Amagoia Mujika
Entrevista
Alaia Martin Etxebeste
oiartzun, 1987

«Onena emateko ondo prestatu zarela sentitzeak bakea ematen du»

Amagoia Mujika Telleria

Hirugarren txapelketa eta bigarren finala. Duela lau urtekoa oparitan hartu zuen, zuzen bila joan gabe. Aurten, baina, presioa handixeagoa da Alaia Martinentzat; bai kanpotik bai, batez ere, bere barrutik. Baina presioa kudeatzen artista da oiartzuarra.

Zure hirugarren Gipuzkoako txapelketa da. Asko aldatu al da zure kokapena lehenengo hartatik?

Bai, batez ere hori sumatu dut duela lau urteko txapelketatik aurtengora. Hasieran kostatu egin zitzaidan txapelketa honetan kokatzea. Lehen saioaren aurretik –Zestoakoa– ez nekien oso ondo nire baitan zein jarrera eraman, zertarako prestatuta joan... Batzuetan badirudi txapelketan dena ematera joan behar dela eta ez zitzaidan jarrera hori naturalki ateratzen. Sentsazio horiek ondo etorri zitzaizkidan nire jarreraren inguruan hausnartzera behartu nindutelako. Egia da ardura pixka bat sentitzen nuela. Duela lau urte helburu jarri nuen finalerdietara ailegatzea eta lehen aldiz entrenatu nintzen txapelketa baterako serio samar. Hori lortu nuen eta finalista izatea aparteko bat izan zen, opari bat. Aurten, berriz, nire buruarekin zintzoa izaten saiatu nintzen eta sentitzen nuen helburua finalean zegoela. Txapelketan ohituta nago bidean harriak jartzen eta horien gainean aritzen. Aurten sentitzen nuen aurretik batere harririk jarri gabe abiatzen nintzela eta zalantza horrekin hasi nintzen. Orain arte nire burua estutzen aritu naiz, garbi neukan finalean egon nahi banuen lana egin behar nuela

eta barruko presio horrekin aritu naiz. Beste presioak, kanpokoak, ez dit hainbeste eragin, baina bai nire baitako presioak.

Segurtasuna eta kontrola proiektatzen dituzu. Hori ere entrenatu egiten al da?

Nik uste zerikusia daukala lana egitearekin. Helburu bat baldin badaukazu eta horren alde lana egiten baduzu, gertu izango duzu helburu hori. Baina hori baino garrantzitsuagoa da norberaren buruarekin bakean egotea. «Onena ematera nator eta horretarako ahalik eta ondoen prestatuta nago». Sentsazio horrek bakea eta lasaitasuna ematen ditu. Txapelketari garrantzia eman diodala sentitzeak, egin nahi dudanaren inguruan hausnartu dudala pentsatzeak, oholtzara ondo prestatuta igo naizela sentitzeak barruko bakea ematen dit. Eta ziurtasuna bake horrek ematen du, norberaren buruarekin gerran ez egoteak.

Esan nahi duzunetik gertu sentitu zara?

Zestoako saioan bai, nahiz eta beti ikusten dudan zer hobetua saio baten ondoren. Zarauzko saioan ariketak zailagoak ziren eta lanera joan nintzen. Zarautzen gehien gustatu zitzaidan sentsazioa izan zen ez nintzela erabat eroso sentitzen eta, hala ere, aurrera ateratzen ari nintzela. Distira baino lan gehiago egin nuen Zarautzen, bakarkakoan izan ezik. Bukaerako sentsazioa ona izan zen azkenean. Finalean ariketak teknikoki ez dira hain zorrotzak eta lan teknikoa eginda joango naiz, ahalik eta hitz gehien eskura izateko eta esan nahi dudana zehazki esateko. Gorputzaldi koloretsuagoa izateko egun bat dela iruditzen zait. Finala plazetan plazena da. Ea nik bilatzen dudan bake horrekin iristen naizen eta eman nahi dudana ematen dudan.

Teknika oso zaindua duzula nabarmentzen da, puntuak aise pilatzeko adinakoa.

Inguruan oso bertsolari teknikoak izaten ditut eta horregatik, akaso, ez zait iruditzen ni oso teknikoa naizenik. Oso gaztetxotan hasi nintzen bertso eskolan eta errimak topatzea beti izan da jolas bat niretzako. Ez dut sekula errima zerrenda bat egin, baina kalean hitz bat entzun orduko jolasean hasten naiz errima bila. Hala ere, aritzeak eta aritzeak ematen du teknika.

Txapelari begiratuko diozu?

Ez diot begiratuko, nahiz eta gustatuko litzaidakeen txapela janztea. Baina lehentasun mailan txapela baino gehiago inporta zait nire estiloarekin koherentea izatea eta distira uneak uztea. Zaila da azaltzen, baina gustatuko litzaidake sentitzea gai bakoitzean sartzen naizela, gaiarekin erabateko sintonia lortzen dudala, gorputz osoarekin kantatzen dudala... Gustatzen zait gaiak berak harrapatzen nauenean, barrura sartzen zaidanean eta hortik kantatzen dudanean. Hori da nire lehentasuna.

Hortik aurrera, txapela jantzi nahiko nukeen? Bai, final bat da eta denoi gustatuko litzaiguke irabaztea. Ilusio handia egingo lidake. Baina garbi daukat lehentasuna bestea dela. Gainera, txapela etortzen da ez txapelaren bila abiatzen zarelako, gauzak ondo egiten dituzulako baizik.