Amaia Nausia Pimoulier

Beraien mina gure mina dela ulertzea

Ezkontzaren egunean bertan arazoak hasi zirela esaten zuten batzuek. Besteek, berriz, elkarbizitzaren hurrengo hilabeteetan. Dena den, auzitegian fiskalaren galderei gehiengoak erantzun zien bikotearen arteko arazoen lekuko izan zela. Esate baterako Pedro Insaustik, Juan eta Mariaren auzokideak, esan zuen bikotearen etxearen lau hormetatik harago entzuten zirela jipoiak, oihuak eta negarrak. Kalearen beste aldeko dendariak, berriz, behin baino gehiagotan ikusi zuela Maria negarrez eta, gutxienez behin, aurpegi masaila morearekin. Epaileak Mariari galdetu zionean zergatik ez zuen bere senarra aurretik salatu emakumeak burua makurtu zuen eta hasieran lotsa sentitu zuela, gero Juanen barkamen eskaerak sinistu zituela eta, azkenean, beldurra sentitu zuela adierazi zuen. Baina, egia esateko, berak ere ez zekiela oso ongi nola erantzun galdera horri aitortu zion epaileari. Bere guraso eta auzokideei esker bizirik jarraitzen zuela aitortu zuen eta, euren salaketarik gabe, ziur zegoela dagoeneko hilda egonen zela.

Maria epaitegi horretatik ateratzerakoan, jakinda epaileak arrazoia ematen ziola eta aurrerantzean bere torturatzailearekin elkarbizitza eten egiten zela, ez zen aske sentitu. Epailearen galdera behin baino gehiagotan etortzen zitzaion burura, «eta zergatik ez duzu zure senarra lehenago salatu?». Erruaren ziztada sentitu zuen eta, gurasoen etxera laguntza eske joan zen unean bezala, burua makurtu zuen. Eskerrak bere auzokideak hor zeudela, babesa emateko eta gertatutakoaren lekuko izateko.

Mariaren istorioa aste honetan irakurri eta entzun ditugun beste hainbat esperientziaren oso antzekoa da. Azaroaren 25ean emakumeen indarkeriaren kontrako egunarekin batera agerian gelditu da hainbat emakumek oraindik bizi duten amesgaiztoa. Baina Mariaren kasua ez da aste honetako istorioa, ezta pasa den astekoa, edo pasa den urtekoa ere, orain dela 400 urte gertatuko istorioa baizik. Maria Etxaleku Iruñeko auzokidea zen eta 1615. urteko azaroan Juanek ematen zion «bizitza txarrarekin» kezkatuta, auzoko bizilagun agurgarrienen ordezkaritza talde batek Nafarroako Auzitegi Gorenera jo zuen justizia bila.

Garai horretan, gaur egun bezala, emakumeen kontrako indarkeria zabalduta zegoen. Azalpenak, gaur egun entzuten ditugunen oso antzekoak; gizonaren nagusitasunaren gaineko sinismena, gizon eta emakumeen arteko desoreka ekonomikoa eta, azken finean, patriarkatuaren kulturaren zama. Baina, Mariaren kasuan salaketaren ardura ez zen bakarrik emakumearen sorbalden gainean kokatzen, komunitate osoa inplikatuta zegoen, agian mende horietan elkarbizitza eta bake soziala norbanakoaren gainetik kokatzen zirelako. 

Horren isla Iñaki Reguerak eskaintzen dizkigun datuak, Euskal Herrian XVI. eta XVII. mendeetan emakumeen aurkako indarkeriagatik egindako salaketen laurdenak soilik zeuden biktimak bultzatuta, hau da, emakumeak berak. Beste hitz batzuetan, salaketen hiru laurdenak bizilagunek, senideek edo fiskalak berak egiten zituzten. Gaur egun, berriz, 2013ko datuen arabera, kasuen %70ean emakumea da salaketa egiten duena. Azken lau mendeotan eman den komunitatearen indarraren galeraren isla.

Behin eta berriro gure politikariek, komunikabide eta erakundeek errepikatzen dute emakumearen kontrako indarkeria salatu behar dela, eta horrekin guztiz ados nago. Baina mingarria da ikustea nori zuzenduta dagoen deia, emakumeei esaten zaie beraien ardura dela 016 telefonora deia egitea, beraiek izan behar dutela lehenengo urratsa ematen dutenak. Noski, emakumeen artean kontzientziazio maila areagotzen den heinean arazoaren konponbidetik gertuago egonen garela egia da. Baina egia da ere gizartearen inplikazioa areagotu behar dela, emakumeak errudun sentiaraztea ez dela irtenbidea. Komunitatearen papera indartu beharko genuke, norbanakoa babestuz, talde sentimendua areagotuz. Alegia, beraien mina gure mina dela ulertuz. •