Unai Fernandez de Betoño - @UnaiFdB
Arkitektoa

Polarizazioa Nafarroan

Hiriak lurraldean zehar barreiatu zaizkigu azken hamarkadotan. Aspaldi, «harresirik gabeko hiria ez da hiria» (J. F. Sobry, 1776) bezalako esaldiek bazuten zentzurik, baina, aspaldiotan, inoiz baino lausoagoak dira hiri-mugak. Hiriaren eta landaren arteko dikotomia klasikoak jada ez du zentzurik, dagoeneko ez delako existitzen landa garbi-garbia.

Arrazoi nagusia hipermugikortasun eredu berrian datza: gaur egun, garraio azpiegiturak dira hirigintzaren ardatz. Axola zaiguna denbora delako, ez hainbeste espazioa. Hala, gaitasun handiko errepide eta trenbideek, zulo beltzen moduan, gune funtziobakarren ezartze zipriztindua erakartzen dute: etxetxoen urbanizazio autistak, industrialdeak, parke teknologikoak, saltokitzarrak… Dena tokitan, baina irisgarri, azkar samar. Oro har autoaren bidez, eta, etorkizunean, akaso, baita abiadura handiko trenaren bidez ere.

Fenomenoari “polarizazioa” deitu diote Kataluniako hirigileek, Antonio Font UPCko irakasleak, besteak beste. Polarizatzea ez baita soilik norako ezberdinetan orientatzea; beste adiera batean, metaketaren sinonimo ere bada. Eta, XIX. mendean tren geltokiek erakarpen-poloen moduan funtzionatu zuten bezalaxe, orduko zabalgune burgesak baldintzatuz, egungo errepide handiek lurralde polarizazioa eragiten dute, suburbanizazio barreiatua sakonduz. Polarizazioaren adibide garbia da Nafarroan ikusten ari garena, oraindik gauzatu gabeko hiru proiektu handirekin argitu daitekeena.

Garai hobeen esperoan dagoen Gendulain hiri berria egiteko proiektua da handiena. 18.400 etxebizitza eraiki nahi baitira Asterain, Galar eta Muru-Asterain udalerrien artean dagoen 410 hektareako zona batean, jada eraikitako A-12 autobideak ia erditik zeharkatzen duena, ez kasualitatez. Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2010ean Udalerriz Gaindiko Plan Sektoriala (UGPS) baliogabetu ondoren, 2014ko abenduan «zuzenduta» onetsi zen, eta, beraz, ezin esan ahaztuta dagoenik, Euskal Herriko hirigintza astakerien gailurra izatera hel daitekeen polarizazioaren produktu nabarmenena.

Eskala txikiagoan, Galarko Cordovillan eraikiko omen duten 20.000 metro koadroko Ikea saltokiaren proiektua dago, La Morea merkataritza-zentro erraldoia duela hamahiru urte ezartzen hasi zen leku bertsuan: A-15 autobidearen eta Iruñeko hegoaldetik aireportura doan PA-31 errepidearen ondoan. Eta, ez da huskeria, Gendulain bezala, Iruñeko udalerriaren jurisdikziotik at. Polarizazioa hirigunearekiko parasitismoaz baliatzen baita.

Baztango Lekarozen eraiki nahi duten Aroztegia plan eztabaidatuak ere (228 etxe, golf zelaia, hotela…), ezberdina izan arren, baditu polarizazioaren zantzuak. Polarizazio alderantzikatua, hobeto esanda, ahalmen handiko errepidea oraindik ez dagoelako (erabat) eraikia. Baina pazientzia hartu. Iruñea eta Behobia arteko N-121-A zabaltzen ez badute, autobide berri bat eraikiko dute lehenago edo beranduago. Nafarroako lurraldea antolatzeko helburuetako bat Eurohiriarekiko lotura azkarra baita. Eta Pirinioez gaindiko 2x2 autobideak porrot egin zuenez, pentsatzekoa da Behobiarako lotura indartu nahi izango dutela. Ez da asmakizuna: 2011ko Nafarroa Atlantikoko Lurraldea Antolatzeko Planean bazegoen eskualdez gaindiko komunikazio bide hori indartzeko asmoa. Eta, Lekarozetik bertatik pasa ez arren, xede kezkagarria bazekarren ondoko Oronoz-Mugairi eta Doneztebe arteko lurretarako: komertzio-korridore bat osatzekoa, «komunikazio onak probestuz».

Aroztegiarekin lotuta, merezi du 2007ko Vianako UGPSrekin gertatutakoa aztertzea, antzekotasunak badirelako: 1.500 etxe eta golf zelaia, A-13 autobidearen ondoan. Kasu interesgarria, ez soilik plana iraungi delako, baizik eta Nafarroa Bai proiektuaren aurka zegoelako (Turi Gonzalez jelkideak «pelotazotzat» jo zuen). Zer gertatzen da Baztanen, beraz? •