Basajaun, oiloei jaten ematen


Bernardo Antxorena elizara sartu da eta ogi puskak hara eta hona bota ditu. Dozena bat oilo korrika etorri dira berehala ogiak mokokatzera: –Honezkero ni bakarrik sartzen naiz, animaliei jaten ematera.
Tenplua ez da tenplu: sakratutasuna kendu zioten aspaldi, orain oilategia da. Herria ez da herri: monumentua da, baikor izatekotan; edo itzaletan galdutako aztarna, abenduko goiz hotz eta euritsu batean bagatoz.
Bernardo Antxorena noizean behin etortzen da. Hirurogeita hamar urte pasatxo dauzka, ile zuria, aurpegi gorrixka, keinu leunak. Antxorena izeneko etxean jaio zen, Iratiko oihanean, aizkolariak, ikazkinak eta mandazainak hartzen zituen ostatuan. Ogia, gazta eta arrautza frijituak jaten zituzten, ardoa edaten zuten, lastategian egiten zuten lo. Bernardoren anaiek zuhaitzak bota, almadiak eraiki eta ibaian behera garraiatzen zituzten Zaragozaraino.
Sei urterekin Orbaitzetako Fabrikako kolonia honetara bidali zuten Bernardo, aita-ama pontekoen etxera, hemen eskola txiki bat zegoelako. Gero Burlatan ibili zen lanean 29 urtez, eta han bizi da, baina erretiratu zenetik bolada luzeak ematen ditu Aezkoako zoko hauetan.
–Hirian ez naiz sekula moldatu. Basora bueltatzeko beharra izaten dut.
Etxe bat dauka auzo abandonatu honetan, eliza, palazio, kuartel, langileen etxebizitza, ikaztegi, aroztegi eta galdategiko labeen ondoan. Burdinazko Munizioen Errege Fabrikaren arrastoak dira, herri fantasma, basoa kolonizatzeko giza saiakera bat.
Antxorena etxea sute batek irentsi zuen. Pagadian barneratu naiz, eta mapak adierazten duen lekuan ez dut arrastorik topatu. Antxorena etxea oraindik existitzen da, ostalariarekin, arrautza frijitutan ogia bustitzen duten ikazkinekin, lastotan lo egiten duten aizkolariekin. Kontakizunean existitzen da, Basajaun erraldoi iletsua bezala.
–Hemen bildu gaituzunez, hemen gaude. Baina jakin behar duzu ezkutuan bizi garela, erbesteraturik, kanpaiei, otoitzei, ur bedeinkatuari eta isipuei ihes eginez. Ez dugu gordetzeko lekurik, latinak nonahi jarraitzen gaitu bere sæcula sæculorum-arekin.
Halaxe hitz egiten du euskal izpirituen koruak, Pio Barojaren lumapean. Aurrerago, zuhaitzen artean beste norbait azaltzen da.
–Eta zu nor zara, begi distiratsu eta gorridun munstro hori?
–Basajaun beldurgarria naiz.
–Lotsati samarra zara, hain beldurgarria izateko.
–Kolokan nagoelako. Batzuetan iruditzen zait erraldoi bat naizela, buru handikoa, beso indartsuduna, mendi baten tamainako gorputzekoa; bestetan fantasia besterik ez naizela pentsatzen dut. Ez naute euskal izpirituen bileretan onartzen. Barre egiten didate, ezin diedalako nortasun agiririk erakutsi.
Basajaun, Gaueko, lamiak: izpiritu hauetan antzinako beldurrak mamitu ziren, lehendabiziko biztanleen kezkak. Lehenengo gaztak eta lehenengo istorioak sortu zituzten artzain haiek sinesten ez ditugun kontuak eta irakurtzen ez dakizkigun seinaleak utzi zizkiguten. Orbaitzetatik gora, Azpegiko lepoan, zazpi harrespil daude. Hemen erraza da duela hiru mila urteko artzainak irudikatzea, harrizko kamera batean hilotz bat lurperatzen, ardien balakak eta haizearen uluak entzuten zituzten bitartean. Hemen, nik, orain, duela hiru mila urteko haizea eta –esan dezadan– duela hiru mila urteko balakak entzun ditzaket. Artzainen txabolak ikus ditzaket, harrespilak eraiki zituzten artzainenak –esan dezadan–. Giza jarraitasuna ikusten dut, harriari, haizeari eta etxekotutako animaliei lotuta.
Azpegitik gora, Urkuluko dorre erromatarraren arrastoak daude. Harrizko horma zirkularra, hogei metroko diametrokoa eta hiru metroko garaierakoa, barruan aldare bat zeukana. Mendiko kareharri arrailduen gainean kareharrizko bloke leun eta geometrikoak pilatu zituzten erromatarrek, dorre bat eraiki eta paisaiaz jabetzeko. Hemendik sartu zen mundu mediterraneoa, hemendik sartu ziren olioa, ardoa eta gari-ogia, galtzadak, hiriak eraikitzeko ideia, latina eta fede kristaua.
Alegia: kanpaiak, otoitzak, ur bedeinkatua, isipuak.
Harrespiletara jaitsi naiz berriz, artzainen txaboletara, basoetara, Orbaitzetako etxe abandonatuetara. Ez dut Antxorena ikusi, basora itzultzeko beharra duen gizona, kristautasuna galdutako tenplu batean oiloak elikatzen dituena, eta begi distiratsu eta gorririk ez daukana, Barojaren nobelak horixe direlako: nobelak. •
