Cristina Borboikoa eta Iñaki Urdangarinen birgizarteratzea
Iragan astean Cuatro telebista kate sentsazionalistatik deitu zidaten Noos kasuaren epaiketa hastear dela-eta elkarrizketa bat egiteko. Harrigarria badirudi ere… etxera deitu zuten eta, nire alabaren erreflexu bizien ondorioz, bigarren hitza gurutzatu zutenerako telefonoa nire eskuetan nuen. Politika publikoaren erreflexuak dagoeneko herdoildurik izanagatik ere, zentzuaren zantzu ñimiñoenak bultzatuta ez nuela ezer komentatzekorik bota nien. Uff! Eskegi ondoren, ordea, penetan geratu nintzen… gustura errepikatuko nizkielakoan taberna giroko ohiko birao parrastadak. Baina, hori bai, ustelkeriaz zigortuak izanez gero aldarrikatzen nuela arren bikotea ez dispertsatzeko eta ez urruntzeko. Baina, nago, Estatua jada tematuta egonen dela Cristina eta Iñakiren berehalako birgizarteratzearekin, eta beharrik izanez gero Ajuria Enetik eratorritako neurririk ankerrenak ere aplikatzeko prest. Bekatari lapur borboitarren heziketa zintzoa ezaguna zaigu, aita nagusiak berriki erakutsi moduan: nahi duen guztia egin ondoren, haur-damuarekin barkazioa… Aldiz, Iñakirena? Jatorri eta izen barbarokoa, Sabino Aranaren odolekoa, kilokada harrotasunek lepoa luzatutakoa. Biek ala biek talde arriskutsua osatzen dute. Bonnie & Clyde Taldea.
Birgizarteratzearen espezialistek Erregearen arrebari damuaren entsegua ehunka alditan errepikaraziko zioten dagoeneko, baina, halere, borboitarren artean ardi beltza bihurtzeko arrisku txikiena ere uxatzeko neurri guztiak abian jarriko dituzte. Ez dira fio. Espetxean elkarren hurbil edukiz gero, bikotekidearen atzaparretan legoke, bi aldiz preso… Noos auziaren ebazpena idatzita dago: «Zigorraren helburua birgizarteratzea izanik eta Cristina Borboikoaren heziketa zein aurrekariak aintzat hartuz bere erabakiak askatasunez har ditzan, espresuki debekatzen da taldeko kideak espetxe berean egotea. Zehazki, Urdangarin jaunak zigorra Salto del Negro espetxean bete dezan gomendatzen da». •

