Euskararen normalizazio prozesuan izan da garaipenik, «baina» askorekin, ordea
Aktak euskaraz bidal daitezkeela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Ezbairik gabe, aurrerapauso moduan har dezakegu sententzia euskararen normalizazio prozesuaz ari garenean. Hala, historia hurbilean izan da «garaipen txiki» gehiagorik, eremu eta eragin ezberdinekoak, baina guztiak du bere «baina» altzoan.

Tarteka, jasotzen dugu euskaldunok gure hizkuntza eskubideei buruzko berri onik; tarteka, izaten da euskararen aldeko epai edo sententziarik; tarteka, abiatzen dugu etorkizunean euskaraz bizi ahal izateko bidean tranpolin papera jokatuko duen ekimenik. Zoritxarrez, tartekako kontuak izaten dira hauek euskaldunon ingurumarian. Jatorrian oso asmo ezberdina izan dezakete, gainera; batzuek euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak direla adierazi nahi dute; besteek, berriz, euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzea dute aldarri. Izan badira, ordea, eta lagin txiki bat jaso nahi du begi aurrean duzun erreportajeak.
Bildu ditugun adibide batzuek berebiziko garrantzia (izan) dute euskararen normalizazio prozesuan; beste hainbat, berriz, testuinguru jakin batean emandako aurrerapausoak dira, nolabaiteko jarraipena izan dutenak (ala ez). Kontuan hartzeko eremuak, gainera, dozenaka izan daitezke, ondorioz, eta adierazi nahi dena ulergarriagoa suerta dadin, hirutan banatu ditugu: hezkuntza, arlo sozioekonomikoa eta administrazioa.
Alorrez alor gertatu diren garaipen txikien alea biluzten hasi aurretik, hizkuntza baten berreskurapen prozesuak biltzen dituen hainbat gako jarriko ditugu mahai gainean. Aipatu, halaber, artikuluaren oinarrian GAUR8k Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiarekin eginiko elkarrizketa bat dagoela, hots, bereak izango dira hurrengo lerroetan bilduko ditugun adierazpenak.
Berak esandakoaren arabera, hizkuntza bat berreskuratu nahi bada bi jardun garatu behar dira bereziki: pertsonak euskalduntzea eta espazioak euskalduntzea, «pertsonak euskalduntzea ez baita nahikoa, hauek espazioak behar dituzte-eta euskaraz bizitzeko». Pertsonak euskalduntzeko hiru iturri nagusi ditugu: familia transmisioa, hezkuntza eta helduen euskalduntzea. Beraz, badaukagu non kokatu aztertuko dugun lehenengo eremua, hezkuntzarena.

Ikastolak eta D eredua
“Garaipenak” xehatzen hasi aurretik, komeni da garaipen hitzari jarritako kakotxak azaltzea. Aurrerapausoak aipatzea da artikuluaren xedea, oso kontziente izanik guztiek dutela beren “baina”. Hala, ikastolen sorrera mugimendua koka dezakegu historia hurbileko euskararen lehen garaipen moduan. Hauen sorreraren testuinguruari so, aitortu behar da oso sorrera ezberdinak izan zirela euskal lurralde batetik bestera, baita lurralde bakoitzean herriz herri ere.
Frankismoaren garaia zen Euskal Herrian. Honek, askatasun guztiak mugatzeaz gain, euskaltzaletasunarekin zerikusia zuen oro zanpatzeari ekin zion. Gaztelania ezarri zuen Estatuko hizkuntza nagusi bakar modura eta, ondorioz, euskara ikasgeletatik atera zuen. Estatu frantsesari dagokionez, bertan ere ez zuen euskarak inolako aitortza edo izaera ofizialik; Frantziako Iraultzaren garaietatik zetorren frantses nortasuna aldarrikatzen jarraitzen zuen oraino iragan mende erdialdean.
Hala, guraso, irakasle eta hainbat herritarren bultzadaren ondorio izan zen iragan mendeko 60ko hamarkadan gaur egun ikastola gisa ulertzen dugun fenomenoa. Hauek, euskarak bizi zuen jazarpenari erantzunez, haurrei euskaraz irakasteari ekin zioten, baita pedagogikoki bestelako heziketa bat emateari ere. Aurrez esan bezala, ezberdina izan zen lurraldez lurralde ikastolen sorrera: Gipuzkoan, 1961ean sortu zen Donostian Santo Tomas Lizeoa; Bizkaiko –eta Euskal Herriko– lehenengo ikastola, aldiz, 1957an sortu zen Bilbon, San Nikolaseko katekesirako lokaletan; Nafarroan, halaber, 1963. urteko udan egin ziren ikastola sortzeko lehen ahaleginak, harik eta 1965ean Iruñeko Euskalerriaren Adiskideak Elkartea sortu zen arte; Gasteizen 1963an zabaldu zituen ateak Olabidek; eta Ipar Euskal Herrian ez zen 1969. urtera arte jarri martxan lehenengo ikastola: Baionan izan zen, Argitxu Nobliaren etxean.
Jazoera historiko hauen harira dio Bilbaok ikastolek hizkuntzaren normalizazioari egin dioten ekarpena «baloraezina» dela. «Azpimarratzekoa da zer egoeratan sortu ziren; askotan ez zekiten beraien seme-alabek titulu ofizialik izango ote zuten ere», aldarrikatu du.
Bestalde, hezkuntza publikoaren eremua izango genuke, aurrekoak baino “baina” gehiago biltzen dituena bere baitan. Hegoaldeari erreparatuta, frankismoaren osteko garaietara jo behar dugu euskara hezkuntza publikoan aurkitu ahal izateko. 1979ko Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuari esker, euskara hizkuntza ofizial bilakatu zen erkidegoan, bere eskubide eta betebehar guztiekin. Betebeharren artean kokatzen da ofiziala den hizkuntza oro ikastetxeetan irakatsi behar izatea, eta derrigorrezko hezkuntza amaitu ostean ikasle orok lurralde jakin horretako hizkuntza ofizial guztiak jakin behar ditu. «Hori da teoria, nahiz eta ez den betetzen», dio Kontseiluko idazkari nagusiak.
Ereduen sistema da Bilbaok jo-puntuan jartzen duen afera. Berak dioenez, aipatu sistemaren alde egin zen garaian bi aukera zeuden: «Konjuntzio sistema edo ereduen sistema. Kataluniak lehenaren alde egin zuen, hots, erabaki zuen katalana izango zela bertako transmisio eta komunikazio hizkuntza, eta gaztelania ikasgai bat izango zela. Hemen, aldiz, ereduen sistemaren alde egin zuten». Orain ia 30 urte hartu zen erabaki hartatik bi ondorio positibo ateratzen ditu Bilbaok: «Batetik, eskola publikoetan euskara irakas hizkuntza bezala sartu zela eta, bestetik, gero eta guraso gehiago direla euren seme-alabak D ereduan matrikulatzen dituztenak».
“Baina” handi bat ere badu honek guztiak atzean, ordea. Garaian garaiko hausnarketak egin behar direla dio Bilbaok, eta ondorioz, orain 30 urte izan zitekeen arazorik ez dela 2015 honetan: adibidez, euskaraz irakats dezaketen irakasleen faltarik ez da egun. Baina ereduen sistemak utzi dituen emaitzak ere baloratu behar dira. Azken azterketa baten harira, A ereduan ikasten dutenen artean %0 da derrigorrezko hezkuntza amaitzean euskarazko B2 mailara iristen diren ikasleen portzentajea; B ereduan ikasten dutenen artean, ikasleen herenak lortzen dute aipatu maila; eta D eredukoen artean bi heren iristen dira maila horretara.
Nafarroako kasuan, eremuen arazoarekin egiten dugu topo; eremu mistoan edo erdaldunean ikasten duten ikasleek ez dute zertan euskara ezagutu. Horren harira, euskaraz ikasi nahi duten ikasleen «exodoaz» mintzatu da Bilbao, euskaraz ikasteko egunean egin behar duten kilometro kopurua dela-eta. Eta Ipar Euskal Herrian bada eredu elebiduna deitzen zaion sistema, baita Euskal Haziak-en baitan kokatzen diren hainbat ikastetxe kristau ere, euskararen hedatzeari bere ekarpena egiten diotenak. «Baina azken helburua, derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasle elebidunak izatea, ez dute lortzen», gogora ekarri du Bilbaok.
Gazteak euskalduntzen badira...
Hezkuntzaren eremua utzi eta egin dezagun salto mundu zabalera. Jo dezagun hezkuntzaren bidez pertsonak euskaldundu ditugula; espazioak euskalduntzea litzateke geratzen den erronka. «Helduak beti izan dira belaunaldi galdua. Asko sozializatu den ideia da ‘zu lasai, gazteak euskaldunak datoz-eta’. Ohartu gara, ordea, hori ez dela horrela, hezkuntzan euskaldunak lortu ez ezik espazioak ere euskaldundu behar direla», azaldu du Kontseiluko idazkari nagusiak. Ideia horri jarraiki, gaineratu du hizkuntzak bi arrazoi nagusigatik ikasten direla: arrazoi identitarioengatik eta pragmatikoengatik.
«Arrazoi pragmatikoen barruan jendeak uste izango balu Euskal Herrian lan egiteko euskaraz jakitea beharrezkoa dela ikasi egingo luke, euskaltegiak beteta egongo lirateke», uste du Bilbaok. Horiek horrela, bere iritziz, motibazio pragmatikoarena gutxi landu den elementua da: «Teorian, euskaraz dakien jende gero eta gehiago dago, horrek esan nahi du ahalmena dagoela gero eta lanpostu gehiagotan euskararen ezagutza eskatzeko, eta ez da egiten».
Baina badira honetan ere hainbat garaipen txiki. Denboran zaharrena Bai Euskarari ziurtagiria eta honek eginiko ekarpena izango genuke. Kontseiluak berak sortu zuen tresna 2000. urtean, baina egun Ziurtagiriaren Elkartea da agiriaren kudeaketaz arduratzen dena. Honen bidez, alor sozioekonomikoko entitateen arteko elkarlana sustatzen da, euskarak eremu berriak bete ditzan. Lanean ematen dugun denboragatik edota produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile izateagatik, ekimenaren sustatzaileek uste dute berebiziko eragina duela lan munduak gure bizimodu eta hizkuntza jardueran, horretara dator espazioak (sozioekonomikoak kasu honetan) euskalduntzeko egiten duen ahalegina.
Hainbat enpresatan urratsak egin direla onartzen du Bilbaok, baina dioenez, enpresen ozeanoa kontuan hartuta oso urrats txikiak dira egindakoak. Bada kasu bat, ordea, bereziki aipatzekoa: Antzuolako Elay enpresarena. Enpresa euskaratzeko plana abian jarri eta amaitu duten bakarrak dira, horregatik, erreferente dira enpresen ozeano horretan. «Elay bezalako enpresa gehiago ere badaude eta horiek elkartu ditugu, eremu sozioekonomikoan lanketa intentsiboa egiten ari garelako», argitu du. “Euskaragileak” taldearen barnean bildu dituzte, eremu sozioekonomikoan traktore izateko bokazioarekin.
Ekimenaren abiapuntua oso basikoa da: lan mundua euskalduntzeko zutabeetako bat enpresek beraiek osatzen dutela jabetu dira; helburua ere argia da: euskaraz saldu eta lan egin nahi duten enpresen sarea indartzea eta euren eredua ezagutzera ematea. Ondorengo enpresek osatzen dute taldea: Batz, Cikautxo, Eika, Ekin, Elay, Fagor, Goizper Group, IMH, Irizar, Matz-Erreka, Mondragon Unibertsitatea-Goi Eskola Politeknikoa, Mondragon Korporazioa eta Orkli.
Bost egiteko nagusiren ildoetan jarduten dute Euskaragileak taldea osatzen duten enpresek. Lehenik, jarrera aktiboa izatea da euren arduretako bat, lan munduaren euskalduntzean zeresana duten beste eragileen hizkuntza politiketan eragiten saiatuz. Bigarrenik, eredugarri izan nahi dute, egokienak diren portaerak izateko ardura betez. Hirugarrenik, euren arteko sinergiak bultzatzen dituzte. Laugarrenik, enpresa berriak erakartzeko bitartekari papera ezarri diote euren buruari eta, bosgarrenik, enpresa “euskaragile” izatearen onurak erakutsi eta prestigioa emateko obligazioa dute.

Aktak, gidabaimena, erregistroa...
Administrazioa, eremu sozioekonomikoaren gisa, mundu arrotz bezain zaila da euskararentzat. Baina hemen ere, beste eremuetan bezala, badira hainbat garaipen txiki. Azkena, eta artikulu honen motibazioaren jatorria, EAEko Auzitegi Nagusiaren epai bat izan da: aktak euskaraz bidaltzea zilegi da.
Iragan urriko albistea da, eta, epaia, irmoa; ez du beste helegiterik onartuko. Estatu espainoleko Gobernuko ordezkari den Carlos Urquijok eraman zuen afera auzitara, hainbat udalek aktak euskaraz bidaltzen zizkiotela-eta. Zehazki, Irurako Udalarekin izaniko tirabira batek ezarriko du jurisprudentzia. Honen arabera, EAEn euskara ofiziala denez, administrazio publikoak euskaraz aritzeko eta hizkuntza hori ulertzeko gai izan behar dira. Epaiaren harira, Bilbaok dioenez, azkena izan ezik eremu berean eman diren epaiak aurkakoak izan dira: «Zoritxarrez, legeria, oro har, aurkakoa da, nahiz eta noizean behin ustekabekoak hartzen ditugun».
Denboran urte batzuk atzera eginez, topa ditzakegu bestelako garaipen txiki batzuk ere, hala nola Erregistro Zibilean inskripzioak euskaraz egin ahal izatea edota gidabaimena euskaraz atera ahal izatea. Lehenengoari dagokionez, 2005. urtean du jatorria. Orduko hartan erabaki zen, ahoz edo idatziz euskaraz zuzenduz gero, inskripzio lan guztiak euskaraz&hTab;egitea, hala nola: seme-alaben jaiotza inskripzioak, ezkontza inskripzioak eta heriotza inskripzioak, besteak beste. Lege aldaketa Hego Euskal Herriko erregistro zibiletan gauzatu zen.
Urte batzuk beranduagokoa da, 2009koa hain zuzen, gidabaimena euskaraz atera ahal izateko ikasmateriala. “Argia” astekariak publikatutako erreportaje batek dioenaren arabera, badira 90eko hamarkadatik gidabaimena euskaraz atera izan dutenak, baina ikasmaterial teorikorik gabe eta azterketa praktikoa itzultzaileekin eginez. Zehazki, EAEn azterketa teorikoak euskaraz egiteko aukera, legez, 1995. urtetik dagoela dio, baina ikasmateriala falta izan da urte luzeetan.
Azterketa teorikoa gainditzeko ikasmateriala 2009an publikatu bazen ere, Lakuako Gobernuak 2011n abiatutako kanpaina batek argi uzten du azterketa praktikoak euskaraz egiteko aukera gehiago luzatu zela. Kanpaina azterketa teorikoa euskaraz egitera bideratzeko helburuarekin jaio zen, baina azterketa praktikoari dagokionez Trafiko Zuzendaritza Orokorrarekin akordioa guztiz itxi gabe zutela zioten.
Honen guztiaren harira galdetzen du Paul Bilbaok ea zergatik itxaron behar izan den horrenbeste euskara duela 30 urtetik ofiziala bada. «Gauza batzuk oso erraz konpon zitezkeen duela urte batzuk», adierazi du. Administrazioan ere “baina” garbiak identifikatzen ditu Kontseiluko idazkari nagusiak: Justizia, Osasungintza eta Barne Saila. «Justizia oso eremu arrotza da euskararentzat. Guk eskatu izan dugu jurista euskaldunez osatutako zirkuituak sortzea, baina diote horrekin justiziaren inpartzialtasuna galduko litzakeela», azaldu du.
Abokatu Euskaldunen Sindikatua sortu zuteneko garaiak ere ekarri ditu gogora. «Determinazio osoz eutsi zioten euskaraz lan egiteari. Baina zenbait lege irakurtzen hasten zirenean sekulako zailtasunak sortzen ziren epaiketak garatu ahal izateko, eta ez zen itzultzaileen ardura. Modu horretan argi geratzen zen ezin zela epaiketa garatu norberaren hizkuntza eskubideen baitan», azaldu du.
Aipatu zailtasun gehien dauden eremuak, gainera, pertsonei gehien eragiten dieten eremuak direla. Mediku, epaile eta abarrekin elkar ulertzea besterik ez zaio geratzen norbanakoari, hein handi batean euren eskuetan gaudelako. Beraz, ondoriozta daiteke eremuz eremu izan direla euskararen normalizazio prozesuari lagundu dioten hainbat garaipen txiki, baina guztiak duela atzean bere “baina” hori, hizkuntzaren normalizazio prozesuan aurretik egiteko bide luzea dagoela adierazten duena.

Jon Peli Uriguen
«Asko eman digu euskara plana amaieraraino eramateko egin dugun ibilbideak»
Elay taldeko Lean koordinatzailea izateaz gain, euskara arloari dagokionez “Euskaragileak” taldean enpresaren ordezkari ere bada Jon Peli Uriguen. Momentuz, enpresaren euskara plana amaieraraino eraman duen enpresa bakarra da Elay, eta horren inguruan galdetu diogu.
Hitz egin ezazu Elay enpresaren ezaugarriez.
Automozioaren esparruan lan egiten duen enpresa bat da Elay. Egun 210 langile ditugu Antzuolako plantan [euskaldundu duten plantan], baina Mexikon eta Txinan ere badauzkagu beste bi lantoki.
Noiz eta zergatik abiatu duzue enpresa euskaratzeko plana?
Enpresaren euskalduntze prozesuarekin 1987an hasi ginen, baina zezenari adarretatik 1991. urtean heldu genion. Administrazio Kontseiluaren ekinbidea izan zen, eta ondoren langileei proposamena aurkeztu eta asanbladan onartua izan zen.
Enpresa eremu oso euskaldun batean kokatuta egoteaz gain, zuzendaritzak berak ere konpromiso handia zuen euskararekiko. Hala, euskara hutsean funtzionatzeko urrats bat egitea erabaki genuen.
Prozesuak luze jo du, beraz.
Bai. Esan bezala, 1991n abiatu genuen enpresa euskalduntzeko plana, eta ez dugu orain urte gutxi arte amaitu. Planari ekin genion garaian 150 langile zituen enpresak, eta horietatik %35 inguru ziren euskaraz ez zekitenak. Bi langile soilik geratzen dira euskaratzeko, baina euren egoera pertsonala dela medio (adina dela-eta erretiratzear daude) ezin izan dute ikasi. Alta, berehalakoan gara %100ean euskaldunak.
Zer esan nahi du enpresa euskalduntzeak eta nola garatu duzue?
Euskalduntzearen funtsa enpresak %100ean euskaraz funtzionatzean datza: barne dokumentu guztiak euskaraz dira, baita harreman pertsonalak ere. Kanpo harremanei dagokienez hirugarren batzuk sartzen dira tartean, eta horien araberakoa izan ohi da hartu-emana. Euskalduntze prozesuak iraun duen denbora tarte horretan langileei euskaraz ikasteko aukera eman zaie, euskarazko klaseak ordainduta adibidez. Horrez gain, mintzalagun saioak egin dira; euskaldun zaharrak euskaldun berriekin euskaraz aritzeko dinamikak garatu dira.
Zer irabazi eta zer galdu duzue enpresaren euskalduntzearekin?
Irabazi duguna da euskara txertatzea enpresaren kudeaketaren baitako eremu guztietan. Enpresarekiko atxikimendua ere gehitu egin dela iruditzen zait, euskara plana garatzeko erakutsi dugun determinazioa dela-eta. Asko eman digu euskara planean aurrera egiteak eta berau amaieraraino eramateko egin dugun ibilbideak.
Egia da, era berean, ibilbidean oztopoak aurkitu ditugula, baita zailtasunak ere. Determinazioz gainditu ditugu ordea, Anaje Narbaiza bezalako pertsonek erakutsi duten determinazioaz. Guztien izenak aipatzea ezinezkoa denez, berak ordezkatu dezake Elayren baitan urte hauetan guztietan egin den esfortzua.
Erreferente bilakatu zarete, beraz, enpresak euskalduntzeari dagokionez.
Ispilu garela uste dudan arren, esango nuke ez garela bakarrak; hor kokatzen dira Euslan proiektuaren baitan lanean diharduten gainerako enpresa guztiak ere. Zentzu horretan, kontsulta eta bisita asko izaten ditugu euren erakunde edo enpresak euskalduntzeari ekin diotenen partetik. Horiez gain, Lanbide Heziketako erakundeetatik edota beste sektore batzuetatik ere izan ditugu bisitak.
«Bainak» alde batera utzi eta ahalduntzea, etorkizuneko erronka
“Garaipen txiki” eta “bainak” alde batera utzi eta euskararen normalizazio prozesuaren etorkizunera begira ere jarri gara Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiarekin. Finean, hizkuntza baten berreskuratze prozesuak bi oin dituela dio: politikoa eta soziala, hots, hizkuntza politika egoki bat eta berau sostengatuko duen gizartea. Hori horrela, euren jarduna lau zutaberen gainean garatzen du Kontseiluak: baldintza politiko egokiak, baldintza juridiko egokiak, baldintza ekonomiko egokiak eta baldintza sozial egokiak. Azken honetan kokatuko litzateke euskalgintza, eta gainerako eremuetan eragitea izango luke helburu.
Baldintza politiko egokiak izateak hizkuntza politika berri eta eraginkor bat eskatzen du Bilbaoren esanetan, eremu guztiak kontuan hartu eta plangintza zehatz bat garatuko lukeena, bere epe eta ebaluazioekin. «Hori da hemen daukagun arazoetako bat, asko ibili baita harian-harian eta progresiboki filosofia. Plan bat egitean behar duzu plan horren jarraipena ere egin; helburuak, epeak eta ebaluazioak behar ditugu, ondoren esateko eginiko edo aurreratutako hori ongi egin den edo ez», azpimarratu du.
Bestalde, baldintza juridikoei dagokienez, arkitektura juridiko berri baten beharra aldarrikatu du. Dioenez, euskara ofiziala izan beharko litzateke zazpi herrialdeetan, baita lehentasun eta ezagutu beharreko ere: «Horrek ez du esan nahi legez euskaraz jakitea eskatzen bada legea indarrean sartu eta hurrengo egunean euskaraz ez dakien hori Euskal Herritik botako dugunik».
Arlo ekonomikoari erreparatuta, uste du euskara inbertsio gisa ulertu behar dela, baina ez gaur egun arte egin den moduan: «Beharrezkoa inbertitu behar da euskaran. Inbertsioak ez ezik, arauak ere behar dira, eta hemen diru publikoa erabili izan da arauak balio zezakeenean. Araua ezin da beti erabili, eta hor sartzen da inbertsioen kontua, euskararen erabilera sustatzean».
Zutabe sozialean kokatzen dira, berriz, “Euskaraz bizi nahi dut” kanpaina edota azkenaldian gero eta gehiago aditzen den ahalduntzearen kontua, euskalgintzaren bizkar gainera erortzen diren bi elementu gisa, etorkizuneko bidea marraztuz.
