Ander Izagirre - @anderiza
Kazetaria

Altxorraren bila Islandian

Berrogei urte lehenago, Islandiako sumendi batean kristalezko poto bat ezkutatu zuen Agustin Egurrolak. Halaxe kontatu zigun gutun batean, eta gutunarekin mapa bat ere jaso genuen, Agustinek berak eskuz marraztutakoa: irlako glaziarrak, mendikateak, sumendiak, errekak, bideak. Maparen albo batean, Myvatn lakuaren ingurua zehaztasun gehiagoz ageri zen. Lakuaren ertz batetik, Reykjhalid izeneko hoteletik, marra eten bat ateratzen zen Hlidarfjell sumendiaren tontorreraino. Kaligrafia landuko ohar bat ere irakur zitekeen: “Nik harripilo (cairn) bateren goi aldean, beste harri batzukin estalita, mendi honen tontorrean, kristalezko poto baten utzi nuen neure mezua, 1968ko abuztuan”. Altxorraren mapa hartu eta Islandiara abiatu ginen Josu Iztueta eta biok.

Agustin Egurrola etxebarritarra Sheffielden (Ingalaterran) bizi zen. Erretiroa hartu zuenean, kontinente guztiak oinez eta bizikletaz zeharkatu zituen, Antartika salbu –hotzegia omen–. Azken bidaia 74 urterekin osatu zuen, Adriatikotik Baltikora oinez. Giharrak, birikak eta, batez ere, bihotza zeuzkan motortzat, bakardadea maite zuen, isiltasuna, kanpin-dendaren soiltasuna. Estreinatu gabeko mundu bat goizero deskubritzen duenaren pozarekin ekiten zion bideari, eta gauero bere koaderno txikian idazten zituen jardunaldiko kontuak; gero, bidaiaren amaieran, mekanografiatu, fotokopiatu, koadernatu eta lagunei opari gisa bidaltzen ziena.

Baltikora oinez iritsi eta hilabete gutxira, 2009ko otsailean, minbizi batek eraman zuen Agustin. Hil baino aste batzuk lehenago, Islandiako altxorraren mapa bidali zigun, hara joateko asmoa geneukala bazekielako.

Berrogei urte igarota, Islandia ez zen Agustinek ezagutu zuen irla bera, etengabe borborrean, kraskatzen, lehertzen eta eraldatzen ari den lurralde bolkanikoa baita. Egungo zenbait mendi eta uhartetxo, mapetan tinko ageri direnak, oraindik ere azaleratzen ari ziren Agustin handik ibili zenean. Artean ez zuten burutu irlari itzulia ematen dion Ring Road errepide famatua ere. Hori bai: Hlidarfjell sumendia hantxe zegoen eta hantxe dago.

Piramide beltz bat da Hlidarfjell, 711 metrokoa, Myvatn lakuaren ondoan altxatzen dena. Ordu pare bat behar izan genituen Josuk eta biok, magma gogortutako maldan gora, gailurra zapaltzeko. Ikusmira zorabiagarria zabaldu zitzaigun, paisaia estralurtarra: laba zelai arrakalatu eta elurtuak, kono bolkanikoak, krater lehertuak, urmaelak irakiten, fumarolak… Baina Agustinek marraztutako harri piloaren arrastorik ez tontorrean.

Harriak batera eta bestera mugitzen aritu ginen, berrogei urte lehenagoko mezuarekin ametsetan. Zer idatzi ote zuen?

Hogei minutu igaro genituen gailurra alferrik arakatzen. Azkenean mokadu bat jatera eseri ginen. Ekaitz batek harri piloa aspaldi bota zuela pentsatu genuen, haizeak potoa mendian behera eraman zuela… ala agian gugandik metro erdira egongo zela, edozein arrokaren azpian. Etsita, topikoen kontsolamenduan jausi ginen: Agustinek utzi nahi zigun benetako altxorra tontorretik ikusten zen panorama izango zen, benetan garrantzia duena bidea da eta ez helburua, eta antzeko memelokeriak. Orduan Slawomir Mrozek idazle poloniarraren ipuin labur bat etorri zitzaidan gogora, “Altxorraren uhartea” izenekoa.

Narratzailea eta Gucio bere kidea hamabost urtez ibili dira “Morgan kapitainaren altxor ospetsua” bilatzen, abenturaz abentura. Azkenean heldu dira altxorra lurperatuta omen dagoen irlara, mapan markatutako puntuan lurra zulatzen hasi dira eta kutxa zahar bat aurkitu dute. Zabaldu eta ohar bat besterik ez zaie agertu: “Eman iezadazue musu bat ipurdian! Morgan”.

Orduan Guciok esaten du: «Helburua ez da inoiz garrantzitsuena. Benetan balio duena helburua lortzeko ahalegina da, ez helburua bera». Eta narratzaileak: «Gucio hil nuen eta etxera itzuli nintzen. Alegietako irakaspenak atsegin ditut, baina neurrian». •

www.anderiza.com