Sortzaile handia, ekintzaile fina, Ogoni herriaren martiria

Kenule Beeson Saro-Wiwa (1941eko urriak 11-1995eko azaroak 10) idazle, editore, telebistako produktore eta ekintzaile ekologista handia izan zen. Hainbat eleberri (“Sozaboy”), telebista gidoi (“Basy&Company” telenobela) eta poema-bilduma arrakastatsu (“Songs in a time of war”) idatzi zituen 1980ko hamarkadan. Wole Soyinka eta Chinua Achebe idazleekin edota Fela Anikapulo-Kuti musikariarekin batera, Nigeria eta oro har Afrikako artea munduratzen, nazioarteko fokupean ipintzen asko lagundu zuen sortzaileen taldeko kide kontsidera daiteke Ken Saro-Wiwa.
Asteon bete dira bi hamarkada Saro-Wiwa urkatu eta azidoan erre zutenetik. Izan ere, sorkuntzarekin ez ezik, bere denborarekin, bere herriarekin eta Ama Lurrarekin berarekin osoki konprometituta bizi izan zen. Hitzek duten indarrean sinesten zuen ekintzaile fina izan zen, ideia sortzaile oparoa. 1990ean munduko arreta bereganatu zuen, berak sorturiko Ogoni Herriaren Biziraupenerako Mugimenduaren (MOSOP) eraginkortasuna tarteko. Ingurumenarekiko justizia, berdintasun soziala, autodeterminazio eskubidea eta Niger ibaiko deltaren natur baliabideen kontrola indarkeria ezean oinarrituta defendatzea zuen xede ogoni etniako herritarren mugimenduak.
Autodeterminazioa, ekologismoa eta bakea ardatz zituen MOSOP mugimenduak, baina, etsai latza, eskrupulu gabea, izan zuen aurrez aurre: Royal Dutch Shell, munduko bigarren petrolio konpainia handiena. Ogoni herriaren oihan eta ibaien, landaretza eta faunaren, nekazari eta arrantzale bizimodu milenaristen egoitza zen lurraldea munduko petrolio eta gas erreserba handienetakoa ere bazen, eta, hala, bertako aberastasunak ustiatzeko asmoz, Shell konpainia britainiar-herbeheretarra benetako genozidioa eragiten ari zen bertan Nigeriako diktadura ustelaren konplizitatearekin. Eta Saro-Wiwak gogor salatu zuen bere leinuaren lurretan gertatzen ari zena. Shell konpainiaren kodiziak, inongo ardura sozial eta ekologikorik gabeko irabazi azkarraren logikak, zigor bikoitza ezartzen zion Ogoni herriari: Shelleko akziodunek eta diktadurako goi karguek poltsikoratutako aberastasunetatik –40 mila milioi dolar baino gehiago 1958tik aurrera– ezer ez eskuratzeaz gain, ingurunearen eta bizimolde tradizionalen txikizio erabatekoa jasatea.
Shellek bultzaturiko petrolio ustiapen intentsiboaren ondorioak beldurgarriak ziren ogonien lurretan. Azaleko urek, esaterako, onartutako bentzeno maila baino 900 aldiz handiagoa zuten 90eko hamarkadan. Minbiziak esponentzialki ugaritu ziren. Ingurumenean eta osasun publikoan erabateko hondamendia bizi zen. 1993an, 300.000 ogoniren manifestazio baten buru zela Herri Indigenen Urtearen baitan antolaturiko Shell konpainiaren aurkako mobilizazioan, argiro adierazi zuen Saro-Wiwak egoera: «Esnatu egin gara eta gure lurrak ‘petrolio konpainia’ izena duten heriotzaren agentez beteta aurkitu ditugu. Gure atmosfera erabat kutsatua dago, euri azidoak zuhaitzak pozoitu ditu eta gure fauna eta landaretza birtualki desagertu egin dira».
Zapalkuntzaren aurkako indar erakustaldi hark asko kezkatu zuen Shell konpainia. Elkarkidetza beldurgarri bezain basati baten eskutik, Nigeriako junta militarrarekin konspiratzen hasi zen konpainia. Soldaduek –Shell beraren babes finantzarioarekin– ogoniak zapaldu eta Saro-Wiwa bera atxilotu zuten, gerora beste zortzi kiderekin batera idazlea urkatzeko agindua emanez.

«Bederatzi ogoniak»
Munduan altxatu zen elkartasun olatua izugarria izanagatik, ez zen nahikoa izan Shell konpainia presionatu eta Saro-Wiwaren bizitza salbatzeko. Ezta Shell Ogoni herritik joateko ere. Bill Clinton edo Nelson Mandela bezalako figurak, munduko gobernuak, giza eskubideen aldeko erakundeak, idazle ospetsuak... sekulakoa izan zen ekintzaileen urkamendiaren aurka altxatutako haserrea. Denei entzungor egin zieten Abacha diktadoreak eta Shell konpainiak. Mundu osoa hunkitu zuen “Bederatzi ogonien” urkapenak. Egia da, gerora, Nigeria Commonwealth bertatik egotzi zutela, Shellen aurkako nazioarteko boikot kanpaina indartsua eta auzi judizial andana abiatu zirela, konpainia hainbat milioi dolar ordaintzera behartzen zuten zigorrak lortu zirela New Yorkeko eta Londresko epaitegietan... baina, berandu, beranduegi.
Saro-Wiwa 1994ko maiatzaren 22an atxilotu zuten, hilketaz akusaturik. Aurreko egunean, maiatzaren 21ean, Ogoni herriko lau leinu buru (Samuel Orage, Theophilus Orage, Alfred Badey eta Edward Kobani) ogoni gazte haserretuen saldo batek hil zituen, egurtuta. Egun bat iraun zuen ikerketa fartsa baten ondoren, militarrek MOSOP «talde terrorista» eta Saro-Wiwa «kontrako iritziak onartzen ez dituen diktadorea» zirela ebatzi eta hilketon xaxatzaile eta bultzatzaile jo zituzten. Gaur-gaurkoz oraindik ez da argitu Ogoni herriko lau leinu buruak nork hil zituen. Saro-Wiwa hilketak gertatu ziren lekuan ez zela izan eta gertatutakoarekin zerikusirik ez zuela izan aski demostratuta geratu bazen ere atxilotu orduko, Abacha diktadorearen Gobernuak aldez aurretik zuen erabakita nor zen erruduna. Ondoren etorri zen guztia aurrez erabakita zegoena temati, ebidentzia guztien aurka eta legez kontra gauzatzea baino ez zen izan.
Atxilotuta zutenean Saro-Wiwak jasan zituen torturak beldurgarriak izan ziren. Bere abokatuen kontrako heriotza mehatxuak ere ugariak izan ziren, ogonien artean egindako hilketek ez zuten etenik ezagutu. Fartsa antzezteko militarrez osaturiko tribunal «espres» bat osatu eta, aurrez idatzita zegoen bezala, azkenean, Saro-Wiwa, Nordu Eawo, Saturday Dobee, John Kpuine, Paul Levera, Felix Nuate, Daniel Gbooko, Barinem Kiobe eta Baribor Bera, hau da, “Bederatzi ogoniak”, urkatu egin zituzten.
Gorputza azidoarekin erreta desagerrarazi
Urkapenen ondoren, Saro-Wiwaren gorpua azidoarekin erre eta, jarraian, fosa batean, sekretupean gordetako toki batean, lurperatu zuten. Hamar urte geroago, Obasanjoren Gobernuak gorpuzkiak Saro-Wiwaren familiari itzuli zizkion azkenean. Ordurako, baina, Niger ibaiko deltaren matxinadak beste forma bat hartua zuen. Saro-Wiwak defendatutako indarkeria eza eta bide zibila alboratuta, altxamendu armatuaren forma hartu zuen matxinadak. Hala, Nigeriako petrolio produkzioa kolpatzen hasi zen matxinada eta talde ezberdinen arteko borrokak ugaritu egin ziren, populazio osoen desagerpenak aurrera jarraitzen zuten bitartean. Egun ere, egoera ez da ez batere erraza Nigerko deltan: piratak oso presente daude, dirua xede duten bahiketak maiz gertatzen dira, erregaia lapurtzeko asmoz petrolio hodiak zulatzean sekulako tona pila erortzera dira uretara hondamendi ekologikoa eraginez, polizien heriotza eskuadroiak oso aktiboak dira...
Hogei urte eta gero, ogoniek bataila dezente irabazi dituztela esan daiteke. Baina Saro-Wiwak munduko borroka eta kausa justu guztiak egiten zituen bere. Dagoen tokian dagoela, ziur bizitza ematera eraman zuen borroka Kanadatik Texasera eraikitzekoa zen Keystone XL petrolio hodiaren aurkako borrokarekin lotzen duela –Obamak egitasmoa baztertu du–, edo Artikoan egitekoak ziren zundaketen aurkakoarekin, edo Euskal Herriko AHTren aurkako mugimenduarekin. Seguru, hazkunde sakrosantua ardatz duen karbonoaren ekonomia topera iristear egon daitekeen honetan, Saro-Wiwaren istorioa historiaren orri-oin bat baino gehiago izango dela. Legatu bat, eredu bat, inspirazio iturri agortezin bat.
Herriaren ondare
Hogei urte geroago, mundu osoan ekarri dira gogora 90eko hamarkadako gertakari lotsagarriak. Mundu osoan goraipatu dira Saro-Wiwaren izena eta izana. Nigerian edo New Yorken bezala, Euskal Herrian ere bere absentzia gertuko presentzia sentitu dutenak ez dira gutxi izan.
Onerako ala txarrerako dena aldatu da Nigerian urteotan, gauza bat izan ezik: Saro-Wiwaren izenak herriaren ahotan darrai, bere otoitz eta kantuetan. Ogoni herriari ahotsa jarri eta beren zapaltzaileen aurka borrokatu zen Saro-Wiva. Ogoni herriaren existentzia eta tragedia munduko mapan ezarri zituen. Egun, baita bere kritikoek ere, denek aitortzen dute Ogoni herriko figura unibertsalena dela. Eta bere izena aipatzen den aldiro, nonahi delarik ere, bere herriak gogoan du. Herriarena zelako. Herriarena delako.

Torturatuen senide eta lagunak: hitz gutxiko akonpainamendu handia
Maitasun aitortza bat

«Teletetxoak», erretrobisoreak eta motxilak: torturaren itzala euskal gazterian

«Estatuak zuzenean egikaritu du indarkeria matxista bere funtzionarioen bidez»
