Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasiko kidea

Zein hezigune aukeratu?

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezigune gehienak aztoratuta dabiltza azken egunotan. Izan ere, urtarrilaren 25ean hasi zen matrikulazio kanpaina eta horretan arituko dira buru-belarri otsailaren 5era bitarte. Matrikulazioaren ekuatorean daude, hortaz. Nafarroan, berriz, otsailaren 15etik 19ra bitartean egingo dute kanpaina. Eta, geroago, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako heziguneetan izango da.

Deigarria da azken urteetan kanpaina horrek izan duen ibilbidea. Gero eta antz handiagoa hartzen ari da hauteskunde kanpainekin. Eta ez soilik biek iraupen bera dutelako, edo hautagai guztiek asko jokatzen dutelako. Antza hartzen ari dira, baita ere, egiteko moduengatik. Horregatik, ez harritu, egunotan, hedabideetan, kaleetako hormetan eta etxeko postontzian herriko heziguneei buruzko informazioa eta propaganda –dena esate aldera–, topatzen badituzu. Sare bakoitzak egiten du bere eskaintza eta zenbait herritan baita hezigune bakoitzak ere.

Pentsatzekoa da familientzat ez dela erabaki erraza izango seme-alaba zein hezigunera eraman hautatzea. Azken finean, hori da umearen eskola-ibilbide luzea marrazten hasteko lehen arrastoa, zero puntua. Baina hain erabakigarria izan daiteke umearen garapen integralean, haren inguru sozioafektiboan, harremanetan...

Seguruenik izango dira ikerketak jendeak hezigune bat edo bestea aukeratzeko zein irizpide erabiltzen dituen ikusteko. Interesgarria litzateke ezagutzea zein ote diren erabaki horien logikak, arrazoiak edota motibazioak.

Gehienok uste dezakegu gehientsuenek aldez aurretik garbi dutela zein hezigunetan eman behar duten beren neska-mutilaren izena. Ez dutela argibide eta azalpen handien beharrik, alegia. Beste batzuek, berriz, argi izango duten moduan nora ez dituzten eramango.

Nago, ordea, urtetik urtera gehiago direla heziguneetara zehaztasunen bila hurbiltzen diren familiak, eta, iragarritakoaz gain, hezigune horietan egunerokoan zer gertatzen den galdetu nahi dutenak: hezigunearen Hezkuntza Proiektua ezagutu nahi dute; jakin, adibidez, heziguneak nola planteatzen duen egokitzapena, irakurketa-idazketaren prozesua; zer egingo duen bere haurrak bizitzaren zati handi bat bilakatuko den eskola denboran; nola beteko diren hezitzaileen ordezkapenak; ikastaldeak nahastuko ote dituzten; zein tratamendu izango duten hizkuntzek; harremana nolakoa izango den familiekin... Beren begiekin ikusi nahi dute nolakoa den bazkalduko duten jantokia, ikasgelak, zein gainerako zerbitzu eskainiko dituen ikastetxeak eta abar.

Tradizioz, inertziaz, erosotasunez, poltsikoari begira, kalean hezigune horri buruz entzun edo ingurukoek erabaki dutenarengatik, izan daiteke ideologiaz ere (erlijiosoa edo politikoa), edo hezigune horrek eskaintzen dituen instalazioengatik... Non ote da gakoa? Batek daki! Zenbat buru hainbat aburu, kasu honetan ere.

Heziguneak herritarrengandik urrun daudela sumatzen da sarri. Orokorrean, gainera, jendeak gutxi daki hezkuntzaz. Urtean behin, matrikulazioaren bueltan bada ere, ona, aberatsa eta beharrezkoa da jendeak bere erabakia hartu aurretik benetan zer-non egiten den jakitea, edo jakiteko irrika izatea, bederen. Izan ditzakeen aurreiritziak alboratzeko, erabakia kontzienteki hartzeko, edo aurretik pentsatutakoa indar handiagoz eta konbentzimendu sendoagoz berresteko bada ere.

Oxala, sareen gainetik, jendeak gutxienez bere erabakia hartzeko funtsezko irizpide zenbait kontuan izatea: ikasle euskaldun eleaniztunak helburu, Euskal Herriaren lurraldea aintzakotzat hartu eta euskaraz egiteaz gain euskaraz bizi den hezigunea lehenestea. Oinarrizko baldintza horiek bermatuko dituen edozein hautu beharrezkoa litzateke Euskal Herriaren eta heziguneetako ateetan sartzeko zain ditugun neska-mutiko horien etorkizunerako. •