Iñaki Altuna

Podemos, «Troiako zaldia» edo aukera berriak?

Podemos sekulako indarrarekin sartu da euskal mapa politikoan. Lehen indarra Hego Euskal Herrian, lehen indarra Araban eta Gipuzkoan, eta bigarren indarra Nafarroan eta Bizkaian. EAEn ere lehen indarra izan da, eta hilabete gutxi barru Legebiltzarrerako hauteskundeak izango direla gogoratu behar da. Hauteskunde orokorrak izateak –hau da, Estatuko joerak izugarri markatzeak– eragin handia izan du emaitza horietan, baina sinplekeria litzateke pentsatzea ondorengo hauteskundeetan Podemos azukre koxkor bat bezala urtuko denik. Apalduko den arren, geratzeko etorri den fenomenoa dela dirudi.

Fenomeno hori aztertzekoan, hauteskundeotan oso kaltetuta atera den ezkerreko independentismoak bi modutan ikusi du, han eta hemen irakurri eta entzun ahal izan ditugun iruzkinek islatzen dutenez. Batzuen ustez, Podemos “Troiako zaldia” izan daiteke, euskal herritarrak asimilaziora eman ditzakeen eta burujabetza prozesuari muga jarri diezaiokeen Troiako zaldia, alegia. Independentismoaren galga, hain zuzen. Beste batzuen ustez, ordea, erabakitzeko eskubidearen oinarria izugarri zabaldu da, eta horrek aukera politiko berriak eskaintzen ditu.

Bi posizio horiek modu argian agertu ziren joan den igandean Info7 irratiak eskainitako hauteskunde saioan, kanpotik etorritako bi ahotsen bitartez. Galiziar soberanista batek Podemos kasik Estatu espainolaren operaziotzat jo zuen. Segidan, hautatu berria zen ERCko diputatu batek hango prozesua indartuta irteten dela esan zuen, eta Podemosen –En Comú Podem, hobeto esan– boza erabakitzeko eskubidearen eremuan kokatu zuen gardenki.

Euskal Herrira bueltatuta, esan daiteke bigarren balorazioa –erabakitzeko eskubidearen oinarria zabaldu egin dela, nahi diren salbuespen eta ñabardura guztiekin– objektiboa dela, eta lehena –Troiako zaldia dela– subjektiboa. Horrek ez du esan nahi azken hori zuzena ez denik, nork daki, baina gehiago dagokio balorazio politikoari datuen azterketari baino.

Erabakitzeko eskubidearen aldekoen indarra

Zer diote, bada, datuek? 2011n erabakitzeko eskubidea –teorian bederen– aldarrikatzen zuten indarrek (EAJ, Geroa Bai eta Amaiur) botoen %46 biltzen zituzten. IU-IEk botoen %4,10 zituen, baina nekez kokatu ahal zen erabakitzeko eskubidearen eremu horretan. Oraingoan, eskubide horren aldeko indarrek –egia bada ere EAJ bere jarrera gero eta gehiago epeltzen ari dela–, Podemos gehituta, botoen %60,3 lortu dituzte. Ñabardura guztiekin, berriro ere.

Orduan indar abertzaleak –teorian hori ere– ziren erabakitzeko eskubidea defendatzen zuten bakarrak. Orain, Estatu mailako proiektua duen indar bat ere gehitu da. Horrek bi ondorio ditu: baga, herri mugimenduak azkenaldian bilatu duen zeharkako izaera lortu ahalko luke erabakitzeko eskubidearen eskabideak; biga, EAJren ezinbestekotasuna apalduko litzateke, eredu progresistago baten mesedetan. Egia bada ere EAJri horrek denak eragin diezaiokeen beldurrak oraindik are eta uzkurrago bilaka dezakeela ez aurrera ez atzera dagoen alderdia. Nolanahi ere, urteotan egiaztatu da EAJ ez dela prest izan burujabetza prozesu bati ekiteko. Horixe da egungo errealitatea.

Bere buruari begiratu eta bere burua eraldatu

Ezkerreko independentismoari eskaintza egitea dagokio, egitura juridiko-politikoaren eztabaida eta erabakitzeko eskubidea berriro ere erdigune politikoan jar daitekeelako eta aukera politikoak aprobetxatu egin behar direlako. Alde batetik, proiektu estrategiko erakargarri bat aurkeztu beharko luke. Izan ere, Estatuan ikusitakoaren arabera, bertatik ez da ezer onik etorriko. Erabat esanguratsua da Podemosek estaturik gabeko nazioetan arrakasta izan izana eta askoz ere gutxiago beste lekuetan. Beste alde batetik, gaur egun independentista ez diren baina behinik behin erabakitzeko eskubidea onartzen duen indar bati botoa eman dioten milaka eta milaka lagun horiei (Troiako zaldia kanpoko soldaduz zegoen beteta, baina Podemosi bertako jendeak eman dio boza) helburu apalagoak eskaintzeko gai izan behar du independentismoak, adibidez, gaur egungo egitura juridiko-poltitikoen aldaketarako proposamenetan. Burujabetzaren bidean urratsak liratekeen eta sektore horien aldekotasuna lortuko luketen proposamenetan. Eskuratuko balira, urratsa; Estatuak galaraziko balituzke, urratsa, sektore horiek, inposizioaren aurrean, independentismorantz dekantatzeko aukera zabalduko bailitzateke.

Ariketa hori guztia egiteko ez dago unerik onenean ezkerreko independentismoa, bere buruari begiratu behar baitio hauteskundeetan izandako porrota dela-eta. Bere buruari begiratu eta bera burua eraldatu. Arazoak ez dira, edonola, gaurkoak. Ezker abertzalearen estrategiaren aldaketa bere osotasunean ulertu ez izana eta Bilduk suposatu zuen freskotasunari gehiago tira ez izana –aktibatu zen jendeari eta moduei bide gehiago eman ez eta betikora bueltatu– egon daiteke egungo egoeraren iturburuan. Beste modu batera esanda: garagardo bati apar asko ateratzen zaionean (Bilduk izan zuen) bere senera utziz gero, aparra jaitsi baina zerbeza igo egiten da, eta, hala, edateko moduko basokada ederra geratzen da. Berehala aparra kentzen bada, aldiz, garagardoak ez du gora egiten.

Seguru asko, EH Bilduk detektatuta zituen jada arazoak, emaitzok horiei sakonki aurre egiteko premia baino ez dute ekarri. •