Amagoia Mujika Telleria
Entrevista
Iosu Txapartegi «Txapas»
Hezitzailea

«Hezitzaileak, umeari begira dagoen bitartean, gizarteari begira egon behar du»

Urte batzuk dira jubilatu zela, baina hezkuntzaz pentsatzen, irakurtzen eta hausnartzen segitzen du, beretzat hezkuntza ez delako ogibide bat, mundua eraikitzeko tresna bat baizik. Eta garbi dauka nolako mundua eraiki nahi duen.

Liburua mahai gainean jarrita hasi gara hizketan. “Ikastolak 2050” izenburua duen argitalpenak ariketa interesgarria proposatzen du, urte horren bueltan hezkuntzak zer-nolako erronka, zulo, aukera edota arazo izan ditzakeen biltzen saiatu baita Iosu Txapartegi Txapas zarauztarra. Garbi dauka egungo haurrek «erabaki garrantzitsuak» hartu beharko dituztela helduak direnean, eta horretarako prestatu behar dituela eskolak. Garbi dauka ikastolaren egitekoa ez dela hainbeste jakintzak pilatzea, pertsona txiki horiei duin bizitzeko tresnak eskaintzea baizik. Garbi dauzka gauza asko, ez alferrik 30 urte inguru eman ditu Zarauzko ikastolan haurren inguruan eta haurrei begietara begiratzen, ez duelako irakasle izateko beste modurik ezagutzen.

Ikastolak «ikasteko olak» baino gehiago, haurraren garapen orokorraz arduratzen diren zentroak izan behar direla diozu liburuan.

Ez da nire ideia, edadean aurrera doan irakasle bati entzun nion behin eta gustatu egin zitzaidan. Ikastolak ja ez dira ikasteko tokiak, umeak dagoeneko ikastolan baino gehiago eta azkarrago ikasten du ikastolatik kanpo. Orduan, pentsatzen jarri beharko dugu zer izan behar duen ikastolak. Izan daiteke haurra bere osotasunean, bere nortasunean, bere gaitasunetan eta bere buruaren antolaketan osatzen joateko tokia. Formazio etiko sendoa ere eskaini beharko du seguruena. Izan ere, haurrak sendotasun bat beharrezkoa izango du, datorren gizakiak erabaki oso gogorrak hartu beharko dituelako. Eta ikastolak horretarako prestatu behar ditu etorkizuneko helduak.

Etengabe presente daukazu haurrak etorkizuneko helduak direla eta beren hezkuntza osotasunean landu behar dela, gorputz eta bihotz.

Ikastoletan eta eskoletan garbi islatzen da eraiki dugun gizartea. Nagusi batek zertarako behar du langile bat? Beretzat lana egiteko. Langilea interesatzen zaio, ez pertsona. Gaur egunean gizartea horrela dago jarrita eta asko kostatzen zaigu parean duguna bere osotasunean ikustea. Irakasle askok ere ikasleak ikusten dituzte, ez dituzte pertsonak ikusten.

Uste dut oraingoz salbatzen den bakarra gurasoen eta haurren artekoa dela. Gurasoek, orokorrean, ez dute haurra ‘zerbaitetarako’ ikusten. Pertsona oso bat ikusten dute eta pertsona oso hori aurrera ateratzea nahi dute.

Baina, gainontzean, eta sistema ekonomikoa sustraitu denetik, hau edo bestea interesatzen zaigu horretarako edo hartarako. Eskoletan antzekoa gertatzen da maiz; nik irakatsi egin behar diot eta berak ikasi. Planteamendu horrekin ez gara ari haurrak etorkizunerako prestatzen. Gainera, haurra bizitzarako prestatzen ari bazara ezin diozu bakarrik haurrari begiratu, inguruari ere begiratu behar diozu. Eta gaur egun ingurua esaten dugunean, munduaz ari gara.

Horiek ere kritikatzen dituzu liburuan, inguruan gertatzen ari denaz informaziorik ez duten irakasleak.

Ez dut ulertzen etxetik ikastolara eta ikastolatik etxera bizi den irakasle bat; egunkaririk irakurtzen ez duena, irratirik entzuten ez duena, inguruan gertatzen denaz interesik ez duena... Nola lagunduko dio irakasle horrek haurrari mundu honetarako prestatzen berak ez baldin badaki mundu hau nola eta nora doan? Zein hezitzaile klase izango da? Hori da nire kezka.

Haurrari ez ezik, inguruari begira dagoen hezitzaile mota defendatzen duzu, beraz.

Zalantzarik gabe. Gizartea oso azkar eta etengabe aldatzen ari da. Haurrak ez dira aldatzen, ezta gizakiak ere. Funtsean eta mamian maitatzeko eta pentsatzeko sistemak, memoriaren joan-etorriak... horiek berdintsu mantentzen dira. Baina gizakiak egiten dituen gauzak aldatzen dira.

Marxismoak erakutsi zuenez, unean-unean gailentzen den sistema politikoak, ekonomikoak eta sozialak eragin zuzena dauka gizakiarengan eta horietara moldatzen da etengabe.

Ez da berdina lanean dagoen pertsona bat eta langabezian dagoen beste bat. Egoeraz aldatzen badituzu, bati lana kendu eta besteari eman, aldatu egingo dira. Ez dira aldatzen pertsona bezala, baina egoera berrira moldatzen dira eta gauza desberdinak egiten dituzte.

Eta, seguruena, gizarte sistema orekatuago batean pertsona hobeak bezala azalduko gara, nahiz eta badugun ahalmena oso gaiztoak izateko. Eta alderantziz, bizi dugun egoeraren arabera oso gaiztoak izan gaitezke, nahiz eta oso onak izateko gaitasuna izan.

Pentsa ikuskera horretatik zein lan egin dezakeen hezitzaileak.

Horregatik da garrantzitsua hezitzailea ez egotea bakarrik umeari begira. Umeari begira dagoen bitartean, gizarteari begira egon behar du. Irakurtzen ditudan heziketa liburu batzuetan begirada horren falta ikusten dut. Umearen gauza onenak ateratzeko moduak bikain azaltzen dituzte, baina hortik aurrera ez dute inolako hausnarketarik egiten umearen inguruan, umearen gizartean, gertatzen denak daukan pisuaz.

Batek baino gehiagok pentsatuko du ikastolan ikasgaiak irakatsi behar direla eta munduan gertatzen direnak ez direla haurraren arazoak.

Nire ustez, iritzi okerra da. Gai guztiak hitz egin behar dira haurrarekin, adinari ondo lotuta. Baina haurra gai da txiki-txikitatik jakiteko zer dagoen ondo samar eta zer dagoen gaizki samar. Nik proba horiek egiten ditut eta garbi ikusten dut hori. Txikitatik egin behar da lana etorkizunean nortasun sendoko jendea izan dadin, bestela beti indartsuenek irabaziko dute eta ez dugu jakingo nola buelta eman egoera horri.

Liburuan maiz nabarmentzen duzu etorkizuneko masa kritikoa sortzeko behar hori.

Masa kritikoa minoria bat izaten da, eta hala izango da beti. Baina masa kritiko horrek gutxienez galderak egiten ditu, eta galdera horiek mantentzen dute alertan masa akritikoa, zalantzak sortzen dizkiotelako. Gaur garbi dago itsasontzia norabide jakinean doala, baina garrantzitsua da tripulazioan masa kritikoa egotea. Segur aski ez du lortuko itsasontziaren norabidea aldatzea, baina denak alertan mantenduko ditu, eta tentsio hori ezin da galdu.

Otzanak ez diren haurren defentsa egiten duzu liburuan. Maite dituzu ados ez dauden eta protesta egiten duten haurrak.

Une batzuetan desesperatu egiten dute irakaslea, baina horiek dira gizarte baten legamia. Gizarte hau antolatuta dagoen eran –ez dakit nork antolatu zuen baina helburua garbi zuen–, beti sortzen da masa akritiko zabal bat eta, gero, masa kritiko minoritario bat, legamia dena, lehen aipatu dugun bezala. Irakasleak joera dauka otzanak diren haurrekin ondo moldatzeko. Ez dute protestarik egiten, gauzak ondo egiten dituzte... aparte utziko nituzke saiatuak diren haurrak, horiek bestelakoak dira. Baina haur masa handi bat pasatzen da mututasun horretan. Baina gela guztietan daude bereziak diren bizpahiru haur. Horiekin modu berezian jokatu behar da; ez dira beti isilarazi behar, ez dira zigortu behar besteak isilik daudenean haiek hitza hartzen dutelako... landu egin behar da haur horien protesta, desadostasuna, ikuskera. Etorkizunean oso garrantzitsuak izan daitezkeen pertsonak egon daitezke hor.

Gizartean berdina pasatzen da, berezia dena eta mundu ikuskera desberdina duena baztertzeko eta neutralizatzeko joera dago. Ikastolak ezin du horretan erori, kontu handiz jokatu behar du.

Irakasle batek «ez dakit» esatearen garrantzia ere aldarrikatzen duzu.

Gutxitan ikusten da hori. Irakasleak beti ematen du dena dakienaren itxura. Modernismoaren akatsak dira horiek, zeozer garela pentsatzen dugu eta oso gauza sinplea gara denok. Irakasle batek beraren eta umearen artean ataka bat jartzea erridikulu hutsa da. Askotan umeak gehiago daki, gainera. Ohitu behar gara irakasleak «ez dakit» esatera. Galdera «zer da» denean errazago erantzuten dugu, baina galdera «zergatik» denean konplikatu egiten da. Eta batzuetan ez dakigu zergatik. Irakasleak jakin behar du esaten: «ez dakit, ikasiko al dugu elkarrekin?».

Euskararekiko atxikimendu eskasa duten eta beren burua «apolitikotzat» duten irakasleak ere aipatzen dituzu.

Bai. Ari da sortzen irakasle mota bat oso ona dena bere gaietan, oso prestatuta dagoena bere jakintza arloan, baina, adibidez, euskararen kontuan ez dena inplikatzen. Ikasleak gelatik kanpo euskaraz egiten duen edo ez ez zaio batere inporta. Uste dut ikastolei gutxien interesatzen zaien irakasle mota dela hori.

Baina, horren oinarrian beste arazo bat ikusten dut; ikastoletan ikasle mutua onartzen joan gara. Inoiz ez du galderarik egiten eta bere helburu bakarra ikasturtea ahalik ondoen eta inorekin haserretu gabe pasatzea da. Ez gara ari lantzen ikasle horrek bere baitan daukan potentzialtasun osoa. Horrelako ikasleak sortzen baditugu, amorfia horretara ohitzen baditugu, gero horietatik ezin da bestelako jendarte bat eraiki, jendarte mutu bat baino ezin da eraiki. Helburua hiritar mutuak sortzea baldin bada, segi dezagun berdin. Batzuek esaten dute hezkuntza horretarako dagoela, sistemari komeni zaion gizarte klasea diseinatzeko. Nik uste dut horren aurka egin behar dela, utopia bat izango da akaso, baina hori pentsatzen dut.

Liburuan diozu estilo bat eraiki zuen belaunaldi hartako irakaslea zarela.

Gu irakaskuntzan sartu ginen arazo politiko bat zela-eta. Ikusten genuen amaitzen ari zela gure herriaren izaera. Diktadura luze baten ondorio larriak jasaten ari ginen kulturan eta hizkuntzan eta horri buelta eman nahian sartu ginen irakasle belaunaldi oso bat. Gu oso zentratuta egon gara euskararekin eta euskal kulturarekin, eta horien alde lan egiteko espazio bat izan da ikastola.

Proposamen interesgarriak egiten dituzu. Esaterako, zientzialarien ereduari segituz, hiruzpalau irakasle batera gai baten inguruan hizketan aritzea.

Berria da hori, ez da egiten, eta egin beharko litzateke. Kontua erraza da, gai bat proposatu eta hiruzpalau irakaslek horri buruz hitz egitea. Hartara, haurrak baten eta bestearen ikuspuntuak ikusten ditu eta ez dago beti irakasle bakarra entzuten.

Beste proposamen bat: Astean hamabost bat minutu eman haurrari barne gogoetarako.

Barneko gogoeta eta barneko begirada oso garrantzitsuak dira. Horren aldekoa naiz ni, haurrari utzi hamar-hamabost minutu gogoeta egin dezan; izan daiteke gai bat emanda edo gairik gabe, modu librean. Auskalo, akaso pentsatzeko gaitasuna galduta dauka ume horrek. «Zertaz pentsatzen aritu zara?» galdetu eta agian «ez dakit» esango digu. Autoelkarrizketa, norberaren buruarekin hitz egiteko gaitasuna oso garrantzitsua da, hori ezin da galdu.

Bere herrian sustraituta dagoen kontzientzia hiritar unibertsala aipatzen duzu.

Joxe Azurmendi maisu handiaren ideia da hori. Ez dut ikusten unibertsal izateko beste modurik. «Ni unibertsala naiz» esaten dutenek ez naute konbentzitzen. Zure lekuak eman dizun izaera galdu eta unibertsala izatea ez dut ulertzen. Zuretik, zure herritik, zure nortasunetik izan zaitezke unibertsal, nire ustez.

Guk urte txarrak pasatu ditugu, indar handia jarri behar izan dugu gure hizkuntzan eta gure kulturan. Gurea pixka bat sendatuta dagoela –nahiz eta oraindik ez gauden oso sendatuta–, segur aski mundura begiratzeko moduan gaude.

Eta mundura begira jarrita, munduan ematen diren arazo asko gure estiloarekin konpon daitezkeela iruditzen zait. Eta horrek ematen dit poza eta itxaropena. Gure umeak munduan nagusi diren eskema horietan hezten baditugu, gaizki ari gara, ez dutelako ezer berririk proposatuko munduko arazoak konpontzen joateko. Baina guretik eta gure paradigmetatik –herri txikia gara, hizkuntza txikia dugu, arbasoetatik datozkigun balio indartsuak ditugu...– jar gaitezke munduari begira, izan gaitezke unibertsal, eta segur aski gauza oso interesgarriak proposatu ditzakegu. Horretan hezi behar ditugu gure umeak, mundua bizitzeko moduko tokia izan dadin lan egin dezaten.

Haurrei begiratzeko zure moduan beti dago presente etorkizuna; ez duzu sekula ahazten etorkizuneko helduak direla.

Ez da ahaztu behar. Gaur modan dago esatea umea bere oraingotasunean hartu behar dela, umea orain hartu behar dela. Noski umea orain hartu behar dela, baina ez da ahaztu behar etorkizunean heldua izango dela eta munduan erantzukizun bereziak izango dituela. Hezkuntzak bizitzeko tresnak eman behar ditu, bizitza orekatuagoa eta gerrak saihestuko dituena. Horrek esan nahi du injustizia handien kontra egingo duen jendea hezi behar dugula, beti ikuspegi orekatu batekin arituko dena.