Gabon solidariorik ez dago, konponbidea politikoa delako


Solidaria,-o” 1990eko hamarkadan Itoitzeko (Nafarroa) urtegiaren aurka borrokatu zirenei esaten zitzaien. EiTBk “maratoi solidarioak” antolatzearekin batera, 2000tik aurrera, “solidaria,-o” emozioak bultzatuta dirua ematen duenari esateko erabiltzen da. Ez da harritzekoa “uholde solidarioa” krisialdiaren eraginpean gauzatu izana, Jaurlaritzak gastu soziala murriztu duelako. Beraz, krisialdiak “solidario” egin gaitu. Baina “solidaritatea” ez da apolitikoa: eskumakoa da, karitatea delako, premia sozialak unean uneko ekitaldiak balira bezala ulertu ditugulako.
Karitatea da arazo sozialei izaera politikoa kendu dielako eta emozioarekin bete. Horregatik, gero eta “ekitaldi” gehiago egoten da.
• «Miles de chapuzones a favor de la investigación sobre la esclerosis: Ya van 18 ediciones» (GARA, 2015/07/13).
• «Una marea rosa corre por el cáncer de mama en Bilbao» (“El Correo”, 2014/10/12).
Ez dut ezagutzen minbiziaren alde dagoen inor. Minbiziari aurre egiteko baliabideak, baina, ezinbestean politikoak dira. Dirua jasotzea afektatuen urgentziazko beharrei erantzuteko tresna da. Erakundeek dirua horretan ere gastatu beharko lukete. Diru nahikorik ez balego, beste diru-sail batzuetatik kendu beharko litzateke: herritarrek politikaren lehentasunak finkatzeko indarra dutelako.
Jaurlaritzak 2016rako aurrekontua onartu berri du: 10.933 milioi eurokoa izango da. Jendarte mugimenduek jakinarazi dutenaren arabera, aurrekontu horren %10 (1.000 milioi euro) Europako zorra eta horren interesak ordaintzeko erabiliko da. AHTren lanek 350 milioi euro hartuko dituzte (aurrekontuaren %3,2), eta, Espainiako gastu militarrek (Kupoaren bidez ordainduta), 700 milioi (%6,4). Jendarte larrialdietarako aurrekontua (erabateko txirotasunari aurre egiteko unean uneko laguntza) iazko bera izango da, iaz urtearen lehen bost hilean agortu bazen ere: 23 milioi (aurrekontuaren %0,21).
Aurten gaixotasun arraroez arduratzen diren elkarteei laguntzeko 373.903 euro eman dituzte EiTBko ikusleek. Datuak ikusita, EiTB maratoiak jasotako dirua huskeria da erakundeentzat, eskatzen duen herritarren esfortzua kontuan izanik. Gainera, merkatuaren legea pairatzen du: emozioen arabera diru gutxiago edo gehiago ematen da. Horrela, umeen minbiziaren aurkako 2012ko telemaratoiak 807.680 euro jaso zituen, eta gutxien 2009ko gaixotasun kardiobaskularrek (169.637 euro) edo 2000ko atleta paraolinpikoek (180.000 euro). Gainera, diru kopuru horiei deiak jasotzeko call center enpresaren kostuak kendu behar zaizkio.
Herritarren ongizatea ziurtatzen ez duen jendarteak neurri politikoak exijitu behar ditu:
• «Afectados por fibromialgia y Síndrome de Fatiga Crónica reclaman mayor integración: Afectan a entre 20.000 y 30.000 personas en Bizkaia, en su mayoría mujeres» (“El Correo”, 2015/05/12).
• «Gradu amaierako lan batean, EHUko ikasle gorrek dituzten beharrei erantzun egokia emateko sentsibilizazio premia nabarmendu du Elene Sorazuk» (GARA, 2015/10/31).
Athletic maskulinoko jokalariek 540 euro kobratzen dute orduko, zergetatik garbi. Ia gutxieneko hileko soldata ordubetean, erakundeek lagunduta:
• «Denis Itxaso: ‘La Diputación [de Gipuzkoa] aportará 3,4 millones a la remodelación de Anoeta’» (Diario Vasco, 2015/12/29).
• «Eusko Jaurlaritzak 2,2 milioi eurorekin parte hartuko du San Mames Barria sozietatearen kapital zabalkuntzan» (Europa Press, 2015/12/29).
Jendartea mugitu eta eragiteko gai izan diren lagunen adorea eskertzekoa da, ez dutelako haien ingurukoengatik egiten, jendartean denok leku egokia izan dezagun baizik. Estatuari gure ongizatea dagokiolako. Ez da justua afektatuek zama ekonomiko osoa eramatea. Aurtengoan, historian lehenengoz, Athleticeko jokalariek dagozkien zergak ordaindu dituzte, Europak horrela agindu eta gero. Beraz, aurten Bizkaiko Foru Aldundiak hamar milioi euro gehiago jaso ditu, Athletic taldeko gizonezkoek azkenean ordainduta. Diru hori jendarte larrialdietarako bidera dezaten presio politikoa egingo dugu? •

