«Sentitzen dut ahots propioa dudala orain, eta ez oholtzan bakarrik»

Amagoia Mujika Telleria
Faboritoen zerrendan dago. Ez da ez zerrenda zalea ezta faborito zalea ere. Duela zortzi urte plantatu zen Illunben; «zazpi zezen eta txahal bat». Txahala zen orduan, bai, baina barruan daukan bertsolaria handitu zaio. Oholtza azpikoa ere hazi egin da.
Illunbeko hirugarren finala eta zure hirugarrena. Aurreko bietan, bigarren. Asko aldatu da Beñat lehenengo hartatik.
Hala espero dut. 2007. urtean inork ez zuen espero ni finalean egoterik, eta gutxiena nik espero nuen. Gainera, bigarren geratu nintzen. Gero eta kontzienteagoa naiz nolako zortea izan nuen, ni baino ibilbide luzeagoa zuten eta ni baino hobeak ziren bertsolarien aurretik nola geratu nintzen. Nola tokatzen ez zitzaidan leku batean egon nintzen. Uste dut duela lau urte, 2011. urtean, aurreko finalaren karga hori sentitu nuela. Erakutsi nahi nuen aurrekoa ez zela kasualitatea izan, erakutsi nahi nuen zenbat ikasi nuen eta demostratu behar horrek jan egin ninduen. Aurten lasaiago nator, ez dut sentitzen ezer demostratu beharra dudanik. Gainera, poliki-poliki ahots propioa hartzen ari naiz eta badakit gaiei nola eutsi nahi diedan. Hor daukat nire buruarekin lehia.
Faboritoen etiketa jarri dizute. Horrek karga dauka.
Hori ez dago nire esku. Nire esku dago ahalik ondoen aritzea. Eta beste gauzei nahiago dut asko ez begiratzea. Nik bertso bakoitza eta puntu bakoitza borrokatu nahi dut, eta duela lau urteko sentsazio hori gainetik kendu. Lehertu egin nahiko nuke. Badakit ezin dudala duela zortzi urteko olatua sortu, jendeak ere desberdin ikusten nauelako, baina duela lau urte finalari ez nion nirea eman eta aurten hori lortu nahiko nuke.
Duela zortzi urteko finala gozamena izan zen.
Finala olatu baten gainean egin nuen, agurretik hasita. Eta uste dut ondorengo urteak ere olatuaren gainean egin nituela. Duela lau urte olatua jaitsi zela eta zer egin oso ondo ez nekiela sentitu nuen. Eta orain badakit zer egin nahi dudan.
Emozioen memoria bizia duzu. Zein sentsazio pizten dizkizu Illunbeko plazak?
Lehen finalean txiki sentsazioa izan nuen. Hasi berria nintzen plazan eta Illunbeko handitasunean oso txiki sentitu nintzen. Eta uste dut matxinatu egin nintzela handitasun horren kontra. Illunbek errebeldia sentsazio bat sortzen dit horregatik; plazak presentzia handia hartzen du, buelta guztian gainera, eta barruan dugunak eta kantatzen dugunak garrantzi handiagoa duela aldarrikatzeko behar bat sortzen da. Duela zortzi urte, handitasuna gogoratzen dut. Eta duela lau urte, hotza. Hotza zentzu guztietan, hotz fisikoa eta baita hotz mentala ere, nire buruarekin oso hotz nengoela sentitu nuelako.
Askotan nabarmendu izan da nola hazten zaren oholtzara igotzean. Iruditzen zait oholtza azpikoan ere hazi egin zarela.
Bai, nik ere hori uste dut, baina prozesua pertsona guztiek egiten dutenaren alderantzizkoa izan dela uste dut. Jendeak ahots propioa izaten du oholtzara igotzen denerako eta ni ahotsa hartzen joan naiz oholtzan bertan nengoela. Uste dut jendeak oholtza gainean hazten ikusi nauela. Anaia eta biok oso umetatik aritu gara bertsotan eta hazte prozesu hori gure kasuan publikoa izan dela uste dut. Eta, gero, publiko horretatik jaitsi eta gure baitara bildu gara, eta zer egin nahi dugun hausnartu dugu. Nik sentitzen dut ahotsa badudala orain, eta ez oholtzan bakarrik, munduan ere kokatuago nagoela sentitzen dut.
Donostiarra zarela aldarrikatu duzu finaleko prentsaurrekoan.
Donostiako komunitate zabal batentzat Xalbadorri txistu jo zioteneko finala edo Illunbeko finalak ez dira existitzen. Añorgatar kontzientziarekin etorri nintzen 2007. urtean, baina pixkanaka egokitu zaigu donostiartasun puntu bat hartzea. Donostian bada jendea euskaraz bizi dena, euskaraz gozatzen duena, bertso saioetara joaten dena... uste dut jende horrek merezi duela. Gero eta oxigeno gehiago hartzen ari da euskara hirian, baina amorrua ere ematen du beti justifikatzen aritu beharra. Illunbekoa festa bat da, baina ez da festa bat bakarrik; gure biziraupena jokoan dago eta badu aldarrikapen kutsua.
Prestaketan bakarkako lan handia egiten duzu. Aurten Hernaniko bertso eskolara ere gerturatu zara.
Txapelketa bakoitza desberdin prestatzen dut, baina egia da lan asko egiten dudala nire buruarekin. Aurten anaiarekin asko aritu naiz. Bera lehen aldiz finalerdietaraino iritsi da eta bidearen zati handi bat elkarrekin egin dugu. Horrek oso berezia egin du txapelketa hau eta karga dezente kendu dit.
Hernaniko bertso eskolara ere gerturatu naiz, Unai [Agirre] eta Aginekin [&dcTwo;Laburu]; erantzuteko prestutasuna, beren euskararen freskotasuna eta jariotasuna... hori guztia jasotzen dut haiekin. Berez badut nire baitara biltzeko joera eta laguntzen didate kontrapuntua jartzen.

