«Gustura nago inoiz utzi ez dudan afizio bat berrartu dudalako»

Maider Iantzi Goienetxe
Patxadaz eta alai mintzatzen da Unai Agirre. Agian esperientziagatik izanen da; «lasai, oso lasai nago», aitortu digu Illunbeko harmailetan jarrita. Astebeteren faltan, ez zitzaion iruditzen finala bazetorrenik ere. «Aurreko finaletan beste kezka bat eduki nuen, baina oraingoan ez. Agian nire buruari ere ez diot uzten jada neurriz kanpoko garrantzirik ematen. Eguna inguratu heinean zentratuko naiz eta saiatuko naiz erabat kontzentratzen. Urduritasun puntu bat ere inportantea izaten da», diosku.
Zer moduz joan zen Tolosako finalaurrekoa?
Finalaurrekoetara denok alerta piztuta joan garela uste dut, nahiko ariketa zailak ziren-eta, bertsotan egiteko ez oso erosoak. Tolosan zortea izan genuen saioa goitik hasi zela, denak ere nahiko ondo hasi ginela eta eutsi egin geniola tentsio horri. Uste dut orokorrean sentsazio onak eduki genituela. Txapelketako saioetan ez da beti horrela izaten. Baina Tolosakoak bazituen, final honek dituen bezalaxe, zenbait gauza hori ahalbidetu zutenak. Bat, giro izugarri ona zegoen; bi, gaiak ere kantatzeko modukoak ziren; eta, hiru, taula gainean jende berria, esperientziakoa, denetarik zegoen pixka bat.
Finalak aniztasunaren faktorea betetzen du eta giroarena ere seguru.
Bai. Gero askotan faktore txikiek eragiten dituzte mugimendu handiak. Orduan, bertsotan ari garenok sekula ez dugu jakiten nola aterako den, hau bat-batean da, inprobisatua da, eta kezka hori izaten da. Horrek ere egiten du bertsoa berezi, baina nahi genuke saio on bat izatea.
Taldean esperientzia handiena duenetakoa zara.
Adinez Jon izango da zaharrena. Nik 40 urte ditut eta txapelketa askotan parte hartu izan dut. Badaude, nahiz eta gazteagoak izan, esperientzia handia dutenak, Beñat bera, Agin bera… Berriak ere bai. Esperientziak erakusten dizuna da saioa erlatibizatzen, gauzak ahal dela ondo egiten. Baina horrek ez dizu inondik inora garantiarik ematen ondo egiteko. Askotan freskotasunak ere balio du.
Euskal Herriko txapelketan ia-ia finalean sartu zinen. Hor zabiltza, puntan.
Bai, orduan oso ondo hartu nuen. Banekien oso zaila neukala eta azkenean hor ibiltzea da garrantzitsuena. Berdinketa izan zen eta [Aitor] Sarriegiri tokatu zitzaion joatea, baina ni joan izan banintz bera geratuko zen kanpoan eta berdin izango zen injustua; orduan garrantzitsuena bertsotan bakoitzak dakiena egitea da, eta emaitza izan dadila ondorio bat. Dakidana egiten badut lasai gelditzen naiz.
Nola bizi duzu bertsolaritza? Niretzat afizio bat da. Ume-umetatik honetan nabil. Gainera, fase guztiak pasa izan ditut, ibiltzetik ia uzteraino. Adin batzuetan plazak eta txapelketek ematen dizkizute uste ez dituzun disgustu batzuk ere, eta garai bat eduki nuen erabat utzi nahi nuena. Gazteago den bertso eskolako jendea tira eta tira izanik, babes horretan berriro animatu eta berriro txapelketetan hasi nintzen. Alde horretatik, Hernanin zorte handia daukagu: bertso eskola handia gara eta bertsolari asko gaude. Azkenaldian, gainera, gauzak nahiko borobil atera zaizkit eta berriz ere plazan pixka bat banabil; oso gustura nabil, denetarik izaten da, saio txarra egiten duzunean ez baita izaten gauza atsegina, baina gustura nago inoiz utzi ez dudan afizio bat berrartu dudalako.
Kantaera berezia duzu. Ahalegina egiten duzu horretan ere?
Nik uste gauzak berezi egiten direla gutxi gelditzen diren garaietan. Nire kantaera bezalakoa dutenak orain agian ez dira asko gelditzen plazan. Garai batean beharbada gehiago egongo ziren. Nik beti antzera kantatu dut. Egia da horri garrantzia ematen diodala: kantatzeari, doinuei, leku bakoitzean kantaera egokia aukeratzeari, entzun ere asko egiten dut besteek nola kantatzen duten… beti gustatu izan zait. Eta azkenaldian garrantzi gehixeago ematen saiatu gara, ez ni bakarrik, bertso eskolan ere bai, eta jendeak estimatzen du. Guretzako ere aliziente bat da.
Nola igaroko duzu finalaren eguna?
Finala lortzea oso polita izaten da, baina eguna bera ez da batere atsegina izaten niretzat. Goizean jaiki eta ez dakizu ondo zer egin. Lo egiten saiatzen zara baina goiz esnatzen zara; gero buelta bat ematera ateratzen zara baina buelta handiegia ere ez duzu eman nahi gero nekatua egon zaitezkeelako; siesta egitea pentsatzen duzu baina ez duzu egiten ez duzulako behin ere egiten eta gero tontotuta jaikiko zarelako; hori bai, aldi berean deskantsatu ere egin nahi duzu… Normalean nire buruarekin hitz egiteko aprobetxatzen dut, bestela hartzen ez dudan denbora egun horretan hartu egiten dut eta kontzentratzen saiatzen naiz, buelta bat eman, bakarrik etorri, edo bertsolari batekin, eta lasai egoten saiatu. Hori da txarrena, hasi artekoa. Behin hasita, ja listo. Lanean zaude eta buruak beste era batera funtzionatu behar du.
Bertzeak kantatzen ari diren bitartean, jarrita zaudenean, zer izaten duzu buruan?
Denetik. Entzuten eta pentsatzen egoten gara: «Honi zer kantatuko nioke nik?». Momentu batzuetan, adibidez ofizio bat aurrena bukatu baduzu eta beste hiru itxoin behar badituzu, konturatzen zara erabat aldendu zarela; txarra izaten da oso urruti joatea, berriz zentratu behar baita. Ondo ari bazara saioa segitu nahian ibiltzen zara, eta, gaizki ari bazara, saioan sartu eta kontzentratu nahian. Hor atzean gauza asko gertatzen dira.
Maitasun aitortza bat

«Teletetxoak», erretrobisoreak eta motxilak: torturaren itzala euskal gazterian

«Estatuak zuzenean egikaritu du indarkeria matxista bere funtzionarioen bidez»

Zikin, zaratatsu eta euskarazko hitzaren jabe
