Euskaldun berri haien irakasleak
Gerra Zibila hasi arte gaztelaniaz apenas egiten ez zuen gure aitak muturra okertu zuen esan nionean euskara ikasi nahi nuela, 17 urte nituela. «Euskara ikasi? Hori burutazioa! Hobe zenukeen ingelesa ikastea!», arrapostu zidan erdi haserre erdi harro. Berak euskaraz mintzatzeari utzi zion 12 urterekin, hain zuzen 1937an Bizkaian sartutakoan frankistek euskal eskola publikoak itxi zituzten urtean. Ordutik ez zen euskaraz mintzatu. Honela bada, eta aitaren iritziaren aurka, hasi nintzen euskara ikasten 1972an, Euskaltzaindiak Bilboko Erribera kalean zituen gela ilun eta umeletan. Han espazio nahikorik ez eta laster batean eraman gintuzten Plaza Berrira, maristek (uste dut) zituzten ikasgela batzuetara, gaur egungo egoitzatik begiratuta eskumaldeko arkupeetan.
Ordurako ikusia neukan (ez guztiz ulertua) Xabier Kintana izeneko batek idatzi zuen liburua, “Euskaldun berri, euskaraz egin”, eta han jakin nuen Kintana bera eta hainbat euskaldun ilustre euskaldun berriak zirela, Txillardegi eta Gabriel Aresti horien artean; hirurak euskara ikasitakoak, eta hirurak idazle. “Hauek lortu badute, nik zergatik ez” ekuazio sinpletik abiatu eta izena eman nuen Euskaltzaindian eskolak hartzeko.
Luxuzko irakasleak eduki nituen: Rikardo Badiola, Juanjo Zearreta eta, batez ere, Sabin Egileor. Euren kemenari esker euskaldundu ginen taldekide guztiak, zalantzarik ez horretaz.
Garai hartan euskara ikasle gehienok egiten genuen bezala, Gipuzkoako baserri batera joan nintzen euskaraz “bizitzera” 18 urte nituela, eta bai bizi gero! “Kutsidazu bidea, Ixabel” bizi izan nuen, lehenengo orritik azkenengora. Berastegitik itzuli eta, 19 urte oraindik bete gabe, irakasle jarri ninduten, “astebeterako”. Urtebete luzea falta zen, oraindik ere, diktadorea hiltzeko. Hura hil, eta oraindik irauten zuen “aste” hark, irakasle aritu nintzelako hainbat urtetan.
Iñaki Gamindek elkarrizketa batean noizbait azaldu duenez, «aski irakaslerik ez zenez, bigarren mailakoek lehendabizikoei klaseak eman behar, hirugarrenekoek bigarrenekoei, eta abar». Eta horrela hasi nintzen “Euskalduntzen-1” irakasten lehen mailakoei, nik “Euskalduntzen-3” hasi berria neukala.
Irakasle izateak euskaldundu gintuen, ezbairik gabe. 1970eko hamarkadan euskara ikasten hasi ginenok, euskara irakasle bihurtu gintuzten ezustean, gau eskoletan hasieran eta euskaltegietan ondoren. Orientazio klase pare bat jaso eta irakasle jarri gintuzten, eta gu saiatu ginen egiten, apal, gure aurrekoek gurekin egin zuten gauza bera. Glotodidaktikaz eta soziolinguistikaz ideiarik ez bagenuen ere, urte luzetan aritu ginen euskara eskolak ematen.
Aspaldiko euskaldun berri haien seme-alabak euskaldun zaharrak dira, euskaldun peto-petoak, EGA eskuratzen dute liburu bat zabaldu gabe, eta euskara hutsean egiten dituzte unibertsitateko ikasketak, ama-hizkuntzan egin ere. Egunotan, euskaldun berriak goraipatu eta omendu nahi diren uneotan, nik omendu nahi nituzke gure irakasleak izan ziren haiek, Sabin Egileor eta bera bezalako gizon-emakume kementsuak. Testu liburuak egunkari-paperean bilduta zeramatzaten, euskaraz idatzitako edozer kaletik begi bistan eramatea probokazioa baitzen frankismoan. Metodologia sofistikaturik gabe eta borondate hutsarekin, hizkuntzarekiko maitasuna transmititzen asmatu zuten.
Orduko aleak uholdea dira egun. Baztarrikak dio 1987tik 400.000 pertsonek ikasi dutela euskara helduaroan eta euskaldunetatik %42 euskaldun berriak garela. Gazteengan handiagoa da portzentajea oraindik ere.
Datu ikaragarriak dira, izan ere. Orain, baina, beste dema bat dugu begien aurrean: atzerritik etorri eta etorriko diren horiek guztiak ere euskaldun berri bihurtu behar ditugu, larruaren kolorea ala erlijioa edozein dutela ere. Orain 40 urteko ilusio berberaz. •

