«Entzuleari erantzun egin behar zaio eta ez nator Illunbera arratsalde pasa»

Amagoia Mujika Telleria
Lehen finala du. Galtzeko gutxi eta irabazteko asko duela jakinda ere, arduraz bizi du Illunbeko hitzordua, oholtzara igotzen den bertsolariak maila eman behar duela garbi baitauka. Entzule bezala oso exijentea omen da, eta berak exijentzia maila altuenak asetu nahiko lituzke.
Maiatzean txapelketan abiatu zinenean, zure helburuetan ba al zegoen Illunberako txartela?
Ez dakit. Ezin dizut ezetz esan, ezta baietz ere. Illunbe hor dago, eta badakizu Euskal Herriko Txapelketarako sailkatu nahi baduzu Illunbekoa baino eskailera bat beherago gutxienez iritsi behar duzula. Gipuzkoan finalera irits zaitezke? Bai, eta ez ni bakarrik, ni bezala bertsolari asko daude finalera irits daitezkeenak, baina parean egokitu behar dira gaiak, egunak, zorte pixka bat... Ez zen nire helburua Illunbe, baina ez nituen finalerako ateak ixten. Zergatik ez? Garbi neukana zen Euskal Herrikoan parte hartzeko txartela nahi nuela, helburua hor nuen jarria. Eta hortik aurrerakoa, bada primeran.
Aitonak zer dio?
[kar, kar, kar] Nire aitona kasu berezia da niretzako. Aitona zedozer ibili zen bertsotan, aita eta osaba ere ibiliak dira, eta orain Josu lehengusua eta biak aritzen gara. Aitonak beti gozotasunez esan dit ahalegintzearekin nahikoa egiten dudala, eta txapelketa guztia hori esaten pasatu du. Baina Eibarko saioaren aurretik «ttukenak han utzi» esan zidan. Eta etxera bueltatu nintzenean, ja enteratuta zegoen finalista nintzela, pozik zegoen eta hala esan zidan: «hirugarrenetik behera egiten baduk ez haiz etxe honetan sartuko». Illunbera gonbidatu dut, baina segur aski etxean ikusiko du finala, pattal samar dabil-eta.
Kanpotik ikusita badirudi toki erosoa duzula finalean. Lehen aldiz finalista, irabazteko asko eta galtzeko gutxi.
Bai, galtzeko batere ez. Baina ni zortzikotean kokatzen naiz, bertsoak bizitzeko nire moduak oso gutxi baitauka norbanakotik. Nik bertsoa talde girotik bizi dut. Esaterako, bertso saioetatik gutxiena gustatzen zaidana da herri batera edo bestera bakarrik joatea egokitzen zaidanean.
Egia da presio handirik ez dudala sentitzen, baina, aldi berean, milaka bertsozaleren aurrean kantatzea erronka bat da. Bertsotan permisibitate gutxi egoten da; oholtzara igotzen zaren unetik bertsolaria zara eta eman beharrekoa eman behar da. Nik badakit entzule bezala zein exijentea naizen eta badakit nirekin entzule direnak zein exijenteak izaten diren. Beraz, sekulako presiorik ez, baina pixka bat bai, final bat delako eta onena eman behar delako.
Bertigorik sentitzen duzu?
Bertigoa akaso ez, baina bai erronka nire buruarekin. Nik bertso txapelketetako liburu asko irentsi ditut eta liburu horietan agertzea final on bat egin duzulako gauza ederra da. Entzuleari erantzun egin behar zaio eta ez nator Illunbera arratsalde pasa.
Bi oiartzuar finalean.
Alaia oso gertukoa dut nik eta polita da biok finalean egotea. Jon Martin aurten ez dago finalean, baina nik lortu dut iristea eta bi oiartzuar izango gara. Nire inguruan bada jende bat asko lagundu didana eta haiei esker nago hemen. Final bezperako egunetan gustatuko litzaidake lagun horiekin elkartu eta entrenatzea, haiek ere final honen parte senti daitezen.
Zerorri askotan aritu zara «sparring» gisa.
Bai, askotan. Adarra jotzen didate lagunek agur dezentetan aipatu nautelako. Niretzako talde sentipen hori abantaila handia da bertsotan egiteko. Ni sparring gisa aritu naizenean benetan eskertu dut taldeko kide izaten utzi didatelako, eta, orain, finalista naizela, berdin segitu nahi dut taldean lan egiten.

Primi Erostarbe, panderojole-irrintzilari aparta gizonezkoek okupatutako plazan

«Euskal Herrikoan kantatzea ederra litzateke, Xalbadorren garaitik ez da baxenabartarrik»
Lotura zuzena
Argitalpen akademikoen mafiari erresistentzia
