Maider Iantzi Goienetxe

«Zilar emari adatsa...»

Zilar emari adatsa nork orraztu ez daukazun arren, bizipenen ildo zimurrak... Berri Txarrak-en “Zimelkor” abestia izanen litzateke testu honen soinu banda; irudia, aldiz, emakume xahar bat taka-takara iganda, horman zera idazten: “Adinekoak borrokan”.

Pauso ttipi eta mantsoz, haiek ere oinatzak uzten dituzte gure kaleetako manifestazioen paisaian. Badute zer errana, eta errateko gogoa ere bai. Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen Duintasuna elkartearen mobilizazio batean izan naiz berriki. Hagitz berezia izan da niretzat. Martxa bukatzean eurekin gelditu naiz pixka batean. Emakume batek besotik heldu eta zenbat kontu kontatu dizkidan paseo bat eman bitartean! Amatxi oroitarazi dit eta gustura ibili naiz bere ondoan. Urrats batzuk harago zihoan senarra. Elkarrizketan sartzen saiatzen zen, baina emazteak «orain ez gara horretaz ari!» ohartarazten zion eta solasean segitzen zuen.

Murrizketa guztiek emakume aurpegia dutela azaltzen zidan: «Kotizazio gutxi egiteko aukera izan dugu, ez digute kultur mailarik izaten utzi, lanak prekarioak izan dira eta jubilazioak ere halakoak». Andre aunitzi aditutako testigantzak agertzen zituen. Botikara joan aitarentzat edo senarrarentzat zerbait erostera eta botikariak «zuk ere hartu beharko zenuke» gomendatzean, «baina nik ezin dut» erantzuna. Tratu txarrak ere aipatu dizkit, zein zaila den semeak edo senarrak ematen dizkizula onartzea eta, are gehiago, salatzea. Gai hauei guztiei heldu eta borrokatzeko grina sumatzen zaio. E-mailak trukatu ditugu.

Jendartean adinekoez dugun kontzeptua goitik behera aldatu behar dugula pentsatzen dut. Euretaz mintzatzen gara dituzten beharren ikuspuntutik (botikak, zahar etxeak, zainketak) baina egiten duten ekarpen izugarriaz atzentzen gara (bilobez, senarraz, anaiez... arduratzea, seme-alabak eta etxea sostengatzea...).

Zilar emari adatsa nork orraztu ez daukazun arren... urrearen balioa duzu. •