«Ez ditugu 3.000 milioiak nahi. Errefuxiatuek alde egin dezatela nahi dugu»
Mugako hiri honetako biztanleek siriarrekiko pazientzia galdu dute eta, ohiko adeitasuna bertan behera utzita, errefuxiatuek Reyhanlitik alde egin dezatela nahi dute. Horregatik, siriarrak Anatolian mantentzeko asmoz AKP alderdiak eta Europar Batasunak sinatu duten akordioaren aurka agertu dira, 3.000 milioi euroren truke bada ere.

Siriar errefuxiatuak goizeko lehenengo ordutik bildu dira 2013ko maiatzaren 11ko atentatuan hildakoak gogoratzen dituen biribilgunean. Eraikuntzan edo nekazaritzan beren egoera dramatikoari irtenbidea eman nahian ari diren jornaleroak dira. Eguerdian, hogei inguruk hor diraute, 50 pertsona baino gehiago hil ziren tokiaren inguruan ibiltzen. Bi lehergailuk eztanda egin zuten bertan, Reyhanliko erdialdean, Hatay eskualdean, Cilvegözü izeneko mugako pasabidetik hamar kilometrora kokatutako hirian.
Ondoko lurraldeetan bizi diren turkiarrek bost urtez ikusi dute gerrak eragindako iheslarien etorrera eta beso zabalik hartu dituzte. Baina orain beldur dira; inork nahi ez dituen arrotzez nekatuta –3.000 milioi euroko prezioa duten arrotzak–. «Ez ditugu 3.000 milioiak nahi, errefuxiatuek alde egin dezatela nahi dugu», dio hiriko erdialdean janari denda baten jabea den Ömer Yumusakek.
Justizia eta Garapena Alderdiak (AKP) zuzentzen duen Gobernuak eta Europar Batasunak mugako kontrolak indartzeko eta Anatolian bizi diren bi milioi errefuxiatu siriarren kostuari aurre egiteko hitzarmen ekonomikoa adostu dute. 3.000 milioi euroren truke, Estatu turkiarrak legez kanpoko etorkinen ilararen iturria ixteko konpromisoa hartu du. Joan den udan iheslarien errenkada hauek agerian utzi zuten politika europarraren alde ilunena. Hitzarmena adostu bezain pronto, Greziara iristen saiatzen ari ziren 1.000 siriarrak gelditu zituzten Anatoliako mendebaldean, amets europarraren bila ehunka txalupa abiatzen diren tokian.
Gainera, Gobernuaren aldeko egunkariek nabarmendu zutenez, 2016ko udazkenean «Schengen eremuan» turkiarrentzat bisak liberalizatzea onartuko da hitzarmenaren ondorioz. AKP barneko politikan erabili duen hitzarmenaren beste ordainketa bat da.

Europaren lezioa?
Baina neurri hori bost axola Ömerri. «Denda honetan 11 urte nuenetik daramat lanean. Ez dut besterik ezagutu eta neurri horiek errefuxiatuekin bizi ez diren gutxi batzuen mesederako izango dira», adierazi du, eta EBk hartzen dituen errefuxiatu kopuru txikiarekin suminduta agertu da: «Eta moral lezioa eman nahi digute? Eta gero musulmanak gara gaiztoak?».
Turkia eta Siriaren arteko mugan egoera duela bi urtetik usteltzen ari da. Orain turkiarrak konturatu dira gerra ez dela Gobernuak aurreratu zuen bezain azkar bukatuko eta bi komunitateen arteko gatazkak ez direla hasieran bezain noizbehinkakoak. Urfa, Gaziantep eta Hatay bezalako eskualdeak gainezka daude. Beren biztanleek diotenez, turkiar adeitasuna bukatu da, eta Gobernu islamiarraren erabakiak, Europarekiko mugak ixten, bere biztanleen aurka doaz. «Diruaren eta boterearen truke egiten dute dena, baina ez dute inoiz guregan pentsatzen», azaldu du izena eman nahi ez duen AKPren jarraitzaile batek.
Hatay Anatolian dauden eskualde mestizoenetarikoa da. Eskualde osoan jendeak arabieraz zuzen hitz egiten du, beraien historiaren eta merkataritzako tradizioaren herentzia. 1939an, Hatayko biztanleak Sirian zegoen aginte frantziarra utzi eta Turkiako Errepublikan sartu ziren, erreferendumean hala bozkatu ondoren. Mendebaldean gehiengoa alauia da eta Baxar al-Assad Siriako presidentearen alde dago. Samandag bezalako hirietan kemalismoa edo suniak ez diren ezkerreko beste aukerak dira boto gehien jasotzen duten alderdiak. Reyhanlin, berriz, AKP bezalako alderdi kontserbadore suniek menperatzen dute hauteskunde panorama.
Herrialdea kolorea galtzen
Mende batez Siriari lotuta egon den inguru honetako ekonomia kaltetzen ari da gerra. «Hauxe da gatazka gogorren pairatzen ari den turkiar herrialdea. Siriaren bidez Ekialde Ertainarekin negozioak egiteko gunea zen. Orain muga itxita dago negozio txikientzat eta batzuek dena galdu dute», onartu du Hasan Turunçek, Askatasuna eta Elkartasuna Alderdiko kideak (ÖDP). Talde ezkertiar hau aspaldian izan zen garrantzitsua herrialde horretan, baina gaur egun oso txikia bihurtu da.
Turunçek azaldu duenez, herrialde koloretsu honen gainean laino beltzak zabaltzen ari dira gerraren eraginez. «Orain biltegiek armak dituzte gure barazki preziatuen ordez; jendea kalera gauez ateratzeko beldur da eta ez dago lanik. Gure izaera galtzen ari gara», ohartarazi du. Antzeko hitzak ditu Ömerrek ere: «Gerra baino lehen egoera oso ona zen. Denontzako lana zegoen. Orain siriarrek diru gutxiagoren truke egiten dute lan eta enpresariek errefuxiatu bat nahiago dute, merkeago ateratzen zaielako. Gainera, azken urtean, lapurtzen hasi dira, gose direlako, ez dute zergarik ordaintzen eta kontrabandoa da beren bizimodua», gaitzetsi du bere dendan.
Elkarrizketaren erdian, gazte siriar bat sartu da. Kontrabandoko kafea dakar; bi kutxa, eta bakoitzean, hamabi pakete. Arabieraz, prezioaz eztabaidatu dute. Ez dira akordio batera iritsi. Ömer bera, minutu bat lehenago kontrabandoaz kexu zena, mugaren bi aldeko legez kanpoko trafikoa suspertzen duen kateko maila baino ez da.
Kontrabandoa ez da gerraren ondorioa, beti egon da hor, mugako hiriak zeharkatzen Turkiako hiri handietara iristeko. Jendeak kale erdian saltzen du legez kanpoko tabakoa eta agintariek, jakinaren gainean, inoiz ez dute ezer egin galarazteko. Gerrak ekarri duen ondorio argia produktuen garestitzea izan da: tabakoaren zein gasolioaren prezioa %25etik gora igo da.

Gizon armatuak
Lana eta inflazioa Hatayko biztanleek duten arazoak dira orain, baina Ömer kezkatuago agertzen da segurtasun faltagatik. 2013an 50 pertsona baino gehiago hil zuen atentatua gertatu zen eta Reyhanlitik kilometro gutxira dagoen Atme hiri siriarra Estatu Islamikoaren (ISIS) esku dago. Jihadisten eta hirian lo egiten duten talde armatuen joan-etorriak bere abegitasun handiagatik ezaguna zen herri turkiarra mesfidati bihurtzen ari dira. «Hatayn ez dugu bakarrik errefuxiatuen arazoa jasaten, gerrako gripeak ukitu gaitu. AKP talde armatuak babestu ditu eta herria hortik guztitik urrundu egin nahi du, Sirian jendea erail ondoren herri honetara etor daitezkeelako», adierazi du Turunçek. Turkia eta Siriaren arteko muga porotsua, 900 kilometro baino gehiagoko luzera duena, Barack Obamak eta Recep Tayyip Erdogan presidente turkiarrak Parisko goi bileran eztabaidatu zuten arazoetako bat izan zen. Etxe Zuriak presidente turkiarrari muga ixteko eskatu dio jihadisten joan-etorria gelditzeko. Neurri horrek joan-etorri horretan arazo nagusia ikusten duten turkiarrak poztuko lituzke. Siriarrak erdian geratuko lirateke, kontrabandoa, bizirauteko duten aukera gutxietako bat, galduz. Turunç, alderdi ezkertiarra ordezkatzen duena, ez dago gerratik ihes egiten dutenak hartzearen kontra, baina «bai etengabe joaten eta etortzen ari direnak. Arazoa ez dira errefuxiatuak, Estatua eta talde armatuak bizik. Gustatuko litzaizuke zure auzokidea pertsona armatua izatea?». Hasan bizitza osoan nekazaria izan da eta erretiratua dago. Argazkian agertzeko takke-a jantzi du, musulman kontserbadoreek erabiltzen duten txanoa. Zahar atsegin eta alai hau bere hiriaren aldaketaren lekukoa izan dela dio. Denek beren auzokideengandik dena ezagutzetik inorengan ez fidatzera pasatu dira. «Siriarrak kontrol gogorrik gabe joaten eta etortzen dira. Ez dakigu nortzuk diren, terroristak diren edo ez. Horregatik gerta daiteke edozein gauza», esan du. «Hiri osoak daki ISISen ideiak dituen jendea erakunde jihadista sortzen saiatzen ari dela».
Etengabeko tentsioa
Reyhanli hiri kontserbadorea da eta anatoliar askorentzat ISISen gunea da Siriako mugan. Bertako emakume gehienek belo turkiarra erabiltzen dute –ilea agerian ez uzteko buruko zinta–, baina orain txadorra edo nikaba hedatu dira. «Lehen bazeuden erabat estaltzen ziren emakumeak, baina orain askoz gehiago dira», azaldu du Hasanek. Erretiratu honek azpimarratu duenez, «arazo asko beste pentsaera duen jendearengandik dator, gero eta gehiago dira eta beren ghettoak sortzen dituzte». «Etengabeko tentsioan bizi gara. Ez dakigu noiz eror daitekeen misil bat edo noiz jarriko diguten beste bonba bat», gaineratu du Ömerrek.
Hasanek bezala, Ömerrek badaki errefuxiatuek beren herrira itzuli nahi dutela. Baina gerra oso egoera txarrean dago Hatayko mugan, eta ez du uzten bi komunitateen nahia betetzen: siriarrek beren herri suntsitura itzuli nahi dute, eta turkiarrek, alde egin dezatela. Ömerren hitzetan, «guztiz kontrakoa gertatzen ari da»: «Gero eta errefuxiatu gehiago datoz Hatayra, orain Errusiak bonbardatzen dituen turkmenak bezala. Abegitsuak gara, mundu guztiak daki hori, baina arrotza datorrenean egun batzuk igaro ostean badoa. Beraiek denbora luzeegia geratu dira eta gure pazientzia agortu egin da».

