala.
Eta gakoa hori da, hain zuzen, jendartea antolatzeko modu hau; jabego pribatuan oinarritzen den modu ziztrin hau, aukeren arteko bat dela, ez bakarra eta ez onena. Baina sinistarazi nahi zaigu antolaketa pribatuzalea dela antolaketa txarren artean onena. Edo bestela, sistema komunistaren gaiztakeria guztiak aitatuko dizkigute arrapaladan, errenkan.
Jabegoaren sistema ona da jabearentzat. Ez etxalderik ez dirurik ezta berauek eskuratzeko baliabiderik ez duenarentzat, ordea, ez da ona. Hobea da zerbitzu publikoaren sistema, ez bakarrik hezkuntzan eta osasun arloan, baita etxebizitzan, merkataritzan eta beste hainbat arlotan ere. Komunista baino, komunitarioa izan da jabegoa euskal auzo eta herri askotan mendeetan zehar, elizatik hasita basoetaraino, lurzoruetatik herriko kontzejuraino. Guztiona, denona.
Gutariko gehienok “sozialkonformismoan” jaio eta bizi izan gara. Justizia sozial handiagoa nahiago genuke, bai, baina finean uste izan dugu ez dagoela errotik aldatzerik jabegoaren sistema, gauzek norbaitenak izan behar dutelako. Sistema hau eginahalak egiten ari da oraindik ere guztiona den apur hori esku gutxi batzuen esku gera dadin. Uraren jabegoa hartu dute, haizea pribatizatzen ari dira eta eguzki energiari ere kanona jarri diote, unibertsala den ondarea bakar batzuen probetxurako hartuta.
Eta agian hasi beharko genuke kolokan jartzen “pribatuaren” kontzeptua bera. Pribatua beti baita injustua, definizioz, pertsona guztiak ez baitira abiatu egoera beretik objektuen jabe izateko. Baldintza ezberdinetan lehiatuta, aurreikusita dago nork poltsikoratuko duen ondarea eta nor geratuko den esku hutsik. “Publiko” izan beharko litzateke “giza” kontzeptuaren sinonimo: gizaki orok aukera du baliabide ororen onuradun izateko. Gizaki izate hutsagatik, jaiotzeagatik.
Lehia bizkorgarria da, noski, eta edozeinek eduki beharko luke hobetzeko aukera, gora egiteko parada. Baina abiapuntu desiguala duen lehia injustua da.
Bitartean, ortuak izan zirenak desagertu dira nire eguneroko paisaiatik, eta egunez egun ikusiko dut nola eraikiko duten etxe mandoa, enpresa pribatuaren, Kutxabanken eta Getxoko Udalaren pozerako. •

