Deskonexioa
Bati baino gehiagori entzun diot katalanek azkenaldion darabilten “deskonexio” terminoa atsegin zaiola esaten. Hitza sinpatikoa bada, baina ez dut uste errealitatea adierazteko guztiz egokia denik.
Giza harremanen arloan, orain hamar bat urte, Bauman eta maitasun likidoaren teorikoak izan ziren terminoa erabiltzen lehenak. Ziotenez, gaur egungo maitasun harremanak likidoak dira, arinak eta batez ere laburrak. Bikoteen ordez sareak daude. Zu konektatu egiten zara eta, gaizki badoakizu, zure bikoteak aspertzen bazaitu, deskonektatu egiten zara. Harreman desatsegina oximoron bat da. Desatsegina bada, konexioa itzaltzen duzu eta kito. Eta deskonexioak, noski, parekidetasuna suposatzen du.
Kataluniak abiatu duen prozesua, ondorioz, ez dut uste deskonexioa izan daitekeenik, izatekotan ere dibortzio gordin eta gogor bat izango da, XIX. mendeko eleberri bat idazteko modukoa seguruenik.
Gauza hauek esateak lotsa pixka bat ematen du, gutako inork ez baitaki zer arraio gertatuko den Katalunian, baina mundu guztia prozesuari buruzko aditu bilakatu den honetan jarrai dezagun politika fikzioa egiten: el procrés deituaren hitz giltzarria, beraz, ez da deskonexioa izango, desobedientzia baizik, une batetik aurrera agintari, funtzionario eta herritarrek hasi beharko baitute epaitegietatik datozkien aginduei iskin egiten.
Eta aski da. Zein gorrotagarria den beste herrialde baten jardun politikoari buruzko tonu hau, garai batean Espainiako zutabegileek Euskal Herriaz erabiltzen zutena. Nik ez daukat katalanei erakusteko ezer, mirespena ez bada. El procrés delakoa gure belaunaldiak (gerra ondokoak esan nahi dut) ezagutu duen gertakari politikorik garrantzitsuena dela iruditzen zait. Inbestidura egunean Parlamentuaren atarian bildu zirenen artean bi euskaldun agertu ziren ETBko kameren aurrean harro asko, eta nik ere han egon behar nuela sentitu nuen.
Oso gaztea nintzela gogoan dut gramatika bat erosi nuela katalana ikasteko asmoarekin. Orain alfertuegia nago gramatika batekin hasteko, baina katalan telebistara joaten naiz tarteka eta gaztelaniaren pare ulertzen ote dudan nago batzuetan.
Arestik esaten zuen euskaldun izaera ukatzen bazioten berak galego izan nahi zuela. Nik, kasu horretan, Europako iparraldeko herriak aipatzen nituen oraindainokoan. Iritziz aldatzeko ordua iritsi zaidala uste dut eta euskaldun ez izatekotan katalana izan nahi nuke. Badago sedukzioaren arte bat, literaturan asko landu dena eta politikan euskal alderdi batzuek erabili dutena. Badago, ordea, zailagoa den arte bat: deskonexioaren artea da eta horretan katalanak gidari ditugu. •


