Ramon Sola

A20: nafarren bigarren itzulia eta EAEkoen lehena

Euskal Herriko politiko, kazetari eta herritar ororen artean ere, nahi baino gehiago onartuta dago biharko hauteskundeen abizena: “orokorrak”. Harrokeria puntu ukaezina badu hitzak. Nolabait, guztiok “estatalak” deitu beharko genituzkeenak nagusiak, gorenak, lehen mailakoak, interes orokorrekoak direla irudikatu nahi du. Izendapenak oraindik itsusiagoa eta arrotzagoa egiten digu lehia. Diputatuen Kongresua baino agertoki desatseginagorik ez dago euskal subkontzientean: bertan erregetu zuten frankistek Juan Carlos I.a, borboitarren dinastia berrezarriz; bertan eman zen Otsailaren 23ko pantomima negargarria; bertan hitza hartu nahi izateagatik hil zuten tirokatuta Josu Muguruza; bertan eman zioten Juan Jose Ibarretxeri ostikoa ipurdian...

Bihar nahi den orduan tartetxo bat hartu eta hautestontzietara hurbiltzeko ariketa erraza ez egiteko erabakia hartua zuenak bere buruari arrazoia emateko aitzakia gehiago pilatuko zituen bukatu berri den kanpainan. Hauteskundeok are “orokorragoak” bihurtu dizkigute, astiro aztertzea komeni den hainbat aldagairen erruz: Espainiako berpizte politikoa eta Euskal Herrikoaren geldotzea; Iglesias eta Riveraren rock eta pop star izaera are dirdiratsuago egin duen telebistaren nagusitasuna; espainiar politikaren arinkeria eta huskeria bolbora bezain azkar eta urrun eramaten duten sare sozialak... Baina arrazoi denak ez dira koiunturalak edo teknologikoak, ez, negargarri samarrak baizik. EAJ eta EH Bilduren arteko harremana txarra dela onetsita ere, nolatan ez da posible bien arteko eta bien onerako estrategia adostu bat Euskal Herriko kanpaina Espainiakoaren aurrean ozenagoa egiteko, hemengo arazo eta eztabaidak nagusi bihurtzeko, hemengo hautagaien arteko buruz buruko, launakako edo seinakako eztabaida mamitsu, jator eta Madrilgoak bezain erakargarriak egiteko? Espainiar agendaren menpekotasunak argazki bitxia utzi digu aste honetan, zinez erridikulua: Kabulen hildako bi polizia espainolen aldeko Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren isilunea.

Harrigarria egingo zaio askori, baina nonbait hemengo agenda nagusitu bada, Nafarroan izan da. Maiatzean gertatu zen irauliak “bigarren itzuli” kutsu nabaria, erabatekoa, eman dio biharko deialdiari. Orduko akats aritmetikoa zuzendu nahian-edo, udaberrian baztertutako PPrekin bozak batzeko erabakia hartu du orain UPNk, baina zenbakitan irabaz dezakeena sinesgarritasun politikoan galdu du, Javier Esparzak kontrakoa iragarri arren UPN oraindik betiko eskuin espainiarzalea dela agerian utzi baitu. Bestaldean, aldaketa eragin duten indarren artean, benetako emergenteak, lehia sanoa Kongresuko eserlekuetarako eta batasun ariketa txalogarria Senaturako. Kosta egiten da sinestea, baina aurreko belaunaldian Nafarroan jaun eta jabe izan zen PSN Kongresuan ordezkaririk gabe geldi litekeela adierazten dute inkesta batzuek. Nabarmen ez bada ere, maiatzean batzuen eta besteen artean izandako alde eskasa zertxobait behintzat handitzea lortzen bada, aldaketa kalean bide onetik doala eta erakundeetan zuzen ari dela egiaztatuko da. Beraz, Nafarroan botopaperik ez hartzeko, aitzakia gutxi.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, aurreko hauteskundeei baino urtearen bueltan datozenei begiratu behar zaie. Egitaraua duela lau urteko berdina da, eta orduantxe Iñaki Antiguedadek BECen bota zuen esaldi borobil honek oihartzun handia izan zuen: «Baten bat bada hemen, edo zuek ezagutzen baduzue, independentista peto-petoa dena eta duda-mudatan dagoena, ‘¿cómo voy a votar yo a esas cámaras españolas?’ eta horrelakoak adieraziz, lasai asko esaiozue: ‘Artaburu! Ondo pentsatu zein den sekuentzia!’». Madrilgo lurrak ez dira emankorrak, badakigu, baina bertan ereiten dena jarraian Gasteizen jasotzeko aukera errazten du bertako lanak. Eta badabil hortik Iñigo Urkulluk hauteskundeak aurrera ditzakeen zurrumurrua, Arnaldo Otegiren kaleratzearen eraginaren beldurrez edota ezker abertzaleak bere estrategia indartzeko prozesuari aurrea hartzeko. •