Ander Izagirre - @anderiza
Kazetaria

Garoña lehertuko balitz

Berriz zabaldu nahi duten zentralaren izen ofiziala hau da: Santa María de Garoñako Zentral Nuklearra, maiuskulaz betea. Zentrala BWR motakoa dela irakurri dut –boiling water reactor: erregai nuklearrak ura irakiten du, baporeak turbina mugitzen du eta energia elektrikoa sortzen da–. Santa Maria, aldiz, Jainkoaren Ama dela irakurri dut –Nazareteko gazte birjin bat, graziaz betea, zeinak Jesus Haurra izan zuen, Jainko haragitua, bekatuaren zauriak sendatzera eta gu denok salbatzera etorri zena–. Gogora etorri zait Txernobylgo zentralaren izen ofiziala Vladimir Ilitx Lenin Zentral Elektriko Nuklear Memoriala zela. Eta gizakia animalia harrigarria dela, atomoaren energia askatzen asmatu eta hainbat jainkori babesa eskatzen diona.

Jesuitek atomoaren teoria gaitzetsi zuten 1632an, transustantziazioaren kontrakoa zelako: alegia, ogia Kristoren gorputz bihurtzearen eta ardoa Kristoren odol bihurtzearen kontrakoa. Pisako Unibertsitateko ikasleek otoitz egiten zuten heresia horren kontra: «Atomoetatik ez da ezer sortzen / Munduko gorpu guztiek distira egiten dute euren formaren edertasunarekin/ eta haiek gabe, kaosa besterik ez legoke / Hasieran Jainkoak gauza guztiak sortu zituen, gauza horietatik beste berri batzuk sor zitezen / Zuk, Demokrito, ez duzu ezer sortzen atomoekin / Atomoek ez dute ezer sortzen, beraz atomoak ez dira ezer».

Ebro ibaiaren ertzean, Garoñako zentralak ez dauka itxura arriskutsurik, 310 tonako porlanezko hormek eta Ama Birjinaren deiturak babestuta, eta zuhaitz hain lasaigarriz inguratuta. Zentraleko lorategian orkatzak, antzarak eta indioilarrak paseatzen dira, haran eder eta lasai honetan. Oso jende gutxi bizi da eskualdean, hodei erradiaktibo batek jende gutxiago hilko luke hemen, neguan tabernatik kanpo zigarroa piztera ateratzen diren erretzaile mordoa akabatuko dituen pneumoniak baino. Eta estrontzio, kobalto eta plutoniozko puzkerren batek ihes egingo balu ere, Sobrongo haitzartea berunezko kanpai erraldoi batekin edo antzeko zerbaitekin itxiko lukete, seguru.

Katastrofe nuklearrei aurre egiteko ondo prestatuta dago eskualdea, duela mila berrehun urtez geroztik. Pixka bat iparralderago, Omecillo ibaiaren bailaran, Burgos eta Araba artean, ermitauek kareharrizko haitzetan zabaldutako kobazulo mordoa dago. Corroko pinudian, adibidez, harrietan zulatutako ateak ikus daitezke, eta haietako batetik euskal tenplu kristau zaharrenetako batera sar gintezke: arku itxurako bi nerbio landu ditu sabaian, horman santuak jartzeko hobi bat ikus daiteke, eta zoruan zulatuta sei hilobi huts. Hildakoak hemen etzaten zituzten, oihaletan bilduta, eta harlauzekin estali gero.

Inguru honetantxe, lurralde islamiarren mugan, Valpuestako monasterioa fundatu zuten 804. urtean. Valpuestako Kartularioetan –fraideek latinez, baina gazteleraren lehen ezaugarriekin, idatzitakoak– eskualdeko ermitauen haitzuloak aipatzen dira. Pinedo herrian, adibidez, oso ondo antzematen dira altuera desberdinetan zulatutako gelak, gangadun sabaiak, hilobiak. Mundutik ateratzeko asmoz etortzen ziren ermitauak haitzulo hauetara, bizimodu aszetikoa jarraitu eta izpiritua arazteko asmoz.

 

Eguna iristen denean, haitzulo hauetara etorriko naiz. Erdi Aroko babesleku antiatomiko hauetako batean etzango naiz eta Walter M. Miller-en «A Canticle for Leibowitz» liburuaren pasarte batzuk irakurriko ditut. Sinplifikazioaren Aroaz hitz egiten dutenak, adibidez: «Urteak igaro ziren eta Lurra ez zen oraindik garbitu. Hala dio Memorabiliak (…). Eta gorrotoak esan zuen: ‘Hau egin zutenak harrikatuko ditugu, erraiak aterako dizkiegu, erre egingo ditugu. Holokausto bat egin dezagun krimen hau asmatu zutenekin, euren mertzenario eta jakintsuekin; erre ditzagun, hil daitezela euren lanekin batera, ahantz daitezela euren izenak. Suntsitu ditzagun, eta gure seme-alabei mundua berria dela irakats diezaiegun, ez dezatela ezer jakin, aurretik gertatutakoaz. Sinplifikazio handi bat egingo dugu eta ondoren mundua berriz hasiko da». •

www.anderiza.com