Laura Mintegi

Ez da kopuru kontua, justiziazkoa baizik

Gaur arratsaldean Bilboko eta Baionako kaleak beteko dira, beste behin ere, espetxe politika aldatu behar dela aldarrikatzeko. Ez dut zalantzarik milaka eta milaka pertsonak errepikatuko dutela urteroko mezua; bestelako espetxe politika behar dela alegia, Espainiako gobernuak entzun dezan.

Biharamunean zifra-dantza ibiliko bada ere, ez nau arduratzen aurtengo deialdian iazkoan baino jende gehiago edo gutxiago egongo den, gaurko aldarrikapena, honezkero, errotuta dagoelako euskal gizartean, biltzen den kopurua gorabehera.

Laster bi urte izango dira Euskal Soziometroak datu interesgarriak eman zituenetik espetxe politikaren inguruan euskal herritarrek duten jarreraz. Datu hauetan ikusten da herritar gehienak bat datozela politika hori errotik aldatzearekin, eta halaxe adierazten zuten orduko galdetegian.

Sei galdera luzatu zizkieten inkestatzaileek herritarrei. Lehen galdera zen: “Nola ikusten duzu, ETAren indarkeria amaitu ondoren, Espainiako gobernuak mantendu duen espetxe politika?”. %45ek zioen gaizki iruditzen zaiola, eta bakarrik %12k ikusten zuen egoki gaur egungo espetxe politika mantentzea.

Bigarren galdera zen: “Zergatik uste duzu gobernua gaizki ari dela?”. Eta %64k zioen «sakabanaketa mantentzen ari delako». Horrez gain, herritarren %17k zioen «ez delako babesten ari ETAtik bereizi diren presoen birgizarteratzea».

Hirugarren galdera zen: “Zure iritziz, egungo egoeran, Espainiako gobernuak presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbildu beharko lituzke?”. Eta baietz esaten zuen %73k, eta bakarrik %15ek esaten zuen ezetz.

Laugarren galdera zen: “Zer iruditzen zaizu gaixotasun larri edo sendaezin bat duten ETAko presoak askatzea, legeak ezartzen duen bezala?”. Ondo ikusten zuen %71k, eta, gaizki, aldiz, %12k bakarrik.

Bosgarren galdera zen: “Badira hainbat espetxe-onura legeak preso guztiei ezartzen dizkienak, besteak beste, baimenak, asteburuetako irtenaldiak, eta abar. Uste duzu espetxe-onura horiek ETAko presoei ere eskaini behar zaizkiela?”. Eta baietz esan zuen %66k. Ezetz, soilik, %20k esan zuen.

Azkenik, inkestatzaileek galdetzen zuten: “Uste duzu, egungo egoeran, Espainiako gobernuak, legearen barruan, ETAko presoen birgizarteratzea erraztu behar lukeela?”. Hemen erantzunak dibertsifikatu egiten ziren: %47k zioen baietz, preso guztiena, salbuespenik gabe; %22k zioen bakarrik odol deliturik ez zituzten presoena, eta, azkenik, %20k zioen preso guztiek zigor osoak bete behar dituztela.

Soziometroaren inkesta egin zenetik ia bi urte joan dira eta seguru nago datu hauek areagotu egin direla presoen egoera aldatzearen alde. Gero eta hedatuago dago gizartean egungo sakabanaketa eta urruntzea zigor gehituak direla presoentzat eta, bereziki, beren familientzat.

Beraz, horrexegatik ez du ardura zein den bihar egunkarietan aterako den zifra-dantza, ez du ardura aurten jende gehiago ala gutxiago kaleratuko den, ez du axola kaleak goraino edo erdiraino beteko diren; gaur Bilbon eta Baionan egon ez diren askok eta askok bat egiten dutelako manifestazioen aldarrikapenarekin, kalera irten ez arren.

Eta bestalde, zifrak ez dira aitzakia. Garrantzitsuena ez da manifestari kopurua edo zenbatek erantzuten duten inkesta modu batera ala bestera. Ez da kopuru kontua, justizia kontua da. Eskaera justua denean, ez du axola kopuruak. Espetxe politika aldatzeko argumentarioa ez da bilatu behar datuetan, eskubideetan baizik.

Kartzelak hustu behar dira eskubide oinarrizkoak bete behar direlako, legea eskuan zigor asko beterik daudelako, gaixo daudenak askatu behar direlako, epaiketa guztiak ezohiko kodigopean burutu zirelako, ezarritako zigorrak neurriz kanpokoak direlako eta Espainiak, behingoz, estatu demokratiko homologagarria dela frogatu beharra duelako. •