Garazi Goia

Ezustekoen zirkulua itxiz

Uda hartan, liburua irakurri ostean, N-ri lehenengo mezua bidali nionetik zortzi hilabete pasatu ziren itzulpena egingo nuela adostu genuen arte. Mezu batzuk partekatu genituen denbora hartan, baina dena hitzartu genuenean bakarrik esan nion itzulpena sei hilabetetan amaitzeko asmoa nuela; amatasun bajak irauten zidan bitartean. Egun horretan, bera ere haurdun zegoela esan zidan, baita berak ere hirugarren nobela idazteko plana zeukala buruan, nire moduan egunero bi ordu lan eginez; biok hori egin nahi genuen, haur zaintza lanetatik at gure espazioa mantentzeko, sormena eta amatasuna elkarrekin uztartu ahal izateko. N-ren haurdunaldia luzatu egin zen, bi astez; nirea, hamar egun aurreratu. N-ren alaba apirilaren 12an jaio zen, nirea hurrengo egunean.

Amatasun bajan nengoela, iluntze batean laneko festa batera joan nintzen. I-rekin topatu nintzen han. I ere euskalduna da eta nire lantegi berean egiten du lan. Duela zortzi urte, hogeita bost mila langileko etxe hartan lur hartu nuenean, esan zidaten bazela han beste euskaldun bat. Orduan ez ginen ezagutu, eraikin ezberdinetan geunden, ni Londresen eta bera hiriaren kanpoaldean. Noizean behin burutik pasatzen zitzaidan ea I-k oraindik han jarraituko ote zuen. Denbora pasatu da, jendeak alde egin du, jende berria etorri da, sail ezberdinak sortu dituzte eta zaharrak desagertu dira. Eta, kasualitatez, azkenean, sail berdinean amaitu dugu.

Udaran egun batzuk pasatzera joan zen I Euskal Herrira, gurasoei bisitan. Asteburu hartan, eguraldi ona zegoela-eta, Aralarra joan omen ziren. Han oinez zebiltzala, beste hainbat mendizale, mendizale ez ziren turista eta beste jende guztiaren artean, gizon bat gerturatu zitzaien. Agidanez, I-ren aitak Boise jartzen zuen xukadera bat zeraman soinean eta ea amerikarrak al ziren galdetu zien gizon hark ingelesez. Ezetz, euskaldunak zirela erantzun zien I-k. Orduan, gizon hura, R, euskaraz hasi omen zen. R ingelesa da baina euskaraz ia perfekzioan hitz egiten du. Beste hamahiru hizkuntzekin batera. Egun gutxi batzuk pasatzera joan zen Euskal Herrira, eta larunbat hartan Aralarra joan zen, justu egun berean, ordu berean, I-rekin enkontru hura eman zen lekura iristeko. I-ren lanari buruz hasi omen ziren berriketan, eta lantegi berean lan egiten zuen beste euskaldun bat ezagutzen zuela aipatu zuen R-k. «Garazi al da? Bai, eta duela urtebete agindu zidan bere liburua bidaliko zidala, baina ez zuen egin».

Nola kalkulatzen da probabilitate hori? Ingalaterran bizi diren bi pertsona, asteburu berean Euskal Herrira joateko probabilitatea, han daudela mendi berdinera joatekoa; horretarako egun bera eta ordu bera aukeratzekoa; eta behin han egonda beste hainbat mendizaleren artean topo egitekoa eta hitz egiten hastekoa. Eta, noski, nire izena elkarrizketan ateratzekoa. Ez dakit zein den ekuazioa, baina probabilitatea ñimiñoa da, ezta?

Baina tira, itzul nadin istoriora. Nire lotsarako, R-k arrazoi zuen. Duela urtebete, Londresen ospatutako hizkuntzen biltzar batean –kasualitatez nire etxe atzeko konferentzia gunean– poesia errezitaldi batera joan nintzen. R-k ingelesera itzulpena egiten zuen, euskaratik ingelesera. Han ezagutu nuen R. Beste hainbat gauzen artean, Euskal Herritik deserrira ihes egin zutenez, euskal literaturaz eta nire liburuaz aritu ginen. Papertxo batean idatzi nuen bere helbidea, nire liburua bidaltzeko. Baina galdu egin nuen. Ordutik askotan etorri izan zait burura, eta egin nituen R-ren laguna den M-ri helbidea eskatzeko pare bat saiakera antzu. Baina kontua da ez niola bidali.

I-k gertatu zena kontatu zidan egunean bertan idatzi zion M-ri R-ren helbidea eskatzeko, eta segituan bidali nion mezua, liburuarekin batera. M ere biltzar berean ezagutzeko zortea izan nuen.

R-rekin mezu trukea izandako aste berean, hegazkin hartatik atera nintzenean, eta izkina batean haur karroa muntatzen ari nintzela, «G, zu zara?», entzun nuen. Kasualitatez, M zen. Aireportuko taxi ilaran, auto zuri bat tokatu zitzaigun. Azkenengoz biltzar hartan ikusi ginenetik jazotakoaren laburpena egin genion elkarri. Itzulpenaren proiektuaren berri eman nion. «Nork idatzi duela esan duzu? N-k? Ezagutzen dut. East Anglia Unibertsitatean ikastaro bat egin zuen eta han kointziditu genuen».

Bizitza ezustekoz beteta dago, esan zidan R-k. Egia da, eta ezusteko horiek guztiak bata bestearekin nahasten direnean sortzen dira istorio ederrenak. •