Isidro Esnaola

Zetaren Bide Berriaren egitasmoa

Zetaren Bide Berriaren egitasmoa iragarri zuen Xi Jinping Txinako lehendakariak orain dela bi urte. Izen horrekin Txina eta Europaren arteko loturak garatzeko eta sendotzeko proposamena laburbildu zuen. Praktikan, ibilbidea birsortzeko azpiegiturak eraikitzea proposatu zuen, hau da, inbertsio plan erraldoi bat iragarri zuen. Txinako Gobernuak inbertsio horien inguruan «gerriko ekonomiko» bat sortu eta garatzeko deia egin zien gainontzeko estatuei. Norabide berean, Asia eta Ozeano Bareko Ekonomia Elkarlana (APEC) biltzarreko azken batzarrean Txinako lehendakariak proiektuak «eskualde mailako kooperazioa sakona, zabala eta sofistikatua irekiko duela eta horrek eskualde mailako eremu ireki, orekatu eta guztiontzako onuragarria sortuko duela» esan zuen.

Egitasmoak ez du zehaztapen handirik izan oraingoz. Aurten, baina, zertzelada batzuk egin dituzte publiko Txinako buruzagiek. Esate baterako, Txina eta Europa lotzeko plan horretan Afrika ere erpin batean kokatzen dute. Hala, elkar osatzen diren hiru bide nagusi marraztu dituzte. Alde batetik, itsas bidea dugu: Txinan hasten da, Indiako Ozeanotik Afrikara iristen da, eta, bertatik, Suezko kanaletik, Europan sartzen da. Beste aldetik, Zetaren Bide historikoa da erdiko bidea: Erdialdeko Asiatik doa, Kaspiar itsasoa hegotik zeharkatzen du eta Turkiatik Europan sartzen da. Hirugarren adarrak Pekin eta Mosku lotzen ditu; bide hau Bielorrusiatik sartzen da Europan.

Proiektuak aldaketa batzuk ekarriko ditu merkataritza arloan, baina nahiko apalak izango dira. Eskualde batzuetan eragin handia izan ditzakete aldaketok, baina fluxu nagusiak ez dira asko aldatuko. Gaur egun, Txinako merkantzien esportazio eta inportazio gehienak itsasoz mugitzen dira, eta, etorkizunean ere, horrela izaten jarraituko du, garraiobide merkeena delako. Bestalde, egun Pekin eta Moskuren arteko lotura badago. Proiektu honekin azpiegiturak zabalduko dira, baina adar horren garrantzian ez da iraulketarik espero. Aldiz, oso posible da pisua galtzea erdiko bidearen mesedetan. Erdialdeko Asiatik doan adarrak egun ez dauka sustantzia handirik. Eremu horretan azpiegituretan inbertsio erraldoiak egitea beharrezkoa da. Horiek, gaur-gaurkoz, Txina bakarrik egin ditzake, bere ekonomiak ahalbideratzen diolako. Kontuan hartu behar da, batetik, merkataritzako superabitak baliabidez hornitzen duela Txinako ekonomia; bestetik, Estatuaren kontuek ez dute apenas defizitik eta zor publikoa txikia da. Beraz, plana eta baliabideak ditu Txinak. Inbertsioak bideratzeko, Asiako Azpiegituretako Inbertsio Bankuak funts berezi bat sortu du. 2014an 40.000 milioi dolarreko inbertsioak egin zituen proiektu ezberdinetan. Funts horretan 50 estatuk parte hartzen dute, tartean Britainia Handia, Frantzia eta Alemania. Ameriketako Estatu Batuek ez dute parte hartu nahi izan. Analista batzuentzat erabaki hori akats larria da.

Nahiz eta oraindik detaile asko ez diren ezagutzen, planaren bueltan eskualdeko estatu guztiak ahalik eta posizio hoberena lortzen saiatzen ari dira. Horrela, Ukrainiak eskaini du jada bere lurraldea goiko adarra garatzeko. Errusiako Gobernuak proiektuaren garapena zuhurtziaz ikusten du: erdiko adarra indartzen den neurrian, goiko adarra –Pekin eta Moskuren arteko lotura– ahulduta gera daitekeelako. Errusiako analistek beste bi nazioarteko akordiotan jartzen dute indarra: Eurasiako Batasun Ekonomikoa eta Shanghaiko Lankidetza Erakundea. Edozein kasutan, hiru akordiootan Txinak berak du lidergoa.

Zetaren Bide Berriarekin Txinako Gobernuak bere inguruan dauden herrien garapena bultzatzeko apustua egiten du. Egun pilatuta dituen baliabideak beste herrialdeen garapenean inbertitzeak merkatu berriak irekiko dizkio etorkizunean Txinari. Horrez gain, ingurune askoz seguruagoa eskainiko dio, aberastasunaren sorrera eta banaketak gatazkak gutxitzen baititu. Txinak bide guztien zentroan kokatu nahi du bere burua, garai bateko “Erdiguneko Inperioaren” posizioa berreskuratzeko. •