Afrikarekin harremanak sendotzen ari da Txina
Txinako Gobernuak bere lehentasun politikoak nahiko argi ditu eta pausoz pauso jarraitzen du marraztutako ibilbidea. Pasa den astean Hegoafrikako Johannesburgo hirian Txina Afrika Kooperazio Foroaren (FOCAC) bigarren gailurra ospatu zen. Lehenengoa 2006. urtean izan zen Pekinen eta Foroa bera 2000. urtean sortu zen. Presarik gabe, urratsez urrats. Hegoafrikako bilerak izan duen arrakastaren neurria parte hartzeak berak ematen du: 48 estatu edo gobernuburu bertaratu ziren, Afrikako Batasunaren gailurretara hurbiltzen direnak baino gehiago. Taiwanekin harreman diplomatikoak dituzten hiru estatuek ez zuten gonbidapenik jaso.
Datu ekonomikoak esanguratsuak dira oso eta bi aldeen arteko harremanen neurria ematen dute. Txina Afrikako lehen bazkide komertziala da 2009. urteaz geroztik. AEBak ordezkatu zituen Txinak lehen postu horretan. Merkataritzako fluxuak, bi norabideak kontuan harturik, 220.000 milioi dolarrekoak dira. Afrikak, batez ere, lehengaiak saltzen dizkio Txinari eta manufakturatutako produktuak erosi. Inbertsioei dagokionez, Txinako 3.100 enpresa baino gehiagok dituzte instalazioak kontinentean, orotara 101.000 milioi dolarreko inbertsioak dituztelarik. Egia da aurten Txinako inbertsioak eta erosketak asko jaitsi direla. Jaitsiera horren haritik, Zhong Jianhua Afrikako Gaietarako Txinako ordezkariak nabarmendu du lehen galdetzen ziotela zergatik erosten zituen Txinak hainbeste lehengai, eta, orain, berriz, galdetzen diotela zergatik erosten duten hain gutxi prezioak merkatu direnean. Paradoxa horrek munduko testuinguru aldakorra azalarazten du, baina garbi uzten du ere Txinak bere planen arabera aritzea lehenesten duela betiere.
Gutxiago erosten du orain Txinak, baina ez da esku hutsik joan Hegoafrikako gailurrera. Xi Jinping Txinako presidentea herrialdeak industrializazio prozesuan duen eskarmentua saretzeko prest agertu da. Finantza, teknologia eta talentua partekatzea izan da Txinako presidentearen eskaintza. Bi aldeei irabaziak ekarriko dizkieten kooperazio egitasmoak bultzatzeko prest agertu dira txinako buruzagiak, printzipioak eta etekinak orekatuz eta etorkizun komuneko komunitatea osatuz. Zentzu horretan, langileen formakuntza eta azpiegituren eraikuntza lehenestea proposatu du Txinako presidenteak, herritarrek ere elkarlanaren onura ikus dezaten. Hitzak diruz hornitu ditu gainera Xi Jinpingek: 60.000 milioi dolarreko diru funtsa sortuko duela iragarri du. Horietatik 5.000 milioi interesik gabeko maileguetara bideratuko dira eta 35.000 milioi finantzaketarako lerro berezietara. Gainontzeko baliabideak Afrikako hainbat estatutan proiektu txikiagoak finantzatzera bideratuko dira.
Dena den, gailur honetan aldaketa esanguratsu bat eman da. Orain arte, Txinaren eta Afrikaren arteko harremanak, batez ere, merkataritzan, ekonomian eta kulturan zentratu dira. Hegoafrikako bileran segurtasun kontuak ere sartu dira agendan. Alde batetik, Txinak baieztatu du hamar urteko akordio batera iritsi dela Djibutin erabilera militarra izango duen base logistiko bat jartzeko. Horrek hainbat misiotan parte hartzea erraztuko dio. Adibidez, urtarrilean Hego Sudanen Nazio Batuen agindupean batailoi bat zabaldu zuen Txinak. Horrez gain, 60 milioi dolar bideratuko ditu 25.000 soldadurekin osatutako Afrikako nazioarteko indar militarra finantzatzeko, kontinente barruko krisi egoeretan esku hartzeko. Txinaren posizioa ez da aldatu: Afrika Afrikako herritarrena da eta beraiek konpondu behar dituzte beraien arteko arazoak. Hala ere, argi dago milaka txinatarrek egiten dutela lan kontinentean eta Txinako Gobernua kezkatuta dagoela beraien segurtasunarekin. Are gehiago, Malin izandako azken erasoaren ondoren.
Gailurrean, Afrikako liderrek goraipatu egin zuten Txinak Afrikako garapenean betetzen duen papera. Bi aldeen artean arazoak egongo dira, baina Afrikako estatuei asko interesatzen zaie Mendebaldeko bazkideei kontrapisu egingo dien Ekialdeko bazkide indartsua izatea. •

