Isidro Esnaola

Gakoa burujabetza ekonomikoa da

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak bilera izan zuen pasa den asteburuan Vienan. Gaien artean, Irango programa atomikoaren jarraipena zegoen. Azkenean, Iran bere konpromisoak betetzen ari dela onartu zuen agentziak, herrialdearen aurkako zigor ekonomikoak altxatzeko erabakia hartuz. Bai nazioarteko komunitateak bai Iranek berak oso positiboki baloratu dute deliberamendua. Bi aldeek gatazkak konpontzeko bide diplomatikoak erabiltzea ere goraipatu dute.

Iranek urteak daramatza zigor ekonomikoak pairatzen. Denbora luze horretan ez ditu nazioartean merkataritza harreman libreak izan: zenbait produkturen salmenta eta beste hainbat erostea debekatuta izan du herrialdeak. Egoera horrek ondorioak izan ditu herritarren bizitzetan, baita Estatuaren garapenean ere. Egun, Iranek defizit handia du azpiegituren esparruan. Baina ez soilik. Garraio tresneria, adibidez, zaharkituta gelditu zaio. Negozio esparru zabala irekitzen zaie orain eraikuntza enpresei, tren industriari, hegazkingintza enpresei edota itsas industriari. Bestalde, Iranek energia esparruan petrolio eta gas erreserba handiak ditu eta horiek esplotatzeko tresneria beharko du. Horrez gain, persiar Estatuak energia elektrikoa inportatzen du. Energia atomikoarekin gabezia hori bete nahi izan zuen. Orain, aldiz, ziurrenik energia berriztagarrietan arreta jarriko du eta horiek erabiltzeko inbertsioak egin beharko ditu. Beraz, negozio esparru zabalak irekitzen dira. Horixe izan da Mohammad Agha Nahavandian Irango presidentearen kabinete buruak Davosko forora eraman duen mezua.

Horiek horrela, egoera berria ezagutu bezain pronto negozio aukerak proposatu eta balizko irabazien inguruko kontuak ateratzen hasi dira mundu osoko gobernuak eta enpresak. Maisuak dira horretan Gasteizko Gobernuko ordezkariak. Igandean bertan Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko kontseilariak adierazpen batzuk egin zituen eskaera bat luzatuz; nori zuzentzen zitzaion oso argi gelditu ez bazen ere: «segurtasun juridikoa» eskatu zuen. Egia da Euskal Herriko makina-erreminta sektoreko hainbat enpresak arazoak izan dituztela. Espainiako Kanpo Merkataritzako Estatu Idazkaritzak baimena ematen zien makinak Irani saltzeko, eta, gero, atzetik, Guardia Zibilak ikerketak irekitzen zituen makina horiek «erabilpen bikoitza» izan zezaketelako, hau da, erabilpen zibila eta erabilpen militarra.

Gure herrian horren inguruan badugu nahiko eskarmenturik. Deba ibaiaren arroan, esate baterako, enpresa askok armak egiten zituzten garai batean. Merkatu hori gainbeheran etorri zenean, irtenbide bat bilatu behar izan zuten. Su armen osagarri nagusienetako bat hodiak dira. Eta hodiekin zer egin daiteke? Txirringak. Eta horrela armagintzako enpresa asko txirringak egiten hasi ziren. Erabilpen bikoitzari buruz eztabaidatzeak ez du zentzu handirik. Hodiak erabiltzen dira armak egiteko, gas-hodiak eraikitzeko, txirringak osatzeko, eta abar. Makina batek erabilpen anitzak izan ditzake. Horrek nabarmen uzten du zigor eta blokeo ekonomikoak erabat zentzugabeak direla. Alde batetik, kalte izugarriak sor ditzaketelako, batez ere, herritarrengan, eta, beste aldetik, askotan, ezin dutelako bilatzen duten helburua lortu; azken finean, makina berdinak era askotako gauzak egiteko balio duelako.

Baldintza horien inguruan segurtasun juridikoaz hitz egiteak ez du zentzu handirik, ez bada, behintzat, atentzioa desbideratzeko. Gai honetan arazoa beste bat da: Euskal Herriko enpresek ez dute atzean estatu bat nazioarteko harreman ekonomikoetan laguntza eta babesa emateko. EAJ poz-pozik dabil kontzertu ekonomikoarekin –batez ere, bere lagunek zergak ordaintzen ez dituztelako–, baina hori ez da hemengo ekonomiak eta bertako enpresek behar dutena. Jarduera ekonomikoa antolatzeko, babesteko, sustatzeko eta nazioarteko merkatuan aritzeko estatu bat izatea ezinbestekoa da. Hori lortzeko, burujabetza ekonomikoa eskuratzea da gakoa.