Mapatik at
Errealitate ukaezina: berandu gabiltza. Argi dago Estatuko indarrek hildakoek ez dutela dagokien aitortza instituzionala jaso (hildako horiek gogoratzea zuzenean kriminalizatu ez dutenean). Are gehiago, lege eta barematze korapilatsuen anabasa bihurtu da eztabaida: arazoa kuasi-dialektikoa izatera heldu da, funtsezkoa beharrean. Hierarkizazio garbia ere badago: batetik, indemnizazioa eta erakundeen aitortza jaso duten terrorismoaren biktimak daude; bestetik, indemnizaziorik ez, baina konpentsazioa jaso dutenak (GALek eraildakoen senitartekoak, gaur egun hori ere ukatu nahi dieten arren); beste alde batetik, inoiz inolako aitortzarik jaso ez duten terrorismoaren biktimak daude (GALen atentatu batean eraildakoaren emazte edo seme-alaba zaurituak, esaterako). Hortik aurrerako sailkapenak, ordea, lausoagoak dira, baina jarraitu egiten du kontuak, hala ere: “kontraterrorismo ez-zilegiaren” biktimak daude (biktima bera da gertatu zaionaren arrazoi eta jatorria, nahiz eta pairatutakoa zilegi izan ez); edo aitortza jaso arren, kalte-ordainik jaso ez duten biktimak.
Nahas-mahasa hori guztia nahikoa ez eta orain biktima mota berriak sortzen dira, ahaleginak kontrako norabidean jarriz, beraz. Memoriaren Mapa sortu dute, sailkapen ulertezinetan sakontzera bideratutako gobernu ekintza. Badaude bertan baino ez dauden biktima batzuk (hau da, beste inon agertzen ez direnak). Bukatzeko, inon ere agertzen ez diren biktimak daude, ezta Memoriaren Mapa horretan ere. Azken horiei buruz ariko naiz, izen-abizenak dituzten biktimak direlako, haiek ere aitortza behar dutelako –ez memoria, ez baititugu ahaztu–: Aiastui, Ojeda, Xenki, Murgi, Zeberio… eta beste hainbat.
Mapa honek ez du inor mindu nahi baina gure herriak duen errealitate eta iragan mingarriarekin, zaila dirudi egitasmoa arrakastatsua izatea. Lortu dute, bai, bi bandotako biktimak izatetik, ekuazio aritmetikoaren itxura hartzen ari den sailkapen batera igarotzea.
Estatu askok baliatu dute “hiltzera tiro egitearen” politika aski ezaguna terrorismoaren aurkako borrokan, baita gaur egun ere. Gurea ez da salbuespena. Baina ez da bidezkoa giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea edota nazioarteko zuzenbide humanitarioa aitzakia gisa jartzea gauzak egin beharko liratekeen moduan ez egiteko. Aitzitik, tresna horiek gaiok bideratzen laguntzeko sortu ziren, aitortzarako eta erreparaziorako baliabideak eskaintzeko, eta ez kontrakoa egiteko. Nazioarteak kezka larria agertu du estatuetako segurtasun indarren krimenen kasuetan. Nazio Batuen Erakundeak aditu edo esatari berezia ere jarri du exekuzio sumario, arbitrario eta epaiketaz kanpokoetarako. Horrez gain, Nazio Batuen Asanblada Orokorrak garrantzi handia eman dio kontu-emateari, horrelako gaien inpunitatearekin amaitzeko tresna gisa, eta adierazi du horrelako erailketek larriki bortxatzen dituztela giza eskubideen nazioarteko arauak.
Nazioarteko legedia zertarako erabili
Baina zer dira, bada, exekuzio sumarioak? Ez dago zalantzarako tarte handirik: Estatuko agenteek eraildako biktima zibilei dagokienez, kasu guztietan hartuko dira exekuzioa sumariotzat. Militanteen kasuan (combatients, nazioarteko hizkeran), exekuzioa sumarioa izan dela joko da baldin eta militanteak zaurituta egonda, errenditu eta gero, harrapatuak izateko erraztasunak eman ostean edota arriskutsuak ez direnean (armarik ez dutelako, jarraipena egiten dietelako eta armak erabili gabe atxilotu ditzaketelako…) hiltzen badituzte. Edozelan ere, indarraren proportzionaltasun printzipioa nagusitu beharko litzateke; indarkeria erabiltzea saihestu ahal bazen, hala egin behar zen. Bestela, epaiketaz kanpoko exekuzio baten aurrean egongo gara, zuzen-zuzenean. Esatariek diotenez, horrelakoak gizateriaren aurkako krimenak izan daitezke eta, beraz, ez dute preskribatzen.
Nazio Batuez gain, Estrasburgoko Auzitegiak berak zigorra ezarri zion Estatu ingelesari, “McCann vs. Erresuma Batua auzian”; IRAko kide batzuei Gibraltarrera sartzen utzi zieten, bertan lehergailuak jarriko zituztela susmoa izanda ere, eta, atxilotu ordez (hainbat aukera izan bazituzten ere), erail egin zituzten.
Bilbotarra naizen aldetik, burura datozkit Jose Miguel Bustinza eta Gaizka Gaztelumendi, 1997an erailak Bilboko Laguntasun kalean. Tiroz josita akabatu zituzten, auto batean sartzera zihoazela. Aspaldi ari omen zitzaizkien zelatan, eta bazegoen aukera haiek atxilotu eta epailearen aurrera eramateko. Lekukoek egiaztatu zutenez militanteek ez zuten tiro egin. Memoriaren Mapan, ordea, haien arrastorik ez.
Memoria kolektiboa eraikitzeaz ari gara. Horretarako borondatea badago, egin egingo dugu; ez badago, hala esan beharko genuke, argi eta garbi, nazioarteko legeetan ezkutatzen ibili ordez. Izan ere, legeria horiek lagundu egingo ligukete errelato kolektibo osatuagoa zirriborratzen, gure gertuko iraganaren parte bat ezkutatu edo kanpo utziko ez lukeen mapa bat egiten. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
