Corbynen lehendabiziko garaipena
Gure artean oharkabean pasa da Jeremy Corbynek Ingalaterrako Parlamentuan lortu duen lehenengo garaipena. Ez da izan Komunen Ganberan, non Corbyn bera parlamentaria den, Lorden Ganberan baizik. Erresuma Batuko goi ganbera horretan parlamentari gehienek erreginaren izendapenari esker edo herentziaz lortzen dute postua. Beraz, ganbera elitisten artean, elitistena da. Hortaz, Corbynen garaipena arerioaren joko zelaian heldu dela esan dezakegu. Beste kasu askotan gertatzen den bezala, lorpena ez da bakarrik laboristen abileziaren emaitza izan; Gobernuaren akatsen ondorio izan da gehiago. Edozein kasutan, aukerak sortzen diren momentuan, horiek baliatzen jakin behar da.
Hauteskundeak irabazi ondoren, Cameronen Gobernu berriak udan aurkeztu zituen aurrekontuak. Orduan, murrizketa sozialak onartzeko bigarren mailako tresna legegile bat erabiltzea deliberatu zuen. Ziurrenik pentsatuko zuen horrela erantzun sozial handia sortzen duten gaiak ezkutuan pasatuko zirela. Bide batez, aurrekontuen eztabaida politikoari mamia kentzeko ere balioko zuela pentsatuko zuen. Azken finean, austeritate politika aurrekontuetan irudikatzen da-eta. Aurreikuspenak aurreikuspen, baina, Gobernuak erabilitako trikimailua ez zaie lordei gehiegi gustatu, eta, ezohikoa bada ere, Komunen Ganberaren erabaki bat atzera bota dute.
Edukiari dagokionez, laguntza sistemaren murrizketa zabala planteatzen zuen egitasmoak. Cameronen Gobernuak urtero 6.210 milioi euro aurreztu nahi zituen. Institute for Fiscal Studies institutuak egindako txosten baten arabera, 3,3 milioi familiari eragingo zien aldaketak; batez beste urtero 1.768 euro galduko zituen familia bakoitzak. Ingalaterrako laguntza fiskalen sistemak familiak dituen kideak eta diru sarrerak kontuan hartzen ditu eta bi parametro horien arabera laguntza aldatzen doa. Ondorioz, diru sarrera kopuru batetik aurrera, familiak jasotzen duen laguntza gutxitzen doa. Gobernuak bi parametroak aldatu nahi zituen: bai kopuruak bai mugak.
Lorden Ganberan hiru proposamen aurkeztu ziren bozkatzeko. Lehena laboristek aurkeztu zuten eta bertan Gobernuari aldaketak gelditzeko eskatzen zitzaion; egitasmoa indarrean jarri aurretik trantsizio eperako neurri zuzentzaileak aurkeztea ere eskatzen zen. Proposamena onartu egin zuen Lorden Ganbarak. Horrez gain, lord independente batek egindako bigarren proposamen bat ere onartu zuen. Bertan Gobernuari eskatzen zaio gizarte eragileek aurkeztutako ondorio sozialei buruzko txostenak kontuan hartzea. Hirugarren proposamen bat ere aurkeztu zuten liberalek neurriak bertan behera uzteko, baina proposamenak ez zuen babes nahikorik jaso.
Cameronen Gobernuak izandako erreakzioak Espainiako Alderdi Popularraren Gobernuaren ohiko erantzunak gogoratzen ditu. Hasiera batean, zintzotasunarekin jokatzea eskatu zien lordei, hau da, ohitura zaharra gorde eta Komunen Ganberaren erabakia errespetatzeko. Leialtasunaren deiak, baina, ez zuen esperotako babesik jaso, ez ganbera batean ez bestean. Ondoren, apelaziotik mehatxura pasa zen zuzenean Cameron. Bere iritziz, anabasa horrekin bukatu behar da, eta, hala, Lorden Ganberaren moldaketa proposatuko duela iragarri zuen.
Gertatutakoak askotariko balorazioak eragin ditu Ingalaterran. Alde batetik, George Osborne Finantza ministroari trebetasun falta leporatu diote. Analisten iritziz, ez da logikoa irtenbiderik gabeko zuloan sartzea hauteskundeak aise irabazi ondoren. Beste aldetik, laboristen garaipena eta, batez ere, bere lider berriarena dela inork ez du ukatzen. Nahiz eta hauteskundeak galdu, laboristak oso epe motzean lidergo berria osatu eta diskurtso argi eta zuzena garatzeko gai izan dira. Klase ikuspuntua landuz, austeritate politikek ez dutela balio eta alternatibak badaudela behin eta berriz azpimarratzen ari dira. Diskurtso garbi horrek Gobernu kontserbadorearen posizioa asko baldintzatu du. Austeritate politiken higadura gero eta sakonagoa da Europa osoan zehar.



