«Hasteko sakatu edozein tekla»


Gero esateko moduan hemen ez dela ezer aldatzen inoiz. Dena, eta denok, etenik gabeko mudantzan gabiltzanean. Asko dira esandakoa frogatzeko eman genitzakeen adibideak, baina, karaktereen diktadura arau, horietako esanguratsuenak aukeratu ditugu okasiorako.
Lehenak Britainia Handiko Solihull herriko lantegiraino garamatza. Aurten utziko baitiote bertan, umetako abestiari esker, hain gure bihurtu genuen Land Rover edo “ranroberra” fabrikatzeari. Merkatua irauli zuen lehen 4x4 ibilgailuak ezin izan du egungo baldintzetara behar bezala egokitu eta, ondorioz, 68 urteren buruan, autoaren produkzioa bertan behera utziko dute ingelesek.
Ez da, haatik, azkenaldian merkatura egokitzeko zailtasunak izan dituen bakarra. Orain dela 160 urte sortu zen Tolosako Elosegi txapel enpresa ezagunak, salmentak areagotzeko helburuz, “betiko euskal txapela” gaurkotzeko saiakera egin baitu berriki. Hala, euskal txapelari bisera itxura emango diote aurrerantzean, tradizioaren ikur den txortena mantenduz, noski, orain artekoarekin uzkur ageri ziren gazteak, epe motzera, “bohemioa eta modernoa” uztartzen dituen berria janztera animatuko direlakoan.
222 urterekin Euskal Herriko gorputz polizial zaharrena diren miñoiek ere ezin izan diote tentazioari eutsi, eta, hain berezi egiten zituen kaki koloreko uniformea betiko eskegiko dute aurki. Ertzainen trajearen antzeko batekin ikusi ahal izango ditugu hemendik gutxira, Arabako errepideetan zehar modeloak bailiran desfilatzen.
Gauza guztiek dutelako bere iraungitze data. Baita “Goenkale” telesailak ere. Pentsa, 25 urte eta gero, finitu zaizkigu arraldetarren gorabeherak. Eta are sinesgaitzagoa dena, “Goenkale” berarenak egin ostean, “The Simpsons” telesaila ere uztekotan direla zabaldu da medioetan. Domino efektuak ez du inor erruki. Agur Arralde! Bye bye Springfield! Sayonara Mas!
Eta aurrekoekin nahikoa ez balitz, urtea hastearekin bat, Patxi Lopez parlamentuko presidente izango dela iragartzen digute Madrildik. Zentzu horretan, ez dakit baikorregia izateko moduko albistea den. Niri, behinik behin, Lopezen aurpegia ikusten dudan bakoitzean, Basagoitik Homer Simpsonekin parekatuz egin zituen adierazpenak etortzen baitzaizkit gogora. Eta bereziki, Homer ordenagailuaren aurrean eseri eta pantailan “Hasteko sakatu edozein tekla” esaldia irakurri ondoren, desesperatuta, “edozein” jartzen duen teklaren bila hasten den eszena ahaztezin hori. Saiatuta ere saihestu ezin dudan zerbait da.
Patxi Lopezek eta Homerrek bakarrik ez, David Bowie berak ere bazekien zer edo zer denboraz eta aldaketez 1972an “Changes” abestia argitaratu zuenerako: «(…) denbora etor daiteke ni aldatzera, baina nik ezin dut denbora aurkitu (…)». Edo Heraclitok, bide beretik, mende batzuk lehenago, baieztatu zuenean inork ezin duela bainatu bi aldiz erreka berean, bigarrenez sartzean errekako ura ez delako bera izango, eta, erreka bera ere ez, ondorioz. Aldatu den zerbaiti, azken batean, ezin diogulako lehen bezala deitu. Azken hori ez dakit oso argi geratu zaidan, baina pasatzen utziko dugu gaurkoz.
Gaur-gaurkoz argi daukadan gauza bakarra zera baita: batzuentzat Jesukristo gurutzera –lapurren artean– igo zenean hasten dela historia. Beste batzuentzat, aldiz, Leninek –euskal txapela kenduz– “Botere osoa sovieterako” deiadar egin zuenean Finlandiako geltokian. Xabier Montoiarentzat, David Bowiek ilea moztu zuen egunean bertan. Niretzat “Goenkale”-ko Maria Luisa hil zen arratsalde hartan. Hori baitu denborak bere joanean, harrapaezina dela. Baita itxura aldaketak hain gustuko zituen Bowierentzat ere, agidanez.
Gauzak horrela, leihotik txantxangorriari begira geratzea da aukeretako bat. Bestea, garabi batean igota errekan behera hiltzeko beldurrez zihoala Homerrek erruki eske botatako hura: «Normalean ez dut otoitz egiten, baina, hor bazaude, otoi, erdu ni salbatzera Superman!». •
