Aimar Etxeberria Korta
Entrevista
Khadija Boutaleb
Maroko

«Umeak, gainerako lagunekin, Olentzero abestera irtengo dira. Etxean, baina, ez dugu ezer ospatuko»

Berria da Khadija Boutaleb Euskal Herrian; urtebete pasatxo baino ez darama Zestoan. Bere senar Tahir eta hiru alabekin etorri zen: Somaya, Hafsa eta Rania. Aurrez, ordea, Valentzian egin zituen zazpiren bat urte; ezagutzen du, beraz, Gabonak ospatzeko modu mendebaldarra.

Zuen jatorriko herrialdean, nola ospatzen dira Gabonak?

Marokon ez dugu Gabon gaurik ospatzen, baina urte berriari egiten diogu merezi duen ongietorria. Familian elkartu eta afaria egiten dugu, gauerdira arte itxaronez. Baina ez dugu oparirik-eta egiten. Kontua da Marokon egutegi mendebaldarra erabiltzen dugula, Frantziaren menpe bizi izan ginelako urte luzetan zehar. Baina herrialde arabiar gehin-gehienek (Saudi Arabia, Egipto, Dubai...) euren egutegi propioa dute, guk ere erabiltzen duguna zenbaitetan.

Ospatu ez izanagatik, ordea, Marokoko giroan antzematen da Gabonak direla. Hiri nagusiak argiztatu egiten dira, eta Bizar Zurirena egiten duten pertsonak egoten dira kalean, haurrekin argazkiak ateratzeko, baina oparirik ez da egiten. Zoriontasunaren garaiak dira, familian elkartzekoak, baina opariek ez dute lekurik gure ospakizunetan.

Hemengo Gabonekin alderatuz, ze ezberdintasun azpimarratuko zenituzke?

Asko gustatzen zait hemen Gabonak ospatzeko duzuen modua. Argi asko jartzen dira, eta umeak oso pozik ikusten ditut; horrek asko pozte nau ni ere. Urtezahar eguna soilik ospatuko dugu guk, ordea, etxean, Gabon gauean ez dugu ezer berezirik egingo. Hala ere, umeek gainerako lagunekin batera eskolan egiten diren ekintza guztietan hartuko dute parte. Olentzero etorri berri zaie eskolara, kalean abestera aterako dira... Etxera etorri eta Olentzeroren abestiak kantatzen dizkidate!

Nola azaldu diezu zuek ez duzuela Gabon gaurik ospatuko eta Olentzerok ez diela oparirik ekarriko?

Azkenaldian galdera asko egiten ari dira umeak, normala denez. Zuhaitza jarri behar dugula diote, opariak eskatzen hasi dira... Eta esaten diet: «Begira, maiteak, guk pozik gaudela ospatuko dugu, baina gu musulmanak gara eta hau ez da gure ospakizuna». Eta ulertzen dute. Beraz, gainerako umeekin ekintza guztietan hartuko dute parte, baina etxean ez dugu ezer ospatuko. Abestera irteten direnean gu ere kalera aterako gara ikustera. Aurreko urtean ez nuen aukerarik izan, eta gustura ikusiko nituzke. Gauza horiek guztiak pila bat gustatzen zaizkit: Valentzian bizi ginenean ere asko disfrutatzen nuen fallak erretzen zituztenean. Umeak oso pozik ikusten ditut, eta horrek pozten nau batez ere. Familia bertako ohituretan integratzea garrantzitsua dela iruditzen zait.

Ba al duzue antzeko tradiziorik zuen jatorriko herrialdean?

Ezetz esango nuke. Guk, adibidez, hil honetan gure profetaren jaiotza ospatuko dugu. Egutegi arabiarraren baitako ospakizun bat da; 12an ospatuko dugu. Ospatzeko modua, ordea, oso ezberdina da: Jainkoaren omenezko errezoak egingo ditugu, argi berriaren iritsiera izan zela ospatuko dugu. Horretarako familiarekin elkartuko gara, pozik gaudela aldarrikatuz, baina oparirik gabe kasu honetan ere.

Urte berriari, ordea, bai egingo diogula ongietorria. Kuskusa prestatzen dugu ospakizun honetarako, egun berezia delako guretzat. Familia bazkarietarako eta oso aproposa da kuskusa, pertsona askok plater berdinetik jatea ahalbidetzen duelako.