Unilateralki
Egia, erabaki unilateral bat dela irakurri nion behin Slavoj Zizek berari, ez dakit zein liburutan. Mundua azkar doa.
Beste arrazoi askoren artean, batetik, komunikaziorako teknologien iraultzak punta bateko eta besteko komunitateen arteko komunikazioa ahalbidetu du, bat-batekoa eta horizontala; orain arteko botere komunikatiboaren, eta ondorioz politikoaren, arkitektura hierarkiko eta bertikala ezbaian jarriz.
Bestetik, egungo krisi sistemikoak, kapital metaketaren ziklo berri baten atarian ipini gaitu, zeinetan, mundu mailako egitura ekonomikoaren berrartikulazioa ematen ari den; zentro-periferia harremanak eraldatuz, eta orain arte zentroan kokatzen ziren eskualde batzuen periferizazio prozesua eraginez. Hegoaldeko Europarena kasu.
Egiturazko aldaketa politiko zein ekonomiko hauek, aurreko ziklo historikotik jaso ditugun egitura instituzionalak zein kontsentsu sozialak kolpatu ditu bete-betean; arrakalak irekiz eta posible denaren ertzak zabalduz. Katalunia eta Eskozia, edo Ekuador eta Bolivia adibide. Herrialde hauek erakusten dute posible dela. Posible dela norbanakoaren etorkizuna eskuetan hartu, eta etsairik indartsuenaren aurrean ere bide propioak eraikitzea, prozesu autoeratzaileak abiaraztea. Hemen eta orain, baimenik eskatu gabe. Unilateralki.
Ingurura begiratu eta ikasteko garaia da; erabaki estrategikoak hartzeko momentua. Autoeraketa prozesua, subiranotasun esparruak eraikitzean datza, pluralean eta kolektiboki. Gertuenetik hasi eta urrutiraino ailegatuz, eskala bakoitzerako proposamen zehatzak diseinatuz. Adibideak ditugu; bidelagun egin ditzagun: Katalunia, Eskozia eta Grezia. Ekuador eta Bolivia.
Urriaren 24an Euskal Herria “Alternatiben EHrria” dela ikusi genuen. Askok, imajinatu ere egiten ez genituen orotariko alternatibak ezagutu genituen: ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta politikoak; orain arte, politika ofizialaren bazterrean kokatu diren alternatibak. Euskal Herri subiranoaren aldarrikapenaren itzalak, ilunpean utzitako subiranotasunen aldeko proposamen zehatzok, askapen prozesuaren zentroan kokatzeko garaia da, subiranotasunetan oinarritzen den autoeraketa prozesua abiarazteko momentua. Hemen eta orain, baimenik eskatu gabe. Unilateralki. •


