Biohirigintza


Iragan abenduaren 3an, Euskararen Egunaren aitzakiarekin, bi hitzaldi antolatu genituen EHUren Arkitektura Eskolan, «Ingurumena: eraikuntzatik hirigintzara» lelopean. Lehen hitzaldian bioeraikuntzaz aritu ziren Inhar Agirrezabal eta Garbiñe Pedroso arkitektoak; bigarrenean, lurralde mailako ingurumen gatazkei buruz jardun zuen Iñaki Petxarroman kazetari eta «Berria» egunkariko zuzendariordeak.
Hortaz, gaiari eskala ezberdinetatik ekin zioten hizlariek. Eta entzuleok ondorioztatu genuen bi tamaina horiek ez direla horren ezberdinak, nolabait, baizik eta osagarriak. Alegia, eraikuntzaren zein hirigintzaren eskaletan eragin behar dugula, gizakion habitata modu egokiagoan, orekatuagoan, eraikiko badugu.
Bioeraikuntza delakoak, alemanezko baubiologie terminotik datorrenak, osasunean jartzen du arreta. Eta ez soilik gizakionean: “eraikuntzaren biologiak” ingurunearen osasuna ere kontuan hartu nahi du. Horretarako, osagai toxikorik gabeko eraikinak bakarrik egitea proposatzen du, substantzia toxikorik gabeko (edo ahalik eta gutxieneko) ingurune batean. Eskuarki lastozko etxeekin eta autoeraikuntzarekin lotu bada ere, Inharrek eta Garbiñek ederki erakutsi ziguten bioeraikuntza kalitatezko arkitektura profesionalarekin ere bateragarria dela. Areago, haien ustez, naturarekiko begirunez eraikitzea izango da arkitekto lanbidearen etorkizun posible bakarra.
Zoritxarrez, hori ez da oro har Euskal Herrian azken hamarkadotan jarraitzen ari garen bidea, Iñakik zenbait kopururekin argudiatu bezala. Gure herriak duen urbanizazio maila oso altua baita. “Lurra, zorua bailitzan” (Txalaparta, 2011) lanean berak idatzi bezala, 2020rako Euskal Herriko lurren artifizializazio maila % 20koa izatea espero da, Espainiako kopuruak laukoiztuz. Eta, azken urteotako krisialdi ekonomikoa dela-eta gure ingurunearen eraikuntza maila dezente moteldu den arren, porlan fabriketan ekoitzitako hormigoi tonen jaitsierak argi utzi bezala, ez da proposatu sistemaren aldaketa funtsezkorik, kosmetika mediatikoaz harago. Ondorioz, barne produktu gordina edonola hazarazteko helburu obsesiboak jarraituko du gidatzen gure politika ekonomiko-urbanistikoa.
Sentsibilizazioaren alorrean dezente aurreratu dugula gehiago baliatu beharko genuke. Hondakinen gaian, esaterako, zenbaitetan erosokeria nagusitu arren, asko aurreratu dugu kontzientziazioari dagokionez. Poluzioari dagokionez ere, dagoeneko aski ongi ulertzen dugu CO2 kopuruengatik hiriburu handietako autoen trafikoa mugatzea. Eta jada hasiak gara irudikatzen itsas mailaren igoerak kostaren fisonomia goitik behera eralda dezakeela. Hots, klima aldaketa ez dela soilik «besteei» eragingo dien kanpoko zerbait.
Alabaina, krisiaren ostean gainera datorkigun oldea ez da txikia izango. Hiri marketinean aditu Beatriz Plaza ekonomialariak egunotan Euskadi Irratiko ekonomia tertulian esandakoa, adibidez, kezkatzekoa da: «Europan inbertsio publikoa geldirik dago, eta, hura berpizteko, azpiegiturak egiteari berrekin behar diogu». Lozorroan egon diren proiektu anitz (Pasaiako kanpo portua, Garoña, Gendulain…) laster berpiztu nahi izango dituzte zenbait indar politiko-ekonomikok. Horregatik, bioeraikuntzatik biohirigintzara eman beharko dugu jauzia, ingurune osasuntsuago bat eraikiko badugu. Eraikuntzaren eskalatik soilik ezin zaiolako aldaketa sistemiko bati aurre egin.
Inharrek eta Garbiñek aitortu bezala, etxe familiabakar batzuk bioeraikuntzaren arauak errespetatuz eraikitzea ez delako nahikoa. Akaso zenbaitetan kaltegarria ere izan daiteke, etxe eredu horrek lurzoru gehiegi okupatu ohi duelako, gehienetan auto pribatuan oinarritutako mugikortasun eredu desegokia bultzatuz, gainera. Beraz, horra erronka: bioeraikuntzatik biohirigintzara jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa ematea. •

Kalekantoi taldea: 1615eko euskal baleazaleen kontuak eta kantuak Islandian

1936ko abuztuan, atzerriko ehunka boluntario iritsi ziren Gipuzkoara faxismoari kontra egitera
