Maskulinotasunak
Seme batek esan dit asteazken gauetan ez dagoela libre Gizonezkoen Taldea duelako. Besteari eman diot abisua eta komentatu dit bere lagun bat Gizonduz taldean dabilela. «Alajainkoa!» atera zait, gizonezko guztiak maskulinotasun berri baten bila hasi balira bezala. Baina ez da horrenbesterako. Gizonezkoen faunaren barruan espezimen klasikoa da oraindik nagusi, balore patriarkalen zaindaria.
Baina maskulinotasun berrien eta klasikoaren artean badago eredu bat mutilzahartasun moderatua deituko nukeena. Ez dira, noski, mutilzahar klasikoak, hori moztade gisa ikusten da gaur, modernoagoak baizik. Nik neu ere azkenaldi honetan emozioen inguruan entzuten ditudan diskurtsoak entzunda (“Bertsolari” aldizkariko “Emozioak bertsogintzan” erreportajeko zenbait aitorpen pozik aipatuko nituzke lekurik balego) mutilzahartasun moderatu honekin identifikatzen hasita nago eta eslogan modura zera errepikatu ohi dut: «Hamar aldiz ezkonduta ere batzuk mutilzahar izango gaituk», eta, esaldia, luze samarra bada ere, manifestaldi baterako aldarria izan litekeela iruditzen zait. «Mutilzahartasuna ez da egoera bat, izaera bat baizik», ateratzen zait ondoren eta teoria berri baten atarian nagoela iruditzen zait. Mutilzahar moderatu deitzen ditudan hauek ezkonduak dira gehienak, nahiz eta ez duten derrigor izan behar. Sastreren esaldi matxista samar harekin gogoratzen naiz: «Nahiago dut emakume batekin txorakeriak esanez afaldu, Aragonekin filosofiaz hitz egiten baino», eta geu ere orain hogeita hamar urte emakumerik gabeko afariei iskin egiten ibiltzen ginela gogoratu dut. Orain koadrilla osoak ikusten ditut astero afari maskulinoak egiten. Mutilzahar moderatuok solidarioak dira eta genero berdintasunaren aldekoak, baina ez dituzte balore femenino guztiak, femeninoak direlako, bereganatu nahi: ez dira, esate baterako, biluztu eta emozioak jaulki zale. Koldo Mitxelenaren amarena egiten dugu geure, semea espetxetik etxera etorri eta atea zabaldu zuenean, «etorri al haiz?» esan baitzion soilik eta esaldi horrek Colemanen jarraitzaileen hamar besarkada baino emozio gehiago adierazten duela iruditzen zaigu. Demagun artea, batzuek dioten bezala, emozioen erlijioa dela, baina emozioak nola adierazi da kontua eta horretan zeharbideen zaleak gara, harreman erromantikoekiko uzkur samarrak edo etsiak eta konpromisoari fobia diogu. Horrek ez du esan nahi mutilzahar moderatu hauek emakume batekin ez dutenik inoiz bururik galduko, salbuespen gisa.
Eva Illouz soziologo marxistaren hiru liburu irakurri ditut berriki, horietako bat bikaina. Bere soziologia gai da oheraino sartu eta harreman intimo eta erromantikoetan gurutzatzen diren eredu zahar eta berriak aztertzeko. Berdintasun gehiegizkoa erotismoaren kontrakoa dela esateraino iristen da. «Emozioez hitz egiteko adiskideak badauzkat», dio lekuko gisa darabilen emakumeetako batek. Erotismoaren arlo horretan nire mutilzahar moderatuak ez direla gaizki gelditzen esango nuke. Baina gai korapilatsuak dira hauek. Buka dezadan. Eta a!, ahaztu egiten zitzaidan, ostiraletan ez nago libre, gizonezkoen afaria dut. •


