Mirari Martiarena

Giltzak

Urtea bukatzera doa. 2016aren atarian gaude. Egutegiaren azken orri meheak salatu digu bukatzera doala; aurtengo 365 egunak pasa direla. Batzuentzat azkarregi pasako ziren, besteentzat motelegi eta izango da urte erdia azkar eta beste erdia motel pasa zaionik ere. Egutegi berriak zain ditugu paretetan zintzilik jartzeko eta agenda zuriak prest bileretako hitzorduez betetzeko. Zenbat zubi, jai egun eta oporraldi ditugun kontatuko dugu, gero erdiak aprobetxatuko ez ditugun arren.

Balantzeak egiteko ordua izaten da urte bukaera. Balantze ekonomikoak, balantze emozionalak, balantzeen balantzak. Eta helburuak bete ditugun edo ez axola gabe, datorren urteari eskean hasiko gatzaizkio. 2016rako helburuak finkatuko ditugu, osasuna eta maitasuna eskatuko dizkiogu. Gauza txarrak eraman ditzala aurtengoak eta onak ekar ditzala datorrenak. Izan dadila datorrena pasa duguna baino hobea, eta «ez da zaila» gehituko diote askok.

Urte berriari izan ditugun eta ditugun beldur, arazo eta buruhauste guztiak konpontzeko eskatuko diogu. Urtarrilaren 1ak denak desagerraraziko balitu bezala. Egutegiko orria urtez aldatzearekin, magia bidez benetan bizi berri bat hasiko balitz bezala. Egia da, mugarri den egun bat dela, baina miraririk ez da gertatzen. Eta gertatzen badira niri ez zaizkit egokitu. Urte berria bestondoarekin edo mendi bueltarekin hasiko dugu gehienok. Ausartenak, parrandatik mendira joango dira.

Askotan gugan dauden mamuak uxatzeko giltzak guk geuk ditugu eta iruditzen zaigu urte berrian esne mamitan esnatuko garela: beldurrik, arazorik eta haserrerik gabe. Tamalez, gehienetan, hortxe jarraitzen dute eta guk erabaki behar dugu horiekin bukatzeko aroa noiz hasten den. Izan urtarrilaren 1a, maiatzaren 11 edo abenduaren 31.

Ez dut ezkortasun mezurik zabaldu nahi. Giltzak aurkitu eta erabiltzean dago gakoa. Egunero giltzatu daitezke ateak eta giltza horiekin zabalduko ditugu bide berrietako atakak. Ez dugu urtarrilaren 1aren zain egon beharrik zoriontsu izaten hasteko. •