Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Plakak eta plazak

Ni ez naiz euskaldunzaharra. Euskaldun zaharra ere ez dut uste naizenik, oraingoz behintzat. 28 aldiz piztu dira Eguberrietako argiak nire begien parean, urtero desberdinak izan arren urtero berdin ikusten ditugun argi horiek; eta Eguberriak eta maitasuna eta familia eta guk-adina-ez-daukatenekiko-elkartasuna eta ontasuna eta dindandon-dindandon Eguberri on eta urte osoan ikusi ez dugun horri egindako telefono deia, idatzitako postala edo gutuna edo whatsapp-a edo batek daki zer, eta elkarri opariak egiteko premia hori, eta datorren urtean gehiagotan etorriko naiz bisitan eta datorren urtean besteen lekuan jartzen saiatuko naiz, Eguberrietako argiak pizten direnero. Eta argiak itzaltzen direnean akabo Gabonak eta maitasuna eta familia eta guk-adina-ez-daukatenekiko-elkartasuna eta ontasuna eta turroi artean irensten ditugun gainerako tasun guztiak.

Besapeak opariz kargatuta harrapatzen gaitu Euskararen Egunak, ostegunez aurten. Eta urte osoan zehar ez bezala kargatzen ditugu agendak ekimenez eta gazteleraz egiten digun zerbitzariari euskaraz erantzungo diogu eta Mikel Laboarekin akordatuko gara eta Xabier Leterekin eta Xalbadorrekin eta Durangoko Azokarekin eta urte osoan zehar akordatzen ez garen hainbeste gauzarekin ere bai eta gure buruari aginduko diogu baietz, datorren urtean gure hizkuntza ohiturak aldatuko ditugula, beti-beti-beti egingo dugula euskaraz. Baina igaro zen abenduaren 3a, Euskararen Egunak itzali zituen argiak eta euskararenak ez diren egunak zerenak diren galdetzea otu zaigu berriz.

Ni ez naiz euskaldunzaharra, baina aurten euskaldunberrien izenak jarri dizkiete kaleetako plakei. Halako ahalegina egin eta euskaraz bizitzeko hautua egin dutenen izenak. Baina, noiz uzten dio euskaldunberriak euskaldunberri izateari? Uzten al dio sekula? Euskaldunberritasuna, autoeskolako “L” baten modukoa al da? Orain dela 40 urte euskaraz ikasi zuena, ni baino euskaldun berriagoa al da?

Hizkuntza leku bat da, espazio bat denbora batean, plaza honen modukoa, adibidez. Baina lekuak ez daude geldi, gurekin batera mugitzen dira, dabiltzan oinek gastatzen diete zorua eta ohiturak margotzen eta ajatzen, zikintzen eta garbitzen ditu. Hitzak ere ibilian dabiltza, ajatu egiten dira, zikindu, aterkiak bezala ahaztu eta ustekabean berreskuratzen ditugu eta lokatza kentzen diegu, doinu berriak, usain berriak, musika berriak ematen dizkiegu erabiltzen ditugun aldiro. Kale garbitzaileak dabiltza Plaza Berrian.

Eta auzoko lagun harekin akordatu naiz, urteak euskaltegian pasa eta etsi egin zuen harekin. Kontatu zidanean hizkuntza zailaren mitoa etorri zitzaidan burura baina ezetz esan zidan, ez zela hain zaila; zaila bazen gure errua zela, kalean euskaraz hasi eta estropezuren bat, zalantzaren bat sumatzen genion bakoitzean gazteleraz erantzuten genionen errua zela, gure lekuak ixten genizkionen errua; berak sufri ez zezan edo ohituragatik edo batek daki zergatik. Eta nire estropezu propioak etorri zitzaizkidan gogora, pentsamendua hitzetara eta hitza pentsamendura ekarri ezina, hitz egiten edo idazten edo pentsatzen edo kantatzen dudan bakoitzean hitzak bihurritu, tolestatu, zabaldu eta estutu behar hau; haztamuka ibili behar hau hitzak esanahiz kargatuegi edo hustuegi etorri zaizkidalako; hitzek ez dutelako nahi dudana esaten eta hitzek nahi dutena esaten bukatzen dudalako batzuetan. Ez dago euskaldunberririk, euskaldunzaharrik ez dagoelako, hizkuntza aldiro delako berria, pentsamendua berria den neurrian.

«Konstituzio Plaza» dio Liburutegi Zaharraren pareko panelak. «Plaza Berria» esaten diogu askok. Euskararen Eguna pasa zen. Eta, akaso, gure hirietako plakak beharrean, elkarri plazak ematen hasi beharko genuke. •