Kontrabandoan zoriona pasa
Mugak aurkitzeak eta ikertzeak badu zerbait kitzikagarria eta beldurgarria. Izan ere, zeinen sakona eta iluna den irudizko marra! Gure barrenean bertan ditugu mugarri batzuk. Ez dakigu ongi nork eta noiz jarri zituen hor. Gure buruak? Bertzeek? Bizitu edo sufritu ditugun esperientziek? Gehien-gehienetan euretaz atzentzen gara, eta hagitz-hagitz gutxitan –ematen duen poz eta indarrarekin sarriago izan beharko litzateke– bota egiten ditugu. Orduan bide berriak zabaltzen zaizkigu eta “zer ote dago bertze aldean?” galderari erantzuteko moduan izaten gara pixkanaka-pixkanaka.
Mugaldeko herriak bitxiak izan ohi dira, jende desberdinaren nahasketaz gain, denon imajinarioetan daudelako mendiak, ibaiak eta zeruak urratzen zituzten kontrabandisten istorioak. Errealak ala kontaketa bakoitzean haziz joandakoak diren, horrek zer axola dio.
Irudika dezakegu baserri zahar bat mugak alderik alde zeharkatzen duena. Alde batean, sukaldea, komuna, logela bat eta behitegia ditu; bertzean, sala, bi logela eta oilategia. «Alaba atzerrian bizi da», azal dezake beratar batek Ibardingo puntan. «A bai? Non?» itaundu eta «Urruñan» erantzunen digu. «Pardon, non gaude hemen, Frantzian ala Espainian?». Erantzunak ez ditu maletategiak Ricard kaxaz eta tabakoz gainezka eramanen dituzten bezeroak aseko, baina sangria edalontziak bete eta bete dabilen zerbitzari gaztea harro geldituko da atera zaizkion hitzekin: «Euskal Herrian!».
Mugarriz mugarri paseatzen, garai batean marra ikusezin hauek gaindiezinak zirela konturatu gara, eta gaur egun oraindik beren zulo sakon eta ilunetan jendea irentsi eta akabatzen ari diren mugez oroitu gara. Buru gainetik pasatzen zaizkigun hegazti migrariei begira gaude, Edu Zelaietaren “Mugaldekoak” liburuko poema baten zati bat ezpainetan: «Kontrabandoan zoriona pasa eta mugalaria izan». •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
