Iker Barandiaran

Bizitzaren muturrak

Iragan astean kanpoan bizi den aspaldiko ezagun batekin egin nuen topo eta kuxkuxero zein jakin-min hutsez errepasoa egin genuen biok elkar ezagutzen ditugun hainbat lagun eta ezagunen gainean, aspaldi ikusi gabekoak, orain non eta zertan dabiltzan jakiteko. Egoera xelebreak ziren horietako batzuk, zer pentsa ematen dutenak. Izan ere, bizitzak batzuetan jira-buelta handiak ematen ditu, aurreikusteko zailak direnak. Era berean, gogoan daukat, aspaldi, Bilboko Muga taberna ezaguneko jabea den Juancar Bilbao elkarrizketatu nuen lehen aldian esan zidala tabernako bezero batzuk ezin direla hara bueltatu, ez inork sartzea eragozten dielako, baizik eta honezkero beraien ametsak zirenak salduak dituztelako. Jada beste batzuk omen dira eta tabernara itzultzeak iraganean izan nahi zutena eta dagoeneko ez direna gogoaraziko die halabeharrez.

Norberaren bizimodua erabat alda daiteke hainbat arrazoirengatik: bizilekua, lan giroa, lagun taldea, familia... Aldagai askok eragiten dute. Umeak ditugunok, esaterako, badakigu zer den hori. Haiek, umeak, dira gure zentroa, gure ardatza. Haiek izan nahi genituela erabaki genuenetik ez dago atzera bueltarik, gurea da haien ardura eta erantzukizuna betiko. Horregatik, gure agenda jada ez da gurea bakarrik; pisu handia daukate txikiek eguna osatzerako orduan. Eta horrek gure egunerokotasuna, gure aisialdia eta gure militantzia asko baldintzatzen ditu. Baina argitu nahiko nuke era nabarmenean gure agenda baldintzatzen badute ere, ez dituztela halabeharrez bestelako ekintzak ezeztatzen. Ez behintzat norberak horren aldeko ahalegina jartzen badu eta bere agenda antolatzeko nahia badu.

Hori argitu nahi dut, jende asko familia osatzearekin eta heltzearekin bat, izaeraz eta ekintzez muturrera aldatzen delako, gehienak esparru askotatik desagerraraziz eta bestelakorik egitea erabat alboratuz. Baina badira zenbait kasu nire ustez barregarri edo behintzat sinesteko zailak bilakatzen direnak, oinarrizko koherentziatik gutxi daukatenak. Horra hor, adibidez, gaztaro guztian zehar antisistema izatetik elizatik ezkontzera pasa direnak; nerabezaroan “Bietan jarrai” leloko pegatak aldean eraman eta gaur egun Ciudadans bozkatzeko lotsa falta dutenak; gaztetxe baten proiektuaren alde gogor borrokatutakoak eta gaur egun “Diario Vasco” erosten dutenak; bizitza erdia neurrigabe mota askotako drogak kontsumitzen pasa eta orain, eusko alderdi kontserbadorean kargu bat hartu nahian, gizarteari zer komeni zaion irakatsi nahi diotenak... Esparrua oso zabala da, ia norberaren irudimenaren parekoa, baina egiazkoa tamalez.

Eta, aldiz, ezagutzen ditut, esaterako, luzaroan heroinaren gatibu izan direnak, gero “Proyecto Hombre” sekta kutsuko ekimenean murgildu izan direnak, eta, hala ere, gaur egun Gure Esku Dago moduko ekimen ireki eta ekintzailearen alde buru-belarri lanean dihardutenak.

Hala ere, horietatik gehien atzera botatzen nautenak dira nerabe garaitan droga trapitxeo, lapurreta burubako eta antzeko ekintza zarpailtsuetan luzaroan ibili arren, gaur egun, beraien gurasoak zirenen parera, “igandetako” arropekin jantzi eta, gainontzekoei sorbalda gainetik begiratuta, guraso edo hiritar eredugarriak –orojakileak– diren plantak hartu nahi dituztenak. Eredua ez baita arropa ezta “postureoarekin” soilik lortzen, ekintzekin, jarrerekin eta batez ere koherente izatearekin baizik.

Itxurei erreparatuta gogoan dut Berlinen izan nintzen lehen aldian hango langileen hainbat auzotan jubilatzear zeuden andra-gizonak larruzko jaka eta musika taldeen kamisetak jantzita ikusi izana. Hasierako harriduratik pasa nintzen poztera, pertsona haiek lehen eta orain nahi duten moduan janzteko askatasun sozial nahikoa dutelako “Peter Pan sindromea” leporatuko dieten mamuaz paso eginez. Eta ni neu ere pertsona koherentea izaten saiatzen naizen heinean inor epaitzearen laguna ez banaiz ere, asko dut ikasteko, bizi naizen herrian Eskorbuto taldearen kamiseta jantzita eramaten duen 60 urteko gizonak harrituta uzten nauelako oraindik ere. •