Maider Iantzi
Entrevista
Agin Laburu Rezola
astigarraga, 1985

«Arriskatzera joango naiz, ahalik eta ikuskizunik onena ematera»

Maider Iantzi Goienetxe

Agin Laburu oroitzapenek hartu dute zezen plazan barneratu denean, orain dela lau urtekoek. Eta, jada elkarrizketaren hasieratik irribarrea marraztuz gaineratu duenez, txikiagoa imajinatzen zuen, memorian txikiagoa egin zuen. «Orain berriz begiratu dut gora eta esan dut ‘bastanteko handia da’, baina duela lau urte ez bezala, uste dut egoera kontrolatzeko kapaz izango naizela. Orduan egoerak jan egin ninduen. Gogoan daukat taula gainean bertan txiki sentitzen nintzela, oso txiki; ‘zer ari naiz ni hemen?’ sentsazio hori nuen, nirea ez zen leku batean nengoen sentsazioa. Aurten ez. Pentsatzen dut hori dena janda, irentsita daukadala».

Heldutasuna, esperientzia…

Bai, txapelketa hark plaza batzuk egiteko aukera eman zidan eta uste dut nire burua askoz hobeto ezagutzen dudala eta beste gorputzaldi batekin igoko naizela oholtzara.

Halere, estiloari eusten diozu: umoretsu, bide berriak bilatuz...

Ez dakit bestela egiten, e! Agian bada hautu bat, baina ez da kontzientea. Hala egiten dut eta honekin noa azkeneraino. Estilo guztiek balio dute txapelketan ere, pasatzen dena da estilo horri punta atera behar diozula. Ateratzen badiozu, iristen zara.

Zarauzko finalaurrekoa hagitz ongi joan zitzaizun. Kartzelan korapilatu zinen.

Kartzelan etorri zitzaidan biderik ebidenteena aitona edo amona hiltzea izango zen, baina ez nuen nahi, eta beste bide baten bila hasi nintzen. Agobiatzen ari nintzen ez zitzaidalako bide garbirik etortzen eta amatasun bajari kantatzea erabaki nuen, baina eman nahi nuen kurba konplikatuegia zen bat-batean egiteko. Alegia, eman nahi nion tonua gai horri bat-batean ematea oso zaila zen eta geratu zitzaidan eman nahi ez nion tonu batean. Inprobisazioak askotan eramaten zaitu nahi ez duzuna esatera ere, errima batek bestea ekartzen dizu, josi nahian zoaz eta ez nuen ondo josi. Geroztik gogoeta egin dut zer egin nahi nuen eta zer egin nuen, eta, esan dut: «Ostras, Agin, ez haiz hain ona!». Sinpleago egiten saiatuko naiz.

Bestela ongi aritu zinen, ezta?

Oso gustura. Arriskatzera joan nintzen; gauza batzuk ondo atera zitzaizkidan, besteak ez hain ondo, eta finalean ere arriskatzera joango naiz. Ondo pasatzera. Zortzi mila ikusle egongo dira eta horiei ondo pasarazi behar zaie. Ezin dugu meza bat eman; ikuskizun bat eskaini behar zaie eta saiatuko naiz ahal dudan ikuskizunik onena ematen.

Nola pasatuko dituzu final aurreko egunak?

Ez dut ezer berezirik egitea pentsatzen. Nahiko lan badaukat, etxean lau hilabeteko ume bat ere bai, eta nahiko okupatuta pasatuko ditut egunak. Tarteka bertsotan elkartuko gara, normalean Unai [Agirre] eta [Aitor] Mendiluzerekin biltzen naiz, eta Beñat [Gaztelumendi] ere etortzen da batzuetan. Baina azken astean sartuta miraririk ezin da egin. Azterketarako bezperan ikasteak ez du balio izaten.

Lasai dirudizu...

Bai, oso lasai nago. Duela lau urte akojonatuta nengoen; aurten, berriz, ondo ateratzen bada primeran, eta, ez bada ondo ateratzen, ez da ezer pasatzen. Lau urteotan erlatibizatzen ikasi dudala uste dut, eta, umea jaio denetik, gehiago. Nire bizitzan ardatz inportantea da bertsoa, baina ez nagusia. Plazarik gabe ere biziko naiz. Segitu nahi dut mundutxo honetan, baina noizbait bukatuko da eta nire mundua ez da horregatik eroriko.

Txapelketa plazan segitzeko bidea da zuretzat?

Bai, kreditu batzuk. Aparte txapelketa gustatzen zait, e! Ondo pasatzen dut. Momentuan bertan ez, baina biltzen, entrenatzen, ikasi egiten duzu asko. Baina txapelketak ez balu egingo erakustoki funtzio hori, segur aski asko ez ginateke aurkeztuko. Gure maila daukaten bertsolariak asko izanda, ez bazara txapelketan gora iristen zaila da plazan ibiltzea. Honek aukera ematen dizu merkatu horretan segitzeko.

Lehia maite duzu?

Ez dut erabateko lehia bezala bizi. Batzuetan batek irabazten du, besteetan besteak, eta ondo, gero komentatu, jiji-jaja, afaltzera joan… Ekipo sentsazioa hor dago. Txapela Unaik [Agirre] irabaziko balu, esate baterako, nik irabaziko banu bezala poztuko nintzateke. Beste edozeinek irabaziko balu ere poztuko nintzateke. Min ere hartzen duzu; Urretxun [Jexux Mari] Irazu erori zenean nik saioa irabazi nuen eta ez nengoen pozik, banekielako zer gertatu zen. Parte onak eta txarrak dauzka. Nik ondo pasatzen dut. Oraindik urte batzuetarako txapelketak badauzkadala uste dut, erortzen naizen arte.

Nola pasatuko duzu finalaren eguna?

Umeari pixoihala aldatu… [barrez]. Normalean arrebak prestatzen dizkit bazkariak bertso saioak dauzkadanean. Gero familiarekin egon eta gustatzen zait bertso eskolako lagunekin ere elkartzea; hori bai, saioa entxufatzen hasten naizenean familia agurtu eta bukatu arte bertsotara egoten naiz.

Lagunekin beti?

Bakarrik egotea ez zait gehiegi gustatzen. Ekipokoa naiz denean.

Zerbait erantsi nahi duzu?

Bai, inportanteena bertsoa dela. Ahal dugun heinean pertsona bezala hobetzea bertsotan, bertsotan egitea eta ez jendea gehiegi aspertzea. Txapelketak batzuetan kontserbadore bihurtzen gaitu eta finala bada momentu bat hori puskatu eta libre kantatzeko.