Gerra errenta da
Ez gaitezen engaina. Parisko sarraskiak Mendebaldeko gizartea hipnotizatu egin du. Ia bestelako aukerarik gabe utzi gaitu. Aukera bakarra omen den ustea egonkortu egin da gizartearen pentsamenduan: «Gerra deklaratu digute eta guztiok gerra horretako partaide gara».
Pentsamendu totalitarioa ezartzeko aukera bikaina eskaini diete Parisko erasoek Mendebalde osoko estatu agintari guztiei. Ekialdeko eraso egileen pentsamendu totalitarioa borrokatzeko Mendebaldeko pentsamendu totalitario eta patriotikoa eraiki nahi dute: Orain denak gara La France. Denak gaude “etsaiei” gerra egiteko eragingo dituzten sarraskiak eta txikizioak eta hilketak onartzera behartuak. Ez dago ihesbiderik: «Gurekin ala gure kontra».
Egia esateko, erasoen irudiak, gorpuak, txikizioak, odola, mina eta dolua komunikabideen bidez hainbeste gerturatu eta sukalderaino sartu dizkigutenez, haiek agindutako diskurtsoan eta agindutako bost minutuko geldialdi eta isilaldian erortzeko tentazioa izan dugu.
Jarrera horrek paralisia dakar. Paralisia ez soilik jardun kritikoan, baita pentsamenduan eta arazoaren analisietan ere. Ikusi besterik ez dago zenbat kosta izan zaigun gerraren aurkako aktibismoa martxan jartzea. Ikusi besterik ez dago Mendebaldearen pentsamendu bakarrari aurre egitea zenbat ari zaigun kostatzen, eta, oraingoz, zer-nolako geldotasuna inposatu diguten eta mugimendu kritiko eta alternatiboak nola moteldu dituzten.
Horrelakoetan oso arriskutsua litzateke erantzuteko gaitasuna oso talde txiki eta antisistematara mugatzea. Antzeko erasoek jarraituko duten ustea oso hedatuta dago, baina horrek ez luke gerraren aurkako gure konpromisoa itzali behar. Garaia da “Gerrari ez” esateko sentsibilizazio kanpaina eta mobilizazioak gaurkotasun osoz eta kemenez berreskuratzeko. “Gerran” hil direnen giza balioa berdina baita Parisen, Sirian, Moskun, edota Libanon. Horrela ez bada, gureak egin du. •

